Ezta bigarrenean ere. ELAk eta LABek gaur goizean Nafarroan lanbide arteko gutxieneko soldata propioa ezartzeko aukerak aztertu nahi zituzten CEN Nafarroako Enpresaburuen Konfederazioarekin eta UGT eta CCOO sindikatuekin. Alta, otsailaren 13an gertatu bezala, hiru eragileok ez dira bertaratu.
ELAk eta LABek irmo salatu dute ez bertaratu izana, eta betoa jartzea leporatu diete hiru erakundeei. «Jende askoren bizi baldintzak hobetuko dituen Nafarroako gutxieneko soldata propioa sortzeko aukerari betoa jarri diote», adierazi du ELAk ohar batean. «Ez daude egoerak eskatzen duen mailan. Uko egin diote gutxieneko soldata bat erabakitzeko mahaiari. Uko egin diote negoziatzeko duten eta dagokien ardurari», esan du LABek, beste ohar batean.
Duela hiru asteko lehen deialdian zer gertatu zen ikusirik, hiru erakundeek jarrera bera izan zezaketela susmatzen zuten sindikatu abertzaleek. Duela hiru aste, ELAko iturriek adierazi zuten enplegu planarekin erlazionatutako deialdiren bat egon zitekeela. Eta halaxe izan da. 11:30erako, Nafarroako Gobernuak, CENek, UGTk eta CCOOk enplegu politika aktiboei buruzko agerraldi bat dute deituta. Otsailaren 18an aurkeztutako 2025-2028ko enplegu planean enplegu politika aktiboen inguruko neurriak aurkeztuko dituztela dio deialdian.
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, egoera bestelakoa da. Martxoaren 20rako deitua dute gutxieneko soldata propioari buruzko mahaia sei sindikatu abertzalek —ELAk, LABek, Steilasek, ESK-k, Hiruk eta EHNEk—, eta UGTk eta CCOOk berretsi dute joateko asmoa dutela. Dena den, ez da ziurra Confebask patronala joango denik, lehenengo bileran uko egin baitzion gaiari buruz negoziatzeari. Berriki, Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak bileretan parte hartzera deitu du patronala. Hego Euskal Herriko SMIa Espainiako berbera da: 1.184 euro, hamalau ordainketetan.
Eragileei kritika
Nafarroan, ELAk gogor gaitzetsi du UGT, CCOO eta CENen jarrera. «CENek langileak esplotatzeko aukerak erabat irekita jarraitzea nahi du, beren negozio eredua baldintza prekarioetan oinarritzen da eta. Patronal moderno baten itxura izan nahi duen arren, praktikan erakunde erabat atzerakoia da».
ELAren ikuspegitik, «are ulergaitzagoa» da beste bi sindikatuen jarrera, EAEn negoziatzeko prest daudela adierazi baitute. «EAEn gutxieneko soldata hobetzeko borondatea dute, baina ez Nafarroan». Sindikatuak gogorarazi du Nafarroako barne produktu gordinaren antzekoa duten beste herrialdeetan 500 euro handiagoa dela hileko gutxieneko soldata.
«UGT eta CCOOren jarrera are ulergaitzagoa da. EAEn gutxieneko soldata hobetzeko borondatea dute, baina Nafarroan ez»ELA
Bide beretik jo du LABek: ez du ulertzen nolatan jardun duten desberdin UGTk eta CCOOk bi autonomia erkidegoetan. «Nafarroako langileek gutxiago merezi al dute EAEkoek baino? UGTk eta CCOOk irudi tamalgarria eman dute interes korporatiboak orokorraren aurretik jarriz eta enpresaburuen aginduei men eginez».
LABen arabera, oraingo honetan agerian geratu da zein diren bi deialdietara ez joateko «benetako arrazoiak». CENek arrazoitu du CCOOrekin eta UGTrekin sektore arteko akordio bat sinatu zutela 1995ean eta bi aldiz eguneratu dutela hura; hots, hogei urte lehenago zehaztutako gizarte elkarrizketaren mahai horri eman diote erabateko zilegitasuna.
LABen ustez, eredu horrek gabeziak ditu, orokortasunean geratzen delako eta ez dituelako neurri zehatzak hartzen. «Enpresaburuei interesatzen zaie gutxieneko soldata propio bati buruzko eztabaida zehatzari ihes ihes egitea, eta nahiago dute orokortasunei buruz hitz egin».
«CENek, CCOOk eta UGTk lan harremanen gaineko monopolioari eutsi nahi diote».
LAB
Hori ikusita, LABek salatu du UGTk eta CCOOk bat egin dutela CENekin. «Prest azaldu dira inolako lotsarik gabe». Gogora ekarri du 1995ean ezarritako eredua «antidemokratikoa» dela. «Sektore arteko akordioa aitzakia gisa erabili zen LAB eta beste sindikatu batzuk esparru batzuetatik kanpo uzteko». Hogei urte geroago, «CENek, CCOOk eta UGTk lan harremanen gaineko monopolioari eutsi nahi diote», sindikatuaren ustez.
Txibiteri deia
LABek gogora ekarri du azken hamar urteetan urratsak egin direla «Nafarroaren demokratizazioan», eta hiru erakundeekin monopolio horri eutsi nahi izateak hori «oztopatzen» duela. Hala, dei argia egin diote Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakariari, «berehala jardun dezan gertakari larri horren aurrean». LABek «urduri» ikusten du Carmen Maeztu Enplegu kontseilaria, eta gutxieneko soldata propioaren eztabaidari «ez ikusiarena» egitea egotzi dio. «Arloko Eusko Jaurlaritzako sailburuak kontrako jarrera azaldu du», dio LABek.
Urte hasieran, sindikatu abertzaleek gutxieneko soldata handitzeari buruzko herri ekinaldi legegilea aurkeztu zuten Eusko Legebiltzarrean eta Nafarroako Parlamentuan. Ekinaldi horrek bere bidea egin behar du. Egoera horretan, ELAk instituzioei eta alderdi politikoei eskatu die babestu dezatela «Nafarroako egoera ekonomikoarekin bat datorren gutxieneko soldata bat ezartzeko ekimena». Sindikatuak uste du parlamentariek ahalmena dutela «lan baldintzarik eskasenak dituzten pertsonen egoera nabarmen hobetzeko».