Alfonso Poyo. Langile Batzordeko presidentea

«Gure lantegiari zabalik eusteko ezer ez dugu baztertzen»

Poyok salatu du enpresak duela gutxi agindu ziela beharginei lan karga izango zutela 2021eko irailera arte, eta «lekualdatze argi bat» egiten ari dela.

xabier martin
2020ko uztailaren 2a
00:00
Entzun
Agoizko (Nafarroa) Siemens Gamesako Langile Batzordearen bileran sartu aurretik, tarte bat hartu du batzordeko presidenteak BERRIArekin hitz egiteko. Mezu argia eman du Alfonso Poyok (ELA): hasi besterik ez da egin prozesu hau, «borrokarik gabe ez baita itxiko Agoitz».

Esan duzue ez zenutela espero zuzendaritzak Agoitz ixteko hartu duen erabakia. Siemens iritsi zenetik, ordea, gauza asko gertatu dira,ezta?

Siemensek Gamesa erosi zuenetik, urtero egon dira itxierekin lotutako auziak, eta aurten ere ez da salbuespena izan, tamalez. Bagenekien ez zutela asmo onik aspaldi honetan, baina ez genuen espero horrelakorik, lan karga baitugu 2021eko irailera arte behintzat. Zuzendaritzak berak berretsi zigun duela gutxi: 95 errotore eraikitzeko karga dago, eta horrek oso agerian utzi du itxieraren erabakia.

Lan karga badago, orduan, eta Portugalen berriki erositako enpresa bat ere bai. Fabrika lekualdatzen ari dira?

Inolako zalantzarik gabe, lekualdatze argi baten aurrean gaude. Portugalgo enpresa hori erosi zutenetik, aurreikus zitekeen gure ekoizpenaren zati bat hara eramango zutela, lan kostuak are gehiago merkatzeko. Gertatu dena da ekoizpen osoa lekualdatzea erabaki dutela, eta hori ez genuen espero, ezta orain gertatzea ere.

Eta orain zer?

Orain, borroka. Agoizko fabrika ez da itxiko borrokarik gabe. Sindikatu guztiak ados gara; elkar hartuta gaude, eta lantegiari eta lanpostu guztiei eutsi nahi diegu. Hori da gure helburua. Kontuan hartu behar da lantegi honi diru laguntza ugari eman dizkiola Nafarroako Gobernuak, eta besterik gabe ixtea ez litzateke amaiera duin bat izango.

Grebari eta bestelako mobilizazioei buruz hitz egin duzue sindikatuek?

Gure lantegiari zabalik eusteko ezer ez dugu baztertzen. Berehala [atzo arratsaldean] elkartuko den Langile Batzordearen bileran finkatuko dugu zer bide orriri jarraituko diogun. Hurrengo urratsak langile batzarrari helaraziko dizkiogu, eta, ados baldin badaude, aurrera egingo dugu erabakitzen denarekin.

Siemensek Gamesa erosteko operazioa txalotu egin zuten erakundeek, ELAk dioenez. Zer eskatzen diezue orain erakundeei?

Nafarroako Gobernuaren eta Agoizko Udalaren sostengua eta elkartasuna jaso dugu jadanik, eta aurrerantzean ikusi beharko da zertan gauzatuko den laguntza hori, bakarrik hitzak ote diren ala benetako neurriak iritsiko ote diren. Guk hartu beharreko neurri guztiak hartuko ditugu, eta ate guztietara joko dugu laguntza eske.

Enpresak dio ezin direla egin pala handiagoak Agoitzen, eta horiek direla geroa. Zer diozu?

Atzo arte egiten ari ginen palak egiten jarraituko du enpresak, eta mota horretako lan karga hor dago; ez dakit zergatik ezin dugun jarraitu orain haiek agindutako lanarekin. Edonola ere, pala handiagoak ere egin daitezke Agoitzen. Aitzakiak besterik ez dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.