Aitziber Aranberri. Zahar etxe bateko langilea
«Gure borroka oso lotuta dago U-30eko grebarekin. Prekarizazioa murriztea da helburu nagusia»
Gipuzkoako zahar etxeetako langileak 2017. urtean hasi ziren lan hitzarmen berri bat negoziatzen, eta, ordutik, 190 greba egun baino gehiago egin dituzte. Sektorean egiten du lan Aitziber Aranberrik, eta ELA sindikatuarekin dihardu protestan azken urteetan: «Eskari ekonomikoak garrantzitsuak dira, baina nagusiki langile gehiago eskatzen dugu, ratioak errespeta daitezen. Kontratu partzialak bilakatu ditzatela jardunaldi osokoak. Helburu nagusia sektorearen prekarizazioa murriztea da, horregatik ari gara horrenbeste denboraz borrokan». Argi ditu urtarrilaren 30eko grebarekin bat egiteko arrazoiak: «Oso lotua daude gure greba eta U-30ekoa. Prekarizazioaren aurka, pentsioak hobetzearen alde eta, laburbilduz, bizitza duinaren defentsan. Erabat ados gaude eskariekin». Gizarte zerbitzuak jasaten ari diren pribatizazioa ere salatu du Aranberrik: «Azkenean, enpresa horiek egiten dutena negozio hutsa da, baina diru publikoarekin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu