Imanol Magro Eizmendi.

Gutxieneko soldata propioa izatea da autogobernua

2025eko urtarrilaren 12a
05:00
Entzun

Hego Euskal Herrirako gutxieneko soldata propioa ezartzeko aukera izango da urte soziopolitikoko eztabaidagai handietako bat. Urtarrila hasi baino ez da egin, eta LABek eta ELAk dagoeneko jakinarazi dute tinko eutsiko diotela bandera horri. Azken urteetako ezinikusian su eten txiki bat egitea adostu dute elkarrekin presio egin eta eskaera horren bidea urratzeko. Alegia, sindikatu subiranistek uste dute egiteko modukoa dela, eta elkarrekin ariko dira presio egiteko.

Eusko Jaurlaritzak ere oniritzia eman dio eskaerari, hitzez bai behintzat. Mikel Torres lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak aste honetan esan du prest dagoela bere esku dagoen guztia egiteko eskaera horri bide emango dion lanbide arteko akordio bat lor dadin. CCOOk eta UGTk ere interesgarritzat jo dute proposamena. CCOO prest agertu da gaia jorratzeko mahai batera deitzeko,  eta UGTk antzeko neurri baten alde egin du Katalunian.

Sindikatu guztiak bat datoz Espainiako gutxieneko soldata motz gelditzen dela Hego Euskal Herriaren errealitate ekonomikorako. Bizitzaren kostua handiagoa dela argudiatzen dute, eta horrek isla izan behar duela legezko gutxieneko soldatan. Zenbatekoari dagokionez, zifra ezberdinak daude. LABek 1.600 euro aipatzen ditu, ELAk 1.795 euro, eta Jaurlaritzak dio ikerketa bat abian duela kopuru hori modu objektiboan ezartzeko. Nafarroako Gobernuak ez du hizpide hartu gaia.

Mikel Torres Ekonomia eta Lan sailburua, Eusko Legebiltzarreko kontrol saioan. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Mikel Torres Ekonomia eta Lan sailburua, Eusko Legebiltzarreko kontrol saioan. ENDIKA PORTILLO / FOKU

Sindikatu eta erakunde publikoak ere bat datoz gutxieneko soldata ezartzeko moduan. Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak ez dute hura legez ezartzeko eskumenik, baina lanbide arteko akordio baten bitartez ezarri daiteke. Balizko akordio pribatu bat da, bere garaian EAEko lan hitzarmenen lehentasuna ezarri zuena bezala.

Formula horrek, baina, beste hanka bat behar du, enpresariena. Hobeto esanda, enpresari elkarteena. Lanbide arteko akordioek, Elkarrizketa Sozialeko mahaikoek bezala, enpresari elkarteen oniritzia behar dute. Confebaskek abenduan aurreratu zuen ez duela babesten gutxieneko soldata propioa ezartzea. Haren ustez, sektore bakoitzak bere berezitasunak ditu, eta ezin da zoru komun bat jarri. Era berean, gehitu zuen sektore bakoitzeko hitzarmenek jada zehazten dutela gutxieneko soldata bat. CENek, bestalde, Espainiako patronalaren tesiak defendatu izan ditu gutxieneko soldata aipatzean.

Jaurlaritzak bere eragin ahalmena baliatu behar du patronalaren jarrera aldatzeko. Arau fiskal berriei buruzko bilerak aukera aproposa izan daitezke iritzia aldarazteko

Eusko Jaurlaritzak aurtengo lehen seihilekoan plazaratuko du gutxieneko soldata zehazteko bere «ikerketa objektiboaren» emaitza. Torresek aurreratu zuen kopuru bat edo «tarte» bat izan daitekeela. Alegia, kopuru malgu bat izan daitekeela, eta itxura guztia du Confebask goxatzeko aukera bat dela. Dena den, ikusi beharko da zein den tarte horren gutxieneko kopurua. Egungo gutxieneko soldata 1.134 euro gordinekoa da, hamalau ordainketatan banatuz gero.

Patronalek, beraz, beto eskubidea dute halako akordio baterako, eta Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak beren eragin ahalmena erabili behar lukete iritzia aldatzera behartzeko. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako foru ogasunek zerga erreforma bat iragarri dute abendurako, eta enpresen jarduna sustatuko dute aurten. Arau fiskalak diseinatu eta adosteko barne bilerak egingo dituzte haiekin, eta aukera aproposa izan beharko lukete sukalde lana egiteko gutxieneko soldataren alde. Erakundeek bilera horiek baliatu beharko lituzkete Confebasken jarrera biguntzeko.

Gutxieneko soldata propioa ezarri eta zehazteko aukerak subiranotasun handiagoa emango lieke euskal erakundeei eragin txikiko edozein eskumenek baino

Lehendakari izendatu zutenetik, Imanol Pradalesek maiz aipatu du autogobernua zabaltzeko nahia. Autogobernua, baina, ez da bakarrik eskumenen bitartez sendotzen. Gutxieneko soldata propioa ezarri eta zehazteko aukerak subiranotasun handiagoa emango lieke euskal erakundeei eragin txikiko edozein eskumenek baino, non-eta egunerokoan eragin handia duen arlo batean, gainera.

Izan ere, jokaleku politikoan ahalmen legegile handiagoa lortu bitartean, lanbide arteko akordioa aurrerapauso handia litzateke lan arloan erabakimen handiagoa izateko. Langileek eta autogobernua zabaltzeko aukerak merezi dute jarrera tinkoa eta irmoa izatea traben eta immobilismoaren harira. EAEn gutxieneko soldata propioa lortzeak, gainera, Nafarroan lortzeko bidea leunduko luke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.