Gureak taldeak iazko jarritako helburu guztiak bete zituen, hala uste du behintzat Asier Vitoria zuzendari nagusiak. «Gure dibisio guztiek positiboan amaitu zuten urtea», nabarmendu du 2023ko datuak aurkezteko eginiko agerraldian. Taldeak 256 milioi euroren fakturazioa lortu zuen, eta 6.072 langile izatera iritsi. Horien %83k elbarritasunen bat dute.
Vitoriak azaldu duenez, Iñaki Alkorta Gureak taldeko presidentearen heriotzak baldintzatu egin zuen iazko jarduna, baina zuzendaritzak aurrera egiten asmatu zuen —Atzegi elkarteak hartu du kargua berriz—. Ekoizpenari dagokionez, dibertsifikazioari esker industria arloan beste urte batzuetakoen pareko fakturazio datuak lortu dituzte berriz. «Autogintzan aukera berriak garatzearekin batera, beste sektore batzuetan sartu gara, hala nola energian eta igogailuetan», zehaztu du zuzendari nagusiak.
Zerbitzuen arloa da taldearen beste hanka. Horren barruan daude, besteak beste, garbiketako, ostalaritzako eta zerbitzuguneetako lantokiak, eta horietan ere urtea galerarik gabe amaitu zutela nabarmendu du. Alde horretatik, Vitoriaren ustez oso garrantzitsua da Ibarrako (Gipuzkoa) Apatta industrialdean ireki duten garbitegia: «Osasun sektorea funtsezkoa izango da hurrengo urteetan, eta hor dugun posizioa sendotu behar dugu».
Langileei dagokienez, «laguntza premia handienak» dituztenen kopurua handitu dela nabarmendu du. 3.448 langilek buruko elbarritasun edo gaixotasunen bat zuten (%57). Aurtengo jardunera begira, 6.000 pertsonatik gorako lantaldea egonkortzea da Gureak-en helburua, eta taldearen erdia baino gehiago buruko elbarritasun edo gaixotasunen bat duten langileekin osatzea.