Gutxieneko soldata propioaren aldeko bandera astinduko du ELAk Maiatzaren Lehenean. Gutxieneko soldata hemen erabaki izango da lelo nagusia. Horrekin batera, militarismoaren aurkako kritika egingo du sindikatuak. 11:30ean egingo ditu bi manifestazio nagusiak. Bata, Bilbon, Jesusen Bihotza plazan; bestea, Iruñean, Erorien Monumentuaren aurrean.
Maiatzaren Leheneko mobilizazioak aurkezteko agerraldiak egin ditu gaur goizean, Bilbon eta Iruñean. Bilbokoan, Mitxel Lakuntza idazkari nagusia eta Ane Zelaia Batzorde Eragileko kidea izan dira. Lakuntzaren arabera, kontraboterearen aldeko hautua berretsiko du ELAk. «Bide horretan beste urrats bat dugu Euskal Herrian erabakitako gutxieneko soldata; gainera, borondate subiranista argia erakusten du», aipatu du.
«Aukera bikaina dugu orain. Horregatik, beharrezkoa da inplikazio kolektiboa eta pertsonala sinadurak biltzeko orduan; presioa eragin behar dugu»
MITXEL LAKUNTZAELAko idazkari nagusia
Lakuntzak gogor kritikatu du gutxieneko soldataren eztabaidari Hego Euskal Herriko patronalek emandako erantzuna. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan Confebaskek uko egin dio sindikatuekin biltzeari. Eusko Legebiltzarrean, herri ekinaldi legegilea aurkeztua dago eskaera hori aldarrikatzeko, eta horri begira datozen hilabeteetan egingo den sinadura bilketaren garrantzia gogoraraziko du ELAk Maiatzaren Lehenean. «Aukera bikaina dugu orain. Horregatik, beharrezkoa da inplikazio kolektiboa eta pertsonala sinadurak biltzeko orduan; presioa eragin behar dugu hemengo gutxieneko soldataren alde».
Nafarroan, berriz, bi aldiz deitu zen bilerara, otsailaren 13an eta 28an. Haatik, CEN Nafarroako Enpresaburuen Konfederazioa, UGT eta CCOO ez ziren bertaratu —EAEn bai azaldu dira prest biltzeko—. Hain zuzen ere, ELAk ez du beto hori onartzen, eta apirilaren 14rako manifestaziora deitu dute Iruñean, CEN patronalaren egoitzan, 10:30ean, ezezko hori salatzeko. «ELAk ez du onartuko patronalak, UGTk eta CCOOk gutxieneko soldata propioa lortzeko aukera baztertzea», aipatu du Imanol Pascual Nafarroako koordinatzaileak, Iruñean egindako aurkezpenean.
Berrarmatzearen kontra
Beste mezu nagusia antimilitarismoa izango da. Zelaiaren arabera, Europako Batzordeak eta NATOk bultzatutako estrategia «mehatxu bat da bake, demokrazia eta eskubide sozialentzat». ELAren ustez, enpresa handien interesak defenditzen dituzte estrategia horren bitartez, eta esan du gerraren mamua astinduz baliabide ekonomikoak lortu eta merkatuak menperatzen dituztela.
Estrategia horren arriskuaz ohartarazi du Zelaiak. «Europako Batasunak 800.000 milioi euro armagintzarako ematearen eragin kaltegarrietako bat izango da politika sozialen murrizketa. Funts publikoak arma industriara desbideratu nahi dituzte», ohartarazi du. Euskal Herriko erakundeak eta eragileak deitu nahi ditu estrategia horri aurre egitera.
Gaineratu duenez, berrarmatzearen estrategia horrek, politikoki, eskuin muturraren goraldia hauspotzen du. «Euskal Herrian ere gizarteko sektore jakin batzuetan diskurtso arrazista, matxista edo LGTBIfobikoak hedatzeko arriskua dago», esan du Zelaiak.
Baionan, manifestazio bateratua
Ipar Euskal Herriko intersindikalak —LAB, CGT, CFDT, FSU eta Solidaires—, USL ikasle sindikatuarekin batera, manifestazio bateratua egitera deitu du Maiatzaren Lehenerako. Baionan egingo dute: 11:00etan hasiko da tren geltokitik, eta merkatu plazan amaituko da. Langileen Nazioarteko Eguna «elkartasun eta borroka eguna» dela aldarrikatuko dute, gaurko aurkezpenean azaldu dutenez.
Sei puntu nagusi jaso dituzte deialdian: zerbitzu publikoak bermatzea, soldata eta pentsio duinak izatea, gizonezkoen eta emakumezkoen arteko soldata arrakala amaitzea, lantokietako diskriminazio guztiei aurre egiteko protokoloak ezartzea eta «bidegurutze ekologikoa».
Horretaz gain, salatu dute kapitalismoak langileen bizitza okertzen segitzen duela, eta arazoa sistema bera dela. «Egoera jasanezin honen benetako errudunak aberastasuna arpilatzen eta planeta suntsitzen duten aberatsak eta boteredunak dira», adierazi du Argitxu Dufau LABeko bozeramaileak. Gizarte Segurantzaren 80. urteurrena aitzakiatzat hartuta, «sistema publikoaren desegitea» ere gaitzetsi dute.
