Hamabost urte zituela sartu zen Nafarroako UGTn Lorenzo Rios (Berriozar, 1971), eta ia bizitza osoa darama sindikatuari loturik. Azken urteetan Industria Federazioko idazkari izan ondotik, idazkari nagusiaren lema hartzea egokitu zaio: otsailaren 28an egindako kongresuan ordezkarien botoen %52 lortuta. «Pozgarria da langileen interesen alde lan egitea».
Otsailaren 28ko kongresuan hautagai bakarra zinen, baina botoen %52 lortu zenituen. Uste duzu lortu duzula kontsentsuzko hautagai izatea, ala konfiantza irabazi beharko duzu?
Hiru federazioen babesa zuen hautagaia nintzen. Kongresuan proposatu zidaten zuzendaritza aldatzea. Hurrengo lau urteetarako estrategiari lotu natzaio, eta horretarako zuzendaritza talde hoberena osatu dut. Oso argi dut: federazioekin hitz egingo duen idazkari nagusi bat izango naiz, eta jendeak dioena entzun nahi dut. Proiektu sendoa dugu, eta, baturik egonez gero, kanpora begira areagotu egin dezakegu.
Jesus Santos aurreko idazkariaren ildotik joko duzu, ala aldaketak egingo dituzu?
Langileengana gerturatu nahi dugu, kontuan izanik langileen %98 enpresa txiki eta ertainetan daudela. Antolatzeko eta parte hartzeko moduak berritu nahi ditugu, eta komunikatzeko moduak aldatu. XXI. mendera egokitutako sindikatu bat izan nahi dugu.
Hor gabezia bat duzuela uste duzu?
Bai. Sindikatuak enpresa txiki eta ertainetara heldu behar du, administrazio publikora, zerbitzuetara…
CEN patronala UGTren kongresuan izan zen. Nola daude bien arteko harremanak?
Kontzeptualki, uste dugu ekintzaileak egon behar direla eta langileak ere egon behar direla, soldata duin batekin. Binomio hori banaezina da. Enpresarik gabe, ez legoke produkturik, produkturik gabe ez legoke kontsumitzailerik, eta sistema osoa eroriko litzateke. Enpresaren mundua ondare sozial bat da, eta elkarrizketa soziala funtsezkoa da gizarte moderno batean. Sindikatuek gure interesen alde egiten dugu borroka, eta enpresaburuek ere bai. Guk fede ona defenditzen dugu. XIX. mendearen amaieran, gure erakundearen sortzaileek fede ona eskatzen zieten enpresaburuei, langileak esplotatzen zituztelako. Ulertzen dugu sistema honen barruan langileak eta enpresaburuak egon behar direla, eta elkarrizketa sozialaren bidez oreka bilatzen dugu: aberastasuna birbanatu ahal izatea.
«Komunikatzeko moduak aldatu nahi ditugu. XXI. mendera egokitutako sindikatu bat izan nahi dugu»
ELAk eta LABek otsailean bi bileratara deitu zintuzteten gutxieneko soldata propioaz eztabaidatzeko. EAEn ere beste mahai bat osatu da, eta UGT joango da. Zergatik han bai eta Nafarroan ez?
UGTn, auziak diren bezala kontatzearen aldekoak gara. Ez dut esaten egia osoa dugunik. Erkidegoek ez dute eskumenik gutxieneko soldata ezartzeko. Herrialdeak [Espainiak] ezartzen du. Langileei ez diegu itxaropen faltsurik piztu nahi. Itxaropena dugu noizbait Europako Batasunean gutxieneko soldata bateratu bat egongo dela, baina hori oso urrun dago. Jaso genuen proposamenak aipatzen zuen sektore bakoitzerako gutxieneko soldata bat izatea. Gogoan hartu behar da duela urte batzuk [PPren] lan erreformak enpresa arloko itunetan gutxieneko muga hautsi zuela, eta 2018an 14.000 euroko muga jarri genuela. Sektore arteko mahaian, hortik gora gaude orain, eta uste dut ELAk eta LABek eztabaidaren ontzi hori galdu egin dutela. Gu jada ari gara gai horri buruz hitz egiten.
Nahiz eta eskumena ez izan, Hego Euskal Herrian beste egoera sozioekonomiko bat dago, eta ez al da egokia gutxienez horri buruz eztabaidatzea?
Auzia ez da eztabaida. Planteatutako helburua ez da bideragarria, ez da posible, eta etsipena sortuko du. Guk negoziazio kolektiboaren bidez lan egiten dugu sektoreka soldatak garatuz joan daitezen. Diskurtsoetatik harago, modurik hoberena da konpromisoa azaltzea sektore eta enpresa itunetako negoziazioekin.
Badira, baina, negoziazio kolektibotik kanpo geratzen diren langileak…
Bai, eta horregatik saiatzen ari gara negoziazio kolektiboaren babesa zabaltzen. Ez dadila sektore bakar bat kanpoan geratu. Guk nahi dugu gutxieneko soldata igotzea herrialde honetako langile guztientzat.

2025etik 2028ra arteko enplegu plana hitzartu duzue (552 milioi eurokoa) CEN, CCOO eta Nafarroako Gobernuarekin. Aurrekoa zenbateraino bete da?
Ez dut aukera izan zehatz-mehatz begiratzeko. Akordio bat da, eta inbertsio handi bat egiten da. Uste dugu enplegu planak malgua izan behar duela. Uste dugu garrantzitsua dela paradigma aldaketaren aurrean dinamikoak izatea. Epe motzeko neurri antiziklikoak luzarorako beste batzuekin partekatu behar dira.
Nafarroak lan istripu asko ditu. Zergatik?
Inbertsio publikoa apaldu egin delako. Duela hamabost-hogei urte askoz ere diru gehiago jartzen zen, lurraldeko lan arriskuen prebentzioen ordezkarien bidez. Sektoreetan espezializatzen ziren. Eraikuntzan, adibidez, etorkin gehiago daude, eta azpikontrata ugari. Ausartak izan behar dugu, eta zenbait diskurtso ez erabili. Une batean, Nafarroako Gobernuak inbertsio hori murriztu egin zuen, eta, harrezkero, ez da hainbeste zaintzen zer egiten duten enpresa txiki eta ertainek prebentzio arloan. Enpresek ere jakin behar dute administrazioa begira dagoela ea lan arriskuen legea betetzen ote den. Hautsok ekarri dituzte lohiak.
Esan nahi duzu diskurtso horien ondorioz izan dela?
Esan nahi dut inbertsio publikoa murriztu egin zela lurraldekako lan arriskuen prebentziorako delegatuekin. Erkidegorik hoberena ginen, eta orain okerrenak gara. Faktore askok eragin dute. Gobernuak apustu egin behar luke sektore publikoak lan ikuskaritza indartu dezan, eta exijitu prebentzio planak bete daitezela.
«Prebentzioan, inbertsio publikoa apaldu egin da. Duela hamabost-hogei urte, askoz ere diru gehiago jartzen zen»
Eta zein da enpresen erantzukizuna?
Erabatekoa.
ELAk salatzen du enplegu planak erakunde sinatzaileak finantzatzeko izan ohi direla.
ELAk ere parte hartzen du lan arriskuen prebentziorako delegatuaren planean.
Esan nahi dut enplegu plana osorik, orokorrean…
Erabat gezurra da. Ematen du ELAren diskurtsoa epe motzean geratzen dela eta gezurra dela. Epai bidez oso argi geratu da ELAk egin dituen salaketa horiek ez dutela oinarririk.
BSHren itxiera atzeraezina da?
Enpresa batek ez badu inbertitzen… Argi dago etorkizuneko produktuak egiteko inbertitu egin behar dela. BSHk ez du inbertitu Ezkirotzen. Nahiago izan du balio erantsiko hozkailuak Turkian eta Polonian egin. Nahita erabili dute estrategia hori. Sustatu egin behar da industriaren inbertsioa, enpresek enplegua sor dezaten, baina ez badituzte egonkortasun baldintzak betetzen, itzuli behar lukete diru hori.
Eta hori Industria legeak jaso behar luke?
Espainiaren industriaren lege proiektuak jada jasoa du diru publikoa jasotzen duten enpresek konpromisoa izatea enpleguari eusteko. Orain horren osagarri den Nafarroako lege aurreproiektua aztertzen ari gara. Inportantea da lege bat egotea Espainian eta Nafarroan, eta Europan araudi esparru bat egon dadila industria babesteko.
Deslokalizazioetan, behartu egin behar litzateke jasotako dirua itzultzera?
Enpresek zergadunen dirutik laguntza jaso badute, enpleguari eusteko konpromisoa hartu behar dute.
Zer gertatzen ari da Nafarroako industrian?
Industriaren arazoa Europa mailakoa da. Alemania Europaren traktorea zen. Gas energia merkea zuen, eta Txinara esportatzen zuen. Orain hori aldatu egin da. Siderurgian, adibidez, altzairuaren produkzioan talde handi ugari daude, eta energia merkeagoko herrialdeetara joaten ari dira, eta horrek eragina du Espainiako eta Nafarroako industrian. Nafarroako industriak mehatxuak ditu, eta aukerak. Ez da posible Europari dagozkion arazo batzuk erkidego bateko gobernu bati botatzea. Subiranotasun estrategikoari uko eginez joan gara, Europaren mesedetan. Energia arloan, kasurako. Egoera konplexuan gaude, eta sektore estrategikoak ditugu. Gure ustez, elikagai industria hazi egingo da, eta gero sektore berriak daude. Enplegua sortzeko orduan, bioteknologiak erreleboa har dezake.
Automozioan inbertsio handiak egiten ari dira, baina egoera orokorrak eragin dezake?
Faktore asko eragiten ari dira. Ekoizpen bolumena murriztu egingo da, baina gure herrialdeak indargune bat du: energia eta lan kostu merkeagoak ditu Europako beste herrialde batzuen aldean. Nafarroak lankidetza eredu bat garatu dugu ekosistema horretan. Nik balioa eman nahi nioke gauza bati: sindikatuek, negoziatzen dugunean, multinazionalek hemen inbertitzeari jartzen diogu arreta. Gure sindikatuko ordezkariek orokorrean pentsatzen dute, eta tokian-tokian eragiten dute, luzera begira pentsatuz, produktua eta inbertsioa bilatuz. Autogintzan, elkarrizketa sozialaren eredua funtsezkoa da sektore hori haz dadin.