Pentsio txikiei osagarria emateko eskatu diote pentsiodunek Eusko Legebiltzarrari

Herri ekinaldi legegile bat aurkeztuko dute bihar Gasteizko legebiltzarrean, pentsiodunek gutxienez SMIa jaso dezaten. Sinadura bilketan laguntzeko eskatu diete sindikatuei, gizarte erakundeei, gazteei eta emakumeei.

EHPMren agerraldia, gaur, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
EHPMren agerraldia, gaur, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Iker Aranburu.
2024ko irailaren 25a
15:30
Entzun

EHPM Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak kaleetatik parlamentura eramango du pentsio txikiak osatzeko eskaera. Haren ordezkariak Eusko Legebiltzarrera joango dira bihar, eta pentsioen osagarri bat sortzeko eskatzen duen HEL herri ekinaldi legegile bat aurkeztuko dute. 

Eusko Legebiltzarraren araudiaren arabera, HEL bat tramitatu ahal izateko gutxienez 10.000 sinadura aurkeztu behar dituzte eskatzaileek. Lortuz gero, Eusko Legebiltzarreko Mahaiaren esku geratuko da hura onartzea edo atzera botatzea. Ez onartzeko arrazoia izan daiteke parlamentua gai horri buruzko beste proposamen bat aztertzen aritzea, edo jorratzen den gaia EAEko autonomia estatutuaren aurkakoa izatea edo giza eskubideen aurkakoa.

Sinadurak biltzeko prozesuan laguntzeko eskatu diete sindikatuei eta gizarte erakundeei ez ezik, baita emakumeei ere. Izan ere, EHPMk nabarmendu duenez, emakumeek dituzte gaur egun pentsiorik kaskarrenak, eta batez ere haiei egingo lieke mesede Eusko Legebiltzarrak pentsioen osagarri bat sortzea. Alderdi politikoei beste eskaera bat egin diete: tramitazioa ez eragozteko eta legea onartzeko.

Ekinaldiaren helburua da gutxieneko pentsioak osatzeko «euskal sistema bat» osatzea, «60 urtetik gorako pentsiodunen gizarte bazterketaren arriskua eragozteko». Adin horretatik aurrera edozein pentsio jasotzen dutenek izango lukete osagarrirako eskubidea, baina baita gazteagoek ere, baldin eta lanerako erabateko ezintasuna aitortuta badute.

SMIaren pare

Osagarriaren bitartez lortu nahi dute pentsiodun bakoitzak gutxienez SMI Espainiako lanbide arteko gutxieneko soldataren adinako pentsio bat jasotzea hilero. Gaur egun, 1.134 eurorena da SMIa, hamalau ordainketetan banatuz gero, baina Eusko Legebiltzarrak EAErako beste gutxieneko soldata bat sortuko balu, hartara egokitu beharko luke osagarriak ere.

Hain zuzen ere, joan den ostiralean aurkeztu zuen ELAk Hego Euskal Herri osorako gutxieneko soldata baterako bere proposamena: 1.795 euro gordin hileko. Sindikatu horrek ere HEL baten bitartez tramitatu nahi du bere eskaera, Eusko Legebiltzarrean ez ezik, baita Nafarroako Parlamentuan ere.

EHPMk ziurtatu du pentsio osagarriena irabaziko duen «bigarren borroka handia» dela, pentsioak eguneratzeko Mariano Rajoyren gobernuak ezarritako sistema bertan behera uztea eragin zuenaren ondoren.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.