Gutxienez beste bi urteko krisi baterako prestatzen ari dira euskal enpresariak

Merkataritza ganberen inkestak islatu du ziurgabetasunak gora egin duela enpresetan. Familien konfiantza inoizko apalena da

Uste baino luzeago joko du koronabirusaren krisiaren atal ekonomikoak, enpresarien ustez. BERRIA.
xabier martin
2020ko abenduaren 18a
00:00
Entzun
Hilabete ugari joan dira euskal enpresariak ohartu zirenetik koronabirusaren eragina uste baino askoz ere handiagoa izango zela beren jardueretan, eta orain barneratzen ari dira krisiak uste baino luzeago joko duela. Arabako, Bizkaiko eta Gipuz koako merkataritza ganberek enpresarien konfiantzari buruz egindako inkestak islatu du enpresaburuak gutxienez bi urteko krisi baterako prestatzen ari direla. Alegia, uste dutela 2021. urtean suspertze urtea izan daitekeela, baina sarritan esan dena baino apalagoa izan daitekeela suspertze hori.

Izan ere, bigarren olatuaren larritasunak areagotu egin du enpresarien kezka. Erdiek baino gehiagok (%55,6) uste dute bi urtez luzatuko dela krisia, bi urtez behintzat. Azaroaren 18tik 30era, 2.081 enpresariren artean egindako inkestaren emaitza jakinarazi zuten atzo ganberek, eta emaitza horrek oso behean kokatzen du enpresarien konfiantza pandemiaren irtenbideari dagokionez.

Bigarren olatuaren larritasunak eta horrek eragin dituen neurri murriztaileek iritzi aldaketa nabarmena ekarri dute enpresetara; duela sei hilabete, enpresariek aurreikuspen baikorragoa helarazi zuten. Orain, ilunago ikusten dute etorkizun hurbila. %44k uste dute 2020ko negozio maila txarra edo oso txarra izango dela; ehunekoa %25era jaisten da 2021. urteaz galdetzean.

Bada beste datu kezkagarri bat euskal ekonomiarentzat: enpresa esportatzaileen %67k diote COVID-19aren krisiak kalte handia egiten diela beren salmentei.

Dena den, salmenten nazioartekotzean kokatzen dute soluziorik eraginkorrena. %65ek diote orain beren helburua dela merkatuen azterketa zorrotzagoa egitea salmentak handitu ahal izateko.

Beste giltzarrietako bat inbertsioa da; inbertitzea garrantzitsutzat jotzen duten arren, uste dute inbertsio gutxi egongo dela datozen bi urteetan. %20k esan dute ez dutela inbertsiorik egingo, gerrikoa estutu behar dutelako, eta %51k gutxienekoa baizik ez dutela inbertituko.

Jokalekua horren kezkagarria izanik, eta txertoen eraginkortasunaren eboluzioaren zain, Jose Angel Corres ganberen presidenteak apustu argia egin du «kolaborazio publiko pribatuaren alde enpresentzat». COVID-19ak jotako enpresa txikientzat eta ertainentzat, baita autonomoentzat ere, errezeta bera nahi du. Alegia, laguntza publiko handiagoak nahi ditu enpresentzat, finantzaketa alorrean esaterako, eta zergak arintzea ere bai.

Familien konfiantza, behera

Enpresak bakarrik ez, familiak ere oso kezkaturik daude egoerarekin, eta Laboral Kutxaren arabera, 2008-2013 aldiko mailan kokatu da konfiantza 2020ko laugarren hiruhilekoan. Urte hasieratik urte bukaerara 32 puntuko jaitsiera islatu du indizeak. Urtarrilean, -1ekoa zen familien konfiantza adierazten duen indizea, eta orain -33koa da.

2008an ere ez zen gertatu horren gainbehera handia. Orduan, 22 puntukoa izan zen amiltzea, eta orain, 32koa izan da. Bost urtez konfiantza hazi ondoren iritsi da eten bortitza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.