Bizkaiko merkataritzako langileak ez daude amore emateko. Apirilean eta maiatzean hiru greba egun egin dituzte, azkenekoa atzo, eta gehiago antolatzeko prest daude, Cecobik eta Bizkaidendak-ek osaturiko patronalaren jarrera aldatzen ez bada. Hilaren 20an, ehungintza merkataritza lan itunaren mahaia hasiko da, baina ELA eta LAB sindikatuek merkataritza orokorrarenari eta oinetako eta larrugintzarenari ere ekin diezaietela eskatu dute: «Hiru hitzarmenak berritu behar dira, guztiak ontzi berean goaz».
Hauek dira berritu nahi dituzten hiru lan itunak: larrua etaoinetakoen merkataritza —491 langile eta 2007an iraungia—; ehungintza merkataritza —3.768 langile eta 2015ean iraungia—;eta merkataritza orokorra —6.607 langile eta 2018an iraungia—.Azken itun horretan, apirilean amaitu zen aurrerako eraginaren luzapen epea. Soldatei dagokienez, ehungintzan 1.200 euro gordin da; orokorrean, aldiz, 1.046 euro. Hori, jardunaldi osoa izanda, sindikatuek diotenez, ehungintzan esaterako, langile gutxik dutelako jardunaldi osoa.
Hiru urte dira negoziazioak hasi zirenetik, eta tarte horretan etenaldi ugari izan dira. Azken bileretan, gainera, patronalak «atzeraka» egin duela salatu du Iratxe Perez ELA sindikatuko ordezkariak: «Baldintza erregresibo asko jarri dituzte mahai gainean: antzinatasun eskubidea kendu nahi digute, jaiegunetan ireki, osasun bajak hamaseigarren egunera arte ez osatzea...».
Irati Sienra LABeko ordezkariak ere nabarmendu du hainbat enpresak argudiatzen dituzten zenbaki txarrak ez direla egia, eta ez direla dirua galtzen ari. Era berean, aurreratu du «digitalizazioaren» eragina faktoretzat erantsi nahi dutela itunetan, eta enpresek haren bitartez lorturiko mozkinak bana ditzatela.
ELAren eta LABen arabera, atzoko grebak %80ko erantzuna izan zuen, eta manifestazio eta mobilizazio koloretsuak antolatu zituzten Bilboko kaleetan. Kale Nagusia gurutzatzean dendek ixtea lortu zuten, baina hura pasatzean gehienek pertsiana altxatu zuten. Ehunka langile bildu ziren eguerdiko mobilizazioan, emakumeak ia guztiak —sektoreko langileen %90 emakumeak dira—. Oihuei dagokienez, «Gure eskubideak ez daude merkealdian!» eta «Euskadin, igandeetan, Lehendakariak egin dezala lan!» izan ziren gehien errepikatuak. Azken horri «Eta sailburuordeak kutxa automatiko egin dezala lan!» eransten zioten manifestariek.
Hilaren 20ko bileran patronalaren jarrera aldatzen ez bada, protesta egun gehiagotara deitzeko prest daude sindikatuak. Iaz udako merkealdiko lehen egunean grebara deitu zuten.
Bizkaia ez da salbuespena
Merkataritza itunen negoziazioa ez da erraza Hego Euskal Herrian, eta Bizkaia ez da salbuespena. Gipuzkoan, esaterako, merkataritza orokorreko ituna 2014an iraungi zen, eta oinetako merkataritzakoa 2009an. Araban, esaterako, larru merkataritzakoa 2017an iraungi zen. Nafarroan, azkenik, merkataritza orokorrekoa 2009an iraungi zen; ehungintzakoa, 2008an. Azken horrek bi mila langileri eragiten die.
«Gure eskubideak ez daude merkealdian»
Bizkaiko merkataritzako langileek udaberriko hirugarren greba egin dute. Patronalak ehungintzako negoziazio mahaiari ekingo dio hilaren 20an, baina sindikatuek merkataritza orokorrekoa eta oinetakoena ere hasi nahi dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu