Ostalaritzak urteak daramatza goraldi betean Gipuzkoan, baina urte horietatik gehienak itundutako lan hitzarmenik gabe egin dituzte sektoreko langileek. 2012. urtean iraungi zen sektoreko azken hitzarmena, eta ELAk horren ondorioak azaldu ditu: batetik, itun hura zuten beharginek %10eko galera pilatu dute erosteko ahalmenean. Eta, bestetik, 2013az geroztik egindako kontratazio askotan langileentzako babes oinarri bakarra Langileen Estatutua da orain; horrek esan nahi du gero eta gehiago direla lanbide arteko gutxieneko soldata (900 euro inguru) duten beharginak; baita azken lan erreformak baimentzen duen 1.800 orduko urteko lanaldia dutenak ere.
«Hori al da politikariek eta enpresaburuek Gipuzkoarentzat nahi duten eredu turistikoa? Hori al da garapenean eta jasangarritasunean oinarritutako euren turismo eredua? Gutxieneko soldatarena? Lanaldi amaigabeena?», egin zuen galdera atzo, ELAko Ane Alberdik, Mari Luz Rodriguezekin batera, sindikatuak Gipuzkoako ostalaritzan abiatuko duen kanpainaren berri ematean.
Turismo lehiakor, arduratsu eta jasangarria bultzatzeagatik Munduko Turismoaren erakundeak Donostiari emandako saria jasotzean Eneko Goia alkateak esandakoak ere aipagai izan zituzten ELAko ordezkariek. «Pertsonak turismo ereduaren erdigunean jartzen dituen ereduaz hitz zuen, urte osoan hirian bizi diren donostiarrak zaindu nahi dituela. Baina zein donostiarrez hitz egiten du?».
«Oihaneko legea»
Ostalaritzako beharginak Gipuzkoan batik bat tabernetan, jatetxeetan, diskoteketan eta arlo publikotik at janari zerbitzuak ematen dituzten kolektibitateetan jarduten dira. 13.800 langile inguru daude alta emanda, eta horietatik 8.000 inguru emakumeak dira. Ezin jakin, ordea, zenbat pertsona ari diren lanean ostalaritzan kontraturik gabe.
ELAk ostalaritzako beharginek nozitzen dituzten lan baldintza eskasak ikusarazi nahi ditu: lanaldi amaigabeak, kontratu partzialak, egutegirik gabeko lanaldiak, aparteko orduen kontrol falta... Kontraturik eta kotizaziorik gabeko langileak ere ez dira gutxi. «Oihaneko legea da nagusi Gipuzkoako ostalaritzan», deitoratu du Alberdik.
Sindikatuaren ustez, iritsi da ostalaritzako lan baldintzak hobetzeko garaia, eta negoziazio horrek azkarra izan behar du. Etenaldi luze baten ostean, berriz ere irekita dago Gipuzkoan hitzarmena berritzeko negoziazio mahaia. Baina badirudi gauzak geldo doazela; otsailean osatu zen mahaia, geroztik bost bilera egin dituzte —uztailean azkena—, eta oraingoz patronalak, Gipuzkoako Ostalaritza Elkarteak, ez du irailerako hitzordurik eskaini.
Gutxieneko soldataren turismo eredua salatuko du ELAk Gipuzkoan
Gipuzkoako ostalaritzan zabalik dago negoziazio mahaia, eta ELAk kanpaina bat abiatu du beharginen lan baldintza eskasak ikusarazteko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu