Gutxieneko soldata propioa eta pentsio duinak eskatuko ditu LABek Maiatzaren Lehenean

Zazpi manifestaziotara deitu du, eta, iaz bezala, Baionakoa beste sindikatuekin batera egingo du.

Maider Jauregi LABen komunikazio arduraduna eta Igor Arroyo koordinatzaile orokorra. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Maider Jauregi LABen komunikazio arduraduna eta Igor Arroyo koordinatzaile orokorra. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2025eko apirilaren 8a
13:30
Entzun 00:00:0000:00:00

Maiatzaren Lehenean, LAB sindikatuak mezu argi bat bidali nahi die erakunde publiko eta patronalei: «Izan enpresa arteko akordio baten bidez edo izan herri ekinaldi legegileak bultzaturiko lege baten bidez, ez dugu etsiko gutxieneko soldata propio eta duina ezarri arte». Horrela azaldu du Igor Arroyok aurtengo mobilizazioetan izango duten aldarri nagusiaren mamia. Hori eta pentsio duinena, bi aldarriak uztartuko baitituzte Euskal Herrian antolatu dituzten zazpi manifestazioetan.

Hego Euskal Herrirako gutxieneko soldata propioaren eztabaida da urte sindikalaren ardatza, eta, espero zen bezala, LABek haren inguruan antolatu du Maiatzaren Lehena. ELAk ere aldarri nagusi berari eutsiko dio. LABek, baina, pentsio duinena gehituko dio, baita lelo luzean ere: Patronala, esplotatzailea. Langileen alde. Soldata eta pentsio duinak. prekaritatearen aurka, hemen erabaki.

«Pradales lehendakariarekin formak aldatu dira, baina besterik ez. Ez dugu ikusten sakoneko neurriak egiteko asmorik»

IGOR ARROYOLABeko koordinatzaile orokorra

Izan ere, bi eskaerak aldarrikapen bera direla uste du LABek: «Zenbat eta burujabetza maila handiagoa izan, eskubide gehiago aldarrikatu daitezke. Eta egun badago nahikoa baliabide beste eredu ekonomiko bat martxan jartzeko». Arroyok, baina, ez du borondaterik ikusten erakundeengan: «Pradales lehendakariarekin formak aldatu dira, baina besterik ez. Ez dugu ikusten sakoneko neurriak egiteko asmorik».

Uste hori azaltzeko bi eredu eman ditu: batetik, zerga erreforma «murritza», enpresen eta kapitalaren irabaziak gehiago zergapetu ez dituena; eta, bestetik, Osakidetza aldatzeko osasun mahaia, «politika pribatizatzaileei» eusten diena. Horrez gain, gainera, sindikatuak uste du ez Eusko Jaurlaritzak ez Nafarroako Gobernuak ez dutela nahikoa egiten patronalak gutxieneko soldata propioa negoziatzera behartzeko.

Nahi horretan sakondu nahi dutela onartu du Arroyok: «Jaurlaritzak baditu baliabideak Confebask esertzera behartzeko. Onura publiko asko jasotzen ditu: diru laguntza zuzenak, onura fiskalak, aitortza publikoak... Horiek guztiak baldintzapean jarri beharko lituzke. Patronalak bizkarroi baten gisa jokatzen du, gizartearentzat mesedegarriak diren eskariak blokeatuz».

LAB JOANGO DA INDUSTRIAREN DEFENTSARAKO MAHAIRA

Eusko Jaurlaritzak industriaren defentsarako mahaiaren bigarren bilera egingo du bihar, eta, aurreneko deialdian egin ez bezala, sindikatuak deitu ditu. LABek agertuko dela aurreratu du, «aste batetik bestera deituriko mahaietan» fede gutxi duen arren. Bertan benetako industria politika baten beharra defendatuko du, armagintzatik urrun, bere ustez armagintzaren alde egitea «etxekalte» jardutea baita. Sindikatuaren ustez, industria politika on batek hiru ezaugarri izan behar ditu: planifikatua izan behar du, esku hartze publikoa eduki, eta baita langileen parte hartzea ere.

LAB-EK MAIATZAREN LEHENERAKO DEITUtako MANIFESTAZIOAK

  • Bilbo. 12:30ean, Zabalburutik. 
  • Donostia. 12:00etan, Easo plazatik.
  • Gasteiz. 12:00etan, Bilbo plazatik.
  • Iruñea. 12:00etan, Gazteluko plazatik.
  • Tutera (Nafarroa). 12:30ean, Foruen plazatik.
  • Baiona. 11:00etan, tren geltokitik.
  • Maule. 11:00etan, Kurutze Xuritik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.