Gutxieneko soldata berria ez da iritsiko batez bestekoaren erdira ere

Akordiorik gabe amaitu da eragile sozialen bilera, Madrilen, baina gobernua prest da igoera iraila amaitu aurretik onartzeko. Hego Euskal Herrian, 64.000 langile daude neurri horren zain

Unai Sordo CCOOko idazkari nagusia eta Pepe Alvarez UGTkoa, mahai sozialeko bilera batetik ateratzen. EMILIO NARANJO / EFE.
xabier martin
2021eko irailaren 7a
00:00
Entzun
Pedro Sanchezek aurreko astelehenean gutxieneko soldata «berehala» igoko zutela iragarri ondoren, segurutzat jo daiteke Espainiako Gobernuaren neurri hori. Baina ematen du iragarpen horrek eta atzo bertan Ekonomia ministro Nadia Calviñok egindako beste batek—hamabost euroko igoera izango dela eta urrian aplikatzen hasiko dela — PSOE eta Unidas Podemos gobernuko alderdien arteko oreka politikoen timing-ari eragin diola.

Izan ere, Yolanda Diaz Lan ministroak ez zuen presarik erakutsi atzo bere helburu nagusietako bat den edukia lotzeko, nahiz eta aurreko astean, mahai sozialaren bileraren bezperan, esan zuen «beharbada» bigarren saioan (atzo) itxiko zela. Batera edo bestera, Diazek hamabi eta hemeretzi euro arteko tarteari eutsi dio 2021. urtea amaitu arteko igoera zehazteko. UGT eta CCOO sindikatuentzat ez da nahikoa, eta 25 euro inguruko igoera eskatzen dute; patronalak ez du aldatu bere jarrera: «Ez da garai egokia gutxieneko soldata igotzeko».

Gauzak horrela, Espainiako Elkarrizketa Sozialerako Mahaiak berea eman du, eta aurrerantzean kontsulta epea zabaldu du gobernuak negoziazioari fokurik gabeko bideak emateko. Horregatik da erraza aurreikustea gutxieneko soldataren igoera irailean bertan adostu dezaketela exekutiboak eta sindikatuek, eta ez dela ibiliko hogei eurotik urrun; oraingoan, oso zaila ematen du Diazek patronalaren oniritzia lortzea. Aurreko igoeren eta aldi baterako erregulazioen akordioetan CEOEk gobernuari emandako baietzak nahikoak direla ematen du, are gehiago eskuinak eta eskuin muturrak Antonio Garamendi presidentea estu baino estuago hartu ondoren.

Hegoaldean, oso urrun

Orain arte gutxienekoaz plazaratu diren kopuruak hauek dira: hamabi eta hemeretzi euro arteko igoera 2021. urtea amaitu arte, eta 1.027 euroko gutxieneko soldata 2023. urterako, datozen bi urteetan beste 46 euro igota. 2020 hasieran lortu zen azken akordioa eragile sozialen artean, eta gutxieneko soldata %5,5 igo zuten, 950 euroraino; hamalau ordainketa dira: 13.300 euro urtean. Akordio berriak 970 euro inguruan utziko du gutxienekoa; Madrilek bide orria betez gero, 1.027 euro ingurukoa izango da 2023rako.

Eragile sozialek Espainiako lan merkatuaren errealitatea ardatz hartuta mahairatu dituzten kopuruak oso urri geratzen dira Hego Euskal Herriko lan merkatura ekartzean. Confebask patronalak garrantzia kendu izan die gutxieneko soldataren igoerei, «oso gutxi» ei direlako lan hitzarmen baten aterkirik gabe aritzen diren euskal beharginak; baina, datuek berresten badute ere ia 1,3 milioi langileen artean gutxiengoa direla, zenbaki absolutuek igoera horren garrantzia islatzen dute, 64.000 langile inguru baitira lanbide arteko soldata txikienarekin ari direnak gaur egun, prekaritateak jotako sektoreetan.

Bada, legezko soldata txikienarekin aritu behar duten langile horiek ez dute jasotzen batez besteko soldata dutenen sariaren erdia ere, eta errealitate gordin hori ez du aldatuko Madrilen adostuko duten igoerak. Izan ere, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 2.332 eurokoa da batez bestekoa, eta 2.217 eurokoa Nafarroan, INEk 2019. urterako emandako datuen arabera. Beraz, ia 1.400 eurokoa beharko luke gutxienekoak Eusko Jaurlaritzaren eskumeneko lurraldeetan, Espainiako Gobernuaren aditu taldeak gutxieneko soldata dela-eta gomendatutakoa betetzeko: batez bestekoaren %60 ingurukoa beharko lukeela. Nafarroan, 1.330 eurokoa beharko luke, gomendio horri jarraituz.

Eta inflazioa zer?

Baliteke Espainiako Gobernua %60ko helburu horretatik hurbil gelditzea legegintzaldia amaitu aurretik, baina Hego Euskal Herriko lan merkatuari dagokionez, oso urrun geratuko da. Hain urrun, ezen aurtengo igoera egin arren gutxieneko soldata 1.166 eurora ere ez baita iritsiko, hau da, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako batez besteko soldataren erdira. Nafarroako batez bestekoaren erdia ere (1.108 euro) Espainiako gutxienekoa baino dezente gehiago izango da.

Gainera, ezin da ahaztu inflazioak hartu duen gorako bidea. Madril %1,6ko igoera proposatzen ari da gutxieneko soldatarentzat, eta ez da zaila Espainiako eta Hego Euskal Herriko KPIak %3tik gorakoak izango direla aurreikustea; beraz, gutxieneko soldataren igoerak ez luke estaliko inflazioa. Espainiako sindikatuak, ordea, prest daude igoera handienak 2022. eta 2023. urteetarako uzteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.