Gureak-ek %5 gehiago fakturatu du 2024an, eta 29 lanpostu sortu ditu

Industria alorrean, nabaritu egin du autogintzaren krisia, eta zerbitzuetan, antzeko beste enpresa batzuen konpetentzia. Ekonomia sozialeko taldeak mende erdi beteko du aurten.

Gureak-eko langile batzuk, taldearen lantegi batean. GUREAK
Gureak-eko langile batzuk, taldearen lantegi batean. GUREAK
jokin sagarzazu
2025eko martxoaren 6a
13:35
Entzun 00:00:0000:00:00

«Gurearen moduko enpresa batentzat, emaitzak ez dira lehentasuna izaten, baina onak izatea ezinbestekoa da bere helburu nagusian aurrera egiteko». Izan ere, zeregin sozial bat betetzeko sortu zuten duela mende erdi: elbarritasunen bat duten pertsonei lanpostu bat ematea. Eta, eginkizun horri dagokionez, helburuak bete zituen iaz: 29 langile gehiago hartu zituen, eta gaur-gaurkoz 6.101 dira lantaldean; horietatik %83, elbarritasunen bat duten pertsonak.

Taldearen erronka nagusia pertsona horiek lan munduan sartzea da, eta hori lortzen ari direlako pozik azaldu da Asier Vitoria zuzendari nagusia, emaitza ekonomikoen berri emateko agerraldian. Vitoriak zehaztu duenez, atal guztiak kontuan hartuta 2023an baino %5 gehiago fakturatu zuten iaz, 250 milioi denera.

Gureak-ek lantokiak ditu Gipuzkoan, Araban, eta Nafarroan. Horietako batzuk industriari lotuta daude, bereziki, autogintzari. Vitoriak ez du ukatu sektorean nagusi den «ziurgabetasunak» eragina izan duela iazko emaitzetan. Dena den, bezero berriak lortu dituztela nabarmendu du, eta oro har atal horrek «bilakaera ona» izan duela. Garbitegien negozioak ere pisu handia du taldearen industria atalean, eta esparru horren bilakaera ere «oso positiboa» izan dela adierazi du.

Zerbitzuen arloa da Gureak-en beste hanka. Horren barruan daude garbiketako eta ostalaritzako zerbitzuak eta zerbitzuguneetako lantokiak. Horiei dagokienez, azken urteetan arazoak izaten ari direla aitortu du Vitoriak, bereziki «irabazi asmoko beste enplegu zentro berezi batzuk lizitazio publikoetan parte hartzen hasi direnetik».

«Lehia gero eta handiagoa denez, barne prozesuen eraginkortasuna eta produktibitatea handitu behar ditugu, eta, kanpora begira, merkatuan dugun posizioa hobetu behar dugu»

ASIER VITORIAGureak-eko zuzendari nagusia

Hala ere, arlo horietan negozio berriak ireki dituztela gogoratu du, hala nola obradore bat Errenterian eta Route 33 establezimendua Lasarte-Orian. «Azkeneko lantoki horrekin bakarrik hamasei lanpostu berri sortu ditugu, eta horietatik sei laguntza premia handiak dituzten pertsonek betetzen dituzte».

Produktibitatearekin kezkatuta

2024an aldaketa batzuk egon dira Gureak-en atal batzuetan; zehazki, posta banatzeko zerbitzuan. Gureak Marketing zenak Datapost izena hartu du, «bere jarduera hobeto islatzeko eta datuen, informazioaren eta komunikazioen kudeaketaren merkatuan duen presentzia sendotzeko». Vitoriaren arabera, sektore horretan aldaketa garrantzitsuak gertatzen ari dira digitalizazioa eta adimen artifiziala direla eta, eta nabarmendu du horrek ate bat zabaltzen duela desgaitasunen bat duten pertsonentzako lan aukerak sortzeko.

Aurrera begira taldeak dituen erronkak aipatu ditu zuzendari nagusiak, eta horien artean bat azpimarratu du: negozio guztien lehiakortasuna eta produktibitatea hobetzea. «Lehia gero eta handiagoa denez, barne prozesuen eraginkortasuna eta produktibitatea handitu behar ditugu, eta, kanpora begira, merkatuan dugun posizioa hobetu behar dugu; horretarako, balio proposamen berezia egin behar dugu industrializatzen ditugun produktuetan eta eskaintzen ditugun zerbitzuetan, bezeroek hautematen duten balioa hobetzeko».

Gureak desgaitasunak dituzten pertsonak enplegatzen dituen enpresa bat da, baina, horrez gain, langile horiek enpresa arruntetara bideratzeko plataforma bat ere bada. Ainhoa Askasibar Gureak Itineraryko zuzendariak emandako datuen arabera, iaz desgaitasunen bat duten 2.029 pertsonek lan egin zuten zuzenean taldekoak ez diren enpresetan. Lanbide heziketa egokituko ikasketak ere nabarmendu ditu, eta azaldu du urtero 80 lagun aritzen direla batez beste.

Laneko bajak

Enpresako arduradunek lan urtearen balorazio baikorra egin badute ere, badago puntu beltz bat. Gureak-eko langile batzordeak jakinarazi duenez, Mutualia mutualitateak traba ugari jartzen dizkie taldeko beharginei osasun arazoengatik lan baimenak lortzeko. Zehazki, batzordeak salatu du lanean gertatutako istripuak ez dituela aintzat hartzen mutualitateak, eta langileen elbarritasunak «koartada» gisa erabiltzen dituela.

Vitoriak garrantzia kendu nahi izan dio salaketari, eta adierazi du salbuespen bat dela, langile «gutxi batzuei» eragiten diela eta gaia «konpontzeko bidean» daudela. Askasibarrek gaineratu du mutualitatearekin eta sindikatuekin bildu direla «ekintza zuzentzaileak» abian jartzeko, «halako desadostasunak berriro gerta ez daitezen».

Langile batzordeak asteazken honetan kaleratutako ohar batean salatu duenez, maiz jokatzen du horrela mutualitateak. «Dozenaka adibide izan dira azken hilabeteetan: istripu traumatikoak gertatu dira lanorduetan, eta Gureak-eko prebentzio zerbitzuak horien berri eman dio Mutualiari, baina hark ukatu egin du kontingentzia profesionalak direla, eta kontingentzia arrunt gisa tratatu ditu», eta Osakidetzara bideratu.

LAN HITZARMEN PROPIORIK EZ DUTE

Enplegurako zentro berezitan ari diren langileek Espainiako lan hitzarmena dute oinarri, baina Euskal Autonomia Erkidegorako itun propioa lortu nahian ari dira sindikatuak. Gaur izan da saio bat, LHKren egoitzan, Bilbon. ELA, LAB, CCOO, UGT, eta USO sindikatuez gain, Berezilan patronala eta FEACEM elkartea azaldu dira bilerara. Azken horretako kide da ELHABE, Gureak, Lantegi Batuak eta beste bost talde biltzen dituen patronala.

ELAk azaldu duenez, Berezilanek adierazi du ez duela ordezkaritza nahikorik negoziaketa abiatzeko. FEACEMek, berriz, esan die nahikoa dela Estatu hitzarmenarekin, eta, ondorioz, ez duela inolako asmorik mahai berri bat irekitzeko. «EAEko irabazi asmorik gabeko enplegu zentru bereziak behin eta berriro kexatzen dira iruzur bidez estatuko enpresak etortzen ari direla eta estatuko hitzarmenaren bidez lan baldintzak debaluatu eta lehia desleiala egiten dutela, baina hori arautzeko aukerari uko egin diote milaka langile miseriazko soldatetara kondenatuta», salatu du ELAk. Egoera desblokeatze aldera, ELAk Confebask deituko du erakunde legitimo gisa mahaia eratzera.

Enplegu zentru berezietan 13.000 lagunek lan egiten dute. Gehienek dute elbarritasun bat, eta zentru horiek dira lanean aritzeko aukera bakanak. ELAren ustez, «bada garaia merezi duten aitorpenarekin batera, bizitza autonomoa izateko lan baldintzak izan ditzaten».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.