Hego Euskal Herrirako gutxieneko soldata propio bat lortzeko jorratuko duten bidea aurkeztu dute ELA, LAB, ESK, Steilas eta Etxalde sindikatuek. Bi ekinbide izango dira: gutxieneko soldata propio baten aldeko HEL herri ekinaldi legegilea, eta hori jasoko duen lanbide arteko akordio proposamen bat. Sindikatuen iritziz, gutxieneko soldata propioaren alde egitea «burujabetza ariketa» da: «Frogatuta dago jendearen bizimoduak hobera egiten duela tresnak gure esku daudenean», esan du ELAren idazkari nagusi Mitxel Lakuntzak. Antzera mintzatu da LABeko koordinatzaile nagusi Igor Arroyo: «Guk ez dugu ulertzen burujabetza edo autogobernua, langileontzat funtsezkoak diren gaien inguruan erabakitzeko ahalmenik ez badugu».
Arroyok gogora ekarri du urtarrilaren 30ean bost urte beteko direla 2020ko greba orokorra egin zutenetik. Mobilizazio hura «oso arrakastatsua» izan zen, eta zenbait helburu lortzeko balio izan zuen; adibidez, bertoko lan hitzarmenen lehentasuna berrezartzea, edo pentsiodunen eros ahalmena murrizten zuten PPren gobernuaren neurriak indargabetzea. Hala ere, Hego Euskal Herrirako «gutxieneko pentsio eta soldata duinen aldeko aldarrian» ez da aurrerapauso nabarmenik izan, eta orain berriro ekitea erabaki dute pentsiodunen mugimenduak eta sindikatuek, «xede horiek bururaino eramateko baldintzak» daudelakoan.
«Frogatuta dago jendearen bizimoduak hobera egiten duela tresnak gure esku daudenean»
MITXEL LAKUNTZA ELAren idazkari nagusia
Pentsiodunen mugimenduak proposatutako herri ekinaldi legegileari babesa adierazteaz gain, sindikatuek jorratuko duten bidea aurkeztu du Arroyok. Esan duenez, bi proposamenak «elkarren osagarriak» dira: patronalarekin gutxieneko soldata baten inguruko akordio bat sinatzeak indarra emango lioke eskumen hori Hego Euskal Herriko instituzioen esku uzteko aldarriari, eta, halaber, eskumena eskualdatzea proposatzen duen herri ekinbide legegilea onartzeak «presioa» areagotuko luke patronalaren gainean.
Onura langile guztientzat
Arroyoren esanetan, «gutxieneko soldata duin bat» ezartzeak mesede egingo lieke «baldintzarik prekarioenetan» aritzen diren langileei, eta emakumeek eta langile migratu eta arrazializatuek pairatzen dituzten arrakalak txikitzea ekarriko luke, baina, aldi berean, «langile klase osoari» ekarriko lioke onura: «Gutxieneko soldata erreferentzia da lan hitzarmenen negoziazioetan, eta muga jarriko lieke prekaritatea areagotzeko patronalaren etengabeko asmoei».
Sindikatuek negoziaziorako deia egin diote patronalari, eta bilerak antolatu dituzte. Confebaskekin, bilera otsailaren 6an izango da, eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako enpresaburuen elkarteak iragarri du hara joango dela. CEN Nafarroako Enpresaburuen Konfederazioari, berriz, otsailaren 11n Iruñean elkartzeko gonbita egin diote, baina oraindik ez du erantzun.
«Gutxieneko soldata erreferentzia da lan hitzarmenen negoziazioetan, eta muga jarriko lieke prekaritatea areagotzeko patronalaren etengabeko asmoei»
IGOR ARROYO LABeko koordinatzaile nagusia
Edonola ere, sindikatuen ordezkariek nabarmendu dute ez dela nahikoa bileretara joatea «kortesia erakustaldi bat» egitera, eta «fede onez, negoziatzeko borondatez eta proposamenekin» agertzeko eskatu dio Arroyok patronalari.
Bestelako interpelazioak ere egin dituzte sindikatuek. Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari «ekidistantzia alboratzeko» eskatu diete, eta «presioa» egin diezaiotela patronalari lanbide arteko akordio bat lortzeko bidean: «Gure eskabidea legezkoa da, egingarria, beharrezkoa eta zilegizkoa. Eta horren alde mobilizatzeko prest gaude».
Are gehiago: Arroyok gogorarazi du gobernuak enplegatzaile ere badirela, eta haien ardurapean dauden langileei ere «gutxieneko soldata duina bermatzeko» eskatu die. Lakuntza bat etorri da eskaera horrekin, eta erantsi administrazioen jokabidea ez dela «eredugarria» alor horretan: «Hezkuntza arloan eta Osakidetzan, Jaurlaritzak 15 urtez izan du blokeatuta hitzarmena lortzeko aukera. Gutxieneko soldata duinaren aferan ez dira ezeren eredu».
Aberastasuna banatu
Lakuntzak esan du aberastasuna banatzea «funtsezko aldarria» dela klase sindikatuentzat, eta gutxieneko soldata bat ezartzea badela horretarako bidea: «Gutxieneko soldata ezinbesteko tresna da pobrezia gutxitu, soldata arrakala eta prekaritatea amaitu, eta kohesio soziala indartzeko».
ELAren ordezkariaren ustez, Espainian ezarrita dagoen gutxieneko soldatak bi arazo ditu: «Alde batetik, ez da nahikoa eta ez digu balio, ez baita egokitzen Hego Euskal Herriko errealitate sozioekonomikora; eta, beste aldetik, inposizio bat da, Madrilek ezarria, eta berriro ere erakusten du zentralizazioak pobrezia eta prekaritatea baino ez diela ekartzen euskal langileei».
Lakuntzak nabarmendu du sindikatuak «abiapuntu desberdinetatik» iritsi direla oraingo planteamenduetara, eta «ahalegin bat» egin dutela gutxieneko soldataren alde elkarrekin aritzeko: «Ez da inongo sekretua ELAk eta LABek desberdintasunak ditugula, adibidez, gutxieneko soldata horrek izan beharko lukeen zenbatekoan. Baina akordio batera iristeko esfortzua egin dugu, eta jarrera desberdinak ditugun arloetan ere, etorkizunean ados jartzeko borondatea badugu».
Lakuntzak zehaztu du herri ekinaldi legegilearen asmoa dela Espainiako Langileen Estatutuaren artikulu bat aldatzea, eta, horrela, ateak zabaltzea gutxieneko soldataren afera autonomia erkidegoen esku geratzeko aukerari. Iragarri du martxoaren hasieran ekingo diotela sinadurak batzeko prozesuari, eta lau bat hilabete iraungo duela.