Bilboko portuak laurogei gurutzaontzi eta 148.791 bidaiari hartu ditu aurten. Jardun horrekin hasi zenetik izan duen uztarik onena izan da. Iaz baino bi ontzi gehiago hartu ditu, eta 2024rako antzeko kopurua espero du. Kaiaren elektrifikazioari dagokionez, berriz, 2026rako amaitzea espero du Bilboko Portuko Agintaritzak.
«Gurutzaontziena sektore lehiakorra da, eta ontzi konpainiek Bilboren aldeko apustua egiten dute eskaintzen dituzten azpiegitura eta zerbitzuengatik», goratu du Rikardo Barkala portuko agintaritzako presidenteak. Jardunaren balantzearen berri emateko agerraldian erakutsi du bere harrotasuna. Izan ere, haren ustez, urtez urte gero eta ontzi gehiago etorri izanak apustu horren arrakasta erakutsi du.
Bilboko portuak Getxoko uretan duen kaia ukitu duten gurutzaontzi gehienek geldialdi motzak egin dituzte: goizean iritsi, eta arratsaldean joan. Lauk bakarrik igaro dute gaua portuan, eta hamahiru lehen aldiz porturatu dira Euskal Herrian. Bidaiariei dagokienez, %41 britainiarrak izan dira, %27 AEBetakoak, eta %13 alemaniarrak. Hurrengo urtera begira kopuru horri «eustea» da helburua.
Gurutzaontziei egiten zaien kritika handietako bat kutsadura handia da, eta hori pixka bat arintzeko bidea portuak elektrifikatzea da. Horrela, geldirik daudenean, ontziek motorrak itzali ditzakete. Bilboko portuak hasia du prozesu hori, eta 2026rako gurutzaontzien kaia erabat elektrifikatua egotea espero du. Lan horiek 47,5 milioi euroko kostua izango dute, eta %30 Europako Batzordeak ordainduko du.