Gutxieneko soldata propioa eskatu dute sindikatu abertzaleek Iruñeko kaleetan

Nafarroako Enpresaburuen Konfederakundearen, CCOOren eta UGTren egoitzen aurrean burrunba egin dute, eragile horiek eztabaida horri uko egin izana salatzeko. Nafarroako Parlamentuaren aurrean jakinarazi dute sinadurak biltzeko kanpaina bat hasiko dutela.

Gutxieneko soldata propioaren aldeko manifestazioaren amaiera. VILLAR LOPEZ / EFE
Gutxieneko soldata propioaren aldeko manifestazioaren amaiera. VILLAR LOPEZ / EFE
joxerra senar
2025eko apirilaren 14a
12:35
Entzun 00:00:0000:00:00

Goizean, Iruñeko Bigarren Zabalgunetik zihoazen oinezkoek elkarri begiratu diote harrituta. Burrunba handi bat entzuten zen inguruan. Gaztelugibeletik korrika zetorren lasterkari batek sakelakoarekin argazkia atera du erantzun bila. Gutxieneko soldata, hemen erabaki kartelean zegoen protestaren muina. ELA eta LABeko ehunka lagun elkartu dira 10:30ean Nafarroako Konfederakundearen egoitzaren aurrean. Jarraian, protesta zaratatsua egin dute handik gertu, CCOO eta UGTk partekatzen duten eraikinaren aurrean. Gutxieneko soldata propioaren eztabaidari heltzea «posible» dela aldarrikatu dute.

Gaur goizeko protestaren abiapuntua CENen egoitza izan da. Bertan elkartu dira ELA eta LABeko berrehun lagun inguru, eta sirenen eta txistuen bidez burrunba eta harrabots handia sortu dute Iruñe erdigunean. Espainiako hamar polizia inguruk babestu dute tokia. Une batez isildu dira, komunikabideen aurrean adierazpenak egin baitituzte Imanol Pascual ELAko Nafarroako koordinatzaileak eta Imanol Karrera LABeko koordinatzaileak.

1.500

 

Gutxieneko soldata propioa. ELA, LAB, ESK, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuek Hego Euskal Herrirako gutxieneko propioa lortzeko kanpainari ekin diote aurten. 1.500 eurokoa izatea adostu dute, eta, hori lortzeko, bi herri ekinaldi legegile aurkeztu dituzte, bat Eusko Legebiltzarrean eta bestea Nafarroako Parlamentuan. Lehena tramiterako onartu dute; bigarrena, aldiz, atzera bota dute.

Biek salatu dute hiru erakundeok uko egin diotela eztabaidari heltzeari eta aukera aztertzeko biltzeari. «Guztiz salagarria da», deitoratu du Pascualek. Karrerak azpimarratu du ezezko horren galtzaileak Nafarroako langileak direla. «Ez daude prest negoziazioari ekiteko, eta estatuko esparrua ezarri nahi dute». Horren aurrean, bere ustez, «lan arloko esparru propioa aldarrikatzeko unea da, Nafarroako burujabetza defendatzeko unea da».

Pascualek gaineratu du, erabakitzeko eskubideaz gain, aberastasunaren banaketa ere jokoan dagoela, Hego Euskal Herrian bizimodua garestiagoa delako eta Espainiako gutxieneko soldatak sektore prekarizatuei egiten dielako kalte. «Gutxieneko soldata lortzen badugu, onura handia egingo die baldintzarik okerrenak dituzten langileei; pertsona migratuei, emakumeei eta gazteei». 

Otsailaren 13an eta otsailaren 28an bi hitzordu jarri zituzten, eta bietan CENek, CCOOk eta UGTk ezezkoa eman zuten. «Patronalak jarrera hori izatea espero genuen, diru gehiago irabazi nahi dutelako soldatak apalduta, baina onartezina iruditzen zaigu sindikatuen jarrera», salatu du Pascualek.

Erantzuna UGT eta CCOOri 

CENen egoitzatik gertu, Zaragoza etorbidearen beste aldean, UGTk eta CCOOk eraikin bat partekatzen dute. Haren alboan eserialdia egin dute manifestariek, eta burrunba entzun da berriz. ELAk eta LABek gogora ekarri dute beste bi sindikatuak auziaz eztabaidatzeko prest azaldu zirela Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. «Azaldu beharko dute han onuragarria dena zergatik ez den hemen posible», aipatu du Pascualek. 

Lorenzo Rios UGTko idazkari nagusiak aipatu zuen eztabaida hori ez zegokiela Nafarroako gizarte eragileei. Karrerak erantzun dio soldata propioa adostea «legezkoa» dela. «Gutxieneko soldata propioa izatea guztiz posible da. Soilik borondatea behar da negoziatzeko».

Nafarroako Gobernuaren jarrera ere gaitzetsi dute, eztabaida heltzeari uko egin diolako hark ere. «Demokratikoki guztiz onartezina da gurekin bildu nahi ez izatea», deitoratu du Pascualek. Gogora ekarri du soldata propioaren aldeko sindikatuek «Nafarroako langileen ia erdiak» ordezkatzen dituztela.

Gaurko protesta Nafarroako Parlamentuaren aurrean amaitu da, eta bertan azaldu dute Nafarroan sinadurak biltzeari ekingo diotela. Babes horren bitartez, nahi dute parlamentuko taldeek eurek aurkez dezatela ekinaldia, eta eztabaida planteatu parlamentuan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.