Etzi emango du INE Espainiako estatistika erakundeak azaroko inflazioaren datua. Egun garrantzitsua da Hego Euskal Herriko pentsiodunentzat, datu horren menpe dagoelako zenbat igoko dieten pentsioa urtarrilaren 1ean. Duela bi aste aurreratutakoa baieztatzen bada, %3,8 igoko zaie, horixe izango baita Espainiako azken hamabi hilabeteetako batez besteko inflazioa, eta horren arabera eguneratzen direlako pentsioak 2021eko erreformaz geroztik.
Baina badira hortik gorako eguneratzeak izango dituzten pentsiodunak ere. Izan ere, gutxieneko pentsioak %5 eta %7 artean handituko direla iragarri du gaur Elma Saiz Espainiako Gizarte Segurantzako ministroak.
Efe agentziari emandako elkarrizketan, Saiz zehatzagoa aritu da pentsio mota baten igoeraz: familia beren kargu duten alargunen gutxieneko pentsioa %14,1 handituko da 2024. urtearen hasieran. Dirutan, 127 euro gehiago izango dira hilean, 906 eurotik 1.033 eurora igaroko baita. Hildako langilearen kotizazio oinarriaren %70 egokituko zaie aurrerantzean egoera horretan dauden alargunei, horixe badute familiako diru sarrera bakarra.
Pentsio ez-kontributiboak —gutxi kotizatu dutenek jasotakoak— %6,9 handituko dira, eta hein horretan handituko da bizitzeko gutxieneko diru sarrera ere. Hego Euskal Herrian gutxi gorabehera 30.000 lagunek jasotzen dute errenta hori, eta ia 100.000k EAEko diru sarrerak bermatzeko errenta (DSBE) eta Nafarroako errenta bermatua.
2024-2027ko epean pentsiorik txikienak inflazioaren gainetik handitzea hitzartu zuen aurreko legealdian Espainiako Gobernuak sindikatuekin eta ezkerreko alderdi batzuekin (ERC, EH Bildu...). Helburua da 2027rako gutxieneko pentsioak errentarik ohikoenaren %60ra iristea.