Gutxiengoan sinatutako akordioak, lan harremanak desblokeatzeko

Gehiengo sindikala alde batera utzi, eta eraginkortasun mugatuko hitzarmenak bilatuko dituzte Confebaskek, CCOOk eta UGTk. Datorren legealdian elkarrizketa soziala instituzionalizatuko dute

Roberto Larrañaga (Confebask), Arantza Tapia, Angel Toña eta Cristina Uriarte sailburuak (Jaurlaritza), Unai Sordo (CCOO) eta Raul Arza (UGT), atzo, Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA / ARGAZKI PRESS.
Iker Aranburu.
2016ko uztailaren 23a
00:00
Entzun
Hemeretzi hilabeteko lozorroaren ondoren lortu du bere lehen akordio esanguratsua EAEko Elkarrizketa Sozialerako Mahaiak. Esanguratsua bezain polemikoa, lan harremanetan gehiengo sindikala alde batera uzteko sistema baten aldeko apustua egin duelako. Negoziazio kolektiboa blokeatuta dagoela argudiatuta, eraginkortasun mugatuko akordioak hedatzea adostu dute mahaiaren inguruan esertzen direnek, hots, Eusko Jaurlaritzak, Confebask patronalak, eta CCOO eta UGT sindikatuek.

Eraginkortasun mugatuko akordioak dira sektore edo enpresa batean gehiengora iristen ez diren sindikatuekin sinatutakoak. Hasieran, sinatu duten sindikatuetako kideei soilik ezartzen zaizkie, baina beste langileek aukera dute besteek adostutako baldintzak eskatzeko. Sindikatu abertzaleen haserrea handia da, haien sinadurarik gabeko itunak ugaltzeko aukera ikusten baitute.

Akordioaren sinatzaileek negoziazio kolektiboaren desblokeatzea lortu nahi dutela aldarrikatu dute. Espainiako Gobernuaren azken lan erreformaren ondoren «blokeo» hitza baita egokiena lan munduaren egoera deskribatzeko. Lan Harremanen Kontseiluko azken datuen arabera, maiatzean Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 159.723 lagunek zuten lan hitzarmena eguneratuta, lan baldintzak itunen bidez araututa dituztenen %29,1 baizik ez. Beste 287.867 langilek berritzeko dute hitzarmena (%52,4); are okerrago daude beste 101.757 (%18,5) lagun, haien hitzarmenak desagertu baitira.

Lan harremanak patronalaren eta sindikatuen artean hitzartu behar direla jasotzen du Elkarrizketa Sozialeko Mahaiak atzo onartutako agiriak, «globalizatutako inguru berri, konplexu eta bereziki teknologikora etengabe egokitzen den mekanismo erabilgarria» delako. Aukeran, aplikazio orokorreko hitzarmenak hobesten dituztela diote CCOOk, UGTk eta Confebaskek, hots, langile guztiei legez aplikatzen zaizkienak. Gehiengoa duten esparruetan horrelako hitzarmenak sinatu dituztela gogorarazi dute patronalek eta sindikatu estatalistek. Baina gehiengorik ez duten sektoreetan —gehienak, ELAren eta LABen artean Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hamar langiletik sei ordezkari baitituzte— akordio orokorrak «ezinezko» direla ikusita, «interesgarria da» eraginkortasun mugatuko hitzarmenak sinatzea. Eusko Jaurlaritzak ere bere aletxoa jarriko du, akordioak ezagutaraziko baititu gordailuan sartuta.

Elkarrizketa Sozialeko Mahaiak dio negoziaziorako euskal esparrua babestu egin nahi duela, eta Espainian erabakitakoaren gainetik lehenetsiko duela. Azkenaldian lan harremanen estatalizazio bat gertatzen ari dela salatu dute ELAk eta LABek, baina baitaJaurlaritzak eta Lan Harremanen Kontseiluak ere. Aurten erregistratu diren hitzarmen apurren heren bat baino gehiago Espainian sinatutakoak dira, 127tik 46 alegia. EAEko esparruari lehentasuna eman nahian, «Egiturazko Sektoreen arteko Akordio bat» egin nahi dutela diote sinatzaileek.

Negoziazio esparrua hemen geratzea ez ezik, «sakon berritu eta eraldatu» nahi dute, «enplegu eraginkorra eta kalitatezkoa bultzatzeko, eta enpresek lehiatzeko duten ahalmena sendotzeko». Helburu hori lortu ahal izateko,«negoziazioei eustea eta irtenbideak bilatzea» da bidea.

Organo iraunkor bat

Elkarrizketa Sozialaren Mahaia indartzeko ados azaldu dira Jaurlaritza, Confebask, CCOO eta UGT, bere iraupen bera kolokan izan delako. Batetik, hanka motz jaio zen 2014ko abenduan, ELAk eta LABek uko egin ziotelako parte hartzeari. Erabaki garrantzitsuak beste esparru batzuetan hartzen zirela eta patronala zuritzeko organoa dela aldarrikatu zuten. Bestetik, parte hartzaileek beraiek ere adierazi dituzte zalantzak; duela urtebete mahaitik altxatu zen Unai Sordo Euskadiko CCOOko idazkari nagusia, hitzartutako apurra ere indarrean jarri ez zela salatuta.

Zalantza horiek uxatu nahian, gizarte elkarrizketa instituzionalizatu nahi dute mahaiaren inguruan esertzen direnek. Datorren legealdian «esparru juridiko espezifiko bat» ezartzen saiatuko dira Jaurlaritza eta Legebiltzarra. Organo iraunkor bat sortuko dute, eta han jorratuko dituzte enplegu politika aktiboak, lan osasunari buruzkoak edo lanbide heziketari dagozkionak ere.

Kritikak elkarri

Akordioa baloratzeko orduan, haren partaide ez direnetara bideratu dira sinatzaileen hitzak. Angel Toña Enplegu sailburuak baztertu egin du sindikatu abertzaleen kritika: «Maltzurkeria iruditzen zait esatea gutxiengo baten akordioak gehiengo bati inposatzen zaizkiola. [Eragin mugatuko akordioak] ez die, inolaz ere eragingo akordioarekin bat egin ez duten ELAko eta LABeko afiliatuei». Sinatutakoaren alde egin du Toñak, «ulertu dugulako horrela hobeto babestuko ditugula gaur egun hitzarmena ez duten langileak».

Sinatu behar zena ikusita, sailburuaren dimisioa eskatu zuten joan den astean Adolfo Muñozek eta Ainhoa Etxaidek. Dei horri eutsi zion atzo Etxaideren sindikatuak. «Larria [da], euskal langileon eskubideak erasotzen jarraitzeko adierazi duen determinazioa. Confebasken eredu ekonomiko eta sozial berbera babesten du, prekaritatean sakondu eta garapen ekonomikoa kaltetzea dakarren eredua». Agiri baten bidez, «ELAk eta LABek ordezkatzen dituzten milaka langileei mespretxu» egitea egotzi die sinatzaileei, «zer eta inoiz ordezkaritza neurtu gabeko patronalaren mesedetan». LABek uste du du demokraziaren aurkako erasoa dela: «EAJren gobernuak ontzat emango al luke Gasteizko Legebiltzarrean gutxiengoak onartutako legeak aurrera erama- tea?». CCOOrentzat eta UGTrentzat ere hitz gogorrak izan ditu LABek: «Aspaldi dira patronalaren morroi […] Tamalez, prekaritatea hedatzen laguntzeko aliatu paregabeak bilakatu dira».

ELAk ez zuen atzo akordioa baloratu, baina aurreko egunotan argi utzi du bere haserrea. «Kontuz ibili zidor antidemokratikoekin», ohartarazi zion astelehenean Jaurlaritzari. «Zer pentsatuko luke Andoni Ortuzarrek, esango baliote EAJko 27 legebiltzarkideek ez dutela balio? Zer esango luke UPDk egingo balitu EAEko aurrekontuak? Bada, hori egiten ari da gurekin».

Kritikak alde bikoak izan dira. Unai Sordo CCOOko idazkari nagusiak ELAren eta LABen jarrera oztopatzaileari egotzi dio eraginkortasun mugatuko akordioetara jo behar izatea: «Euskal esparruko itun kolektiboen etorkizuna bermatzen duen akordiorik ez dago, sindikatu batzuek blokeatu egiten dutelako».

Elkarrizketa soziala instituzionalizatzeko akordioa txalotu du Sordok, eta hala egin du Raul Arza UGT-Euskadiko idazkari nagusiak ere. Arzak nabarmendu duenez, «akordioak lehentasuna ematen dio euskal esparruari Espainiakoaren gainetik, eta, hari esker, 390.000 langileren baldintzak eguneratu ahal izango dira».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.