Soldatak

Gutxieneko soldata «berehala» igoko duela iragarri du Espainiako Gobernuak

Espainiako Elkarrizketa Sozialerako Mahaiaren bilera egin dute gaur, eta gutxieneko soldataren igoera CEOE patronalaren akordioz egin ote daitekeen aurreikusi ahal izango da laster. Igoera 2021. urtea amaitu aurretik egingo dela zehaztu du Sanchezek, eta 15 euroko zenbatekoa proposatu du gobernuak, 965 euro arte. 2022rako 23 euro gehiago igo nahi ditu, eta 2023rako beste hainbeste.

Yolanda Diaz Espaniako Lan ministroa. CHEMA MOYA / EFE
xabier martin
2021eko irailaren 1a
11:25
Entzun

Espainiako Gobernuak erabakia hartu du, eta ikusteko dagoen gauza bakarra da oraingoan ere patronalaren adostasunez egingo ote den. Goizeko 10:00etan hasi da PSOE eta Unidas Podemosen exekutiboaren, UGT eta CCOO sindikatuen eta CEOE eta Cepyme patronalen arteko bilera Elkarrizketa Sozialareko Mahaian, gutxieneko soldataren igoera aztertzeko.

Yolanda Diaz Lan ministroa aspaldian ari da eskatzen igoera hori, baina gobernuaren barruan beste kide batzuek altoa eman diote neurri horri, batik bat Nadia Calviño Ekonomia ministroak. Bada, orain ematen du gobernuak baduela erabakia hartuta, eta lehenbailehen gauzatu nahi duela, Pedro Sanchez presidenteak «berehalako igoera» iragarri baitu. «Inork ezin du geratu atzean», esan du; «ez da susperraldirik egongo ez bada bidezkoa». Horiek horrela, hamabost euroko zenbatekoa proposatu du gobernuak, 965 euroko soldata osatu arte. 2022rako 23 euro gehiago igo nahi ditu, eta 2023rako beste hainbeste, legegintzaldia bukatzean 1.027 euroko gutxieneko soldata egon dadin.

Berehalakotasun horri epemuga bat jarri dio Sanchezek, gainera: 2021 amaitu baino lehen. Bilera-sorta baten lehena da gaurkoa ez alferrik. Patronalarekin negoziazio politiko bat zabal daiteke, edo ez, Diaz ministroak ikusten badu CEOEk aukera guztiak ixten dituela aurrera egingo baitu prozedurak soldata txikienak igotzeko. «Ez da gutxieneko soldata igotzeko momentua», esan du Antonio Garamendi CEOEko presidenteak; «urte eta erdi izugarri batetik gatoz».

Azken igoera, 2020ko hasieran

2020. urteko hasieran iritsi zen azken akordioa eragile sozialen artean, eta gutxieneko soldata %5,5 igo zuten, 950 eurora arte; hamalau ordainketa dira urtean: 13.300 euro urtean. Madrilek 2018an igo zuen aurretik gutxieneko soldata; orduan ere, Pedro Sanchez (PSOE) zegoen gobernuan eta Unidas Podemosekin hitzartu zuen igoera, aurrekontuak babestearen truke. 900 eurotan jarri zuten, %23,3 igota —1977tik izandako igoerarik handiena—.

Azken gobernu konposaketaren akordioaren negoziazioetan 1.000 eurora igotzeari buruz hitz egin zuten bi aldeek, baina, gaurkoz, 950ekoa da. Hori bai, gobernu itunean jasota dago legealdi amaierako igotzea batez besteko soldataren %60ra: 1.166 euro. Ikusi egin beharko da zenbat hurbiltzen den oraingo igoerarekin helburu horretara, eta CEOEren oniritzia lortzen duen. Hasteko, Diaz ministroak hamabost euroko proposamena egin du 2021. urtea amaitzeko falta diren hileetarako. Gainera, 2023rako, legegintzaldia amaitzerako, 1.027 euroko soldata helburu duen bide orria mahairatu du.

UGTk jakinarazi du 25 euroko igoera proposatu duela gaurko bileran, 975 euro gordineko gutxieneko soldata egon dadin. 2022rako eta 2023rako utzi du batez besteko soldataren %60a lortzeko helburua. «Inflazioaren eboluzioak igoera eskatzen du orain; ez da arrazoirik 2022an eta 2023an ere igoerak ez egoteko», esan du UGTko politika sindikaleko lehendakariorde Mariano Hoyak. KPI %3tik gora igotzen ari da Hego Euskal Herrian, energiaren prezioek bultzatuta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.