Ipar Euskal Herrian eta Frantzian inflazioarekin lotura duen soldata bakarra da SMIC gutxieneko soldata, eta automatikoki igotzen da urtarrilaren 1ean, beste akordiorik ez badago behintzat. Bada, AFP agentziak egindako kalkuluen arabera, 15,61 euro —garbi— handituko da hilean langile batek gutxienez jaso dezakeen soldata, astean 35 orduko lanaldi oso baten truke.
Nahiz eta inflazioarekin lotuta egon, ez da horrenbestekoa izango. Izan ere, azaroan %3,5ekoa izan da inflazioa, Frantziako estatistika institutuaren arabera, eta gutxieneko soldata %1,13 handituko dela kalkulatu du AFPk. Are gehiago handitzeko aukera dago, akordio bat eginda, baina halako adostasun bat 2012an iritsi zuten azkenekoz.
Zergak eta kotizazioak ordaindu aurretik, gutxieneko soldata 1.766,92 eurokoa izango da: 1.398,96 euro garbi.
Sexu arrakala
Gutxieneko soldatan ere, sexu arrakala dago, emakume gehiago baitaude gutxieneko soldata irabazten dutenak gizonak baino. Ipar Euskal Herriko daturik ez bada ere, Frantzian gutxieneko soldata irabazten duten %57,3 emakumeak dira.
Lanaldi osorik ez duten langileetan ere proportzioa handiagoa da. Soldatapeko langile guztiak kontuan hartuta, %17,3 dira soldatarik txikiena irabazten dutenak, eta lanaldi osoa baino motzagoa dutenetan, berriz, %38,3 da proportzioa. Lanaldi osoa duten soldatapekoen artean %12,4koa da ehunekoa.
Enpresa txikietan ere nabari da gehiago direla soldata txikiak jasotzen dituztenak. Bederatzi langilerainoko enpresetan %26,8 dira gutxieneko soldata jasotzen dutenak.
Gutxieneko soldata gehiago
Soldata txikienak handitzeak, baina, ez du esan nahi langileen baldintzak hobetzen direnik. Lehenik eta behin, inflazioaren azpitik igoko zaie soldata Ipar Euskal Herrian. Gainera, errenta txikiko familietan inflazioaren eragina gogorragoa da, KPIrik handiena duten salgaiek —erosketa saskiak batez ere— pisu handiagoa baitute familiako ekonomian.
Bestalde, gero eta jende gehiago ari da gehitzen soldata txikienak irabazten dituztenen zerrendara. Dares ikerketa zentroaren arabera, 2023ko urtarrilaren 1ean sektore pribatuko soldatapeko langileen %17,3k jasotzen zuen gutxieneko soldata, eta 2022an, berriz, langileen %14,5ek. Lehen sektoreko langileak kontuan hartu gabe dago egina kalkulu hori.