Marc Lataillade. Ahate hazlea

«Gure ahateak hiltzera behartzen bagaituzte, dena galduko dugu»

Aitatxiren eta aitaren segida hartu du Marc Latallaidek Bidaxuneko beren etxaldean, ahateak hazteko. ELB sindikatuko kidea ere bada. Hegazti gripearen kudeaketa «zentzugabeaz» mintzatu da.

BOB EDME.
Oihana Teyseyre Koskarat.
Baiona
2021eko otsailaren 18a
00:00
Entzun
Ahate hazlea da Marc Lataillade (Donapaleu, Nafarroa Beherea, 1994). Kriaxera lekuko arrazakoak hazten ditu Bidaxuneko bere etxaldean (Nafarroa Beherea), eta inguruetako laborari andana hornitzen ditu gero. 2017an, hegazti gripea sartu zen haren etxaldera, eta ahateen hiltzea agindu zion Populazioen Babeserako Departamenduko Zuzendaritzak. ELB sindikatuarekin batera, herri harresia osatu, eta ahateen hiltzea errefusatu zuen.

Hiruzpalau urte berantago, «kalteak doi-doia gainditzen ari direlarik», berriz sartu da H5N8 birusa, eta ahateak hiltzeko arriskuan dira, nahiz eta sano izan. Hazkuntza segitzeko protokolo bat plantan ezarri nahi dute laborariek, eta Frantziako Laborantza Ministerioarekin negoziazioak abiatu dituzte.

Hilabete pasatu da hegazti gripea Euskal Herrira sartu zenetik. Zer gertatu da?

Hegazti gripea iritsi da hunkituak ziren eremuetatik ahateak garraiatu baitituzte Euskal Herrira. Gure kasuan, Gamueko (Nafarroa Beherea) hiltegia errekisizionatu zuen Frantziako administrazioak, inguruetako ahateak prebentzioz hiltzeko. Biharamunean, Populazioen Babeserako Departamenduko Zuzendaritzak gure etxaldean azterketak egitea agindu zuen. Emaitzak izan genituen, eta eraikin bateko ahateek eman zuten positibo. Geroztik, ez dute sintomarik garatu, eta ez da abererik hil. Horrek erran nahi du birusak bere ibilbide normala segitzen duela. Gure ahateak sano dira, birusa hor da, baina asintomatikoak dira. Antigorputzak garatuak dituzte.

Kriaxera ahate arrazaren atxikitzea dago jokoan.

Gure etxaldean kriaxera ahateak hazten ditugu, eta Rouen arrazako ahateak ere bai. Bakarrak gara bi arraza horiek hazten; beraz, bai, bada arrazaren atxikitzearen erronka. Ugalketako ahate emeak ditugu, eta, gero, sortzen diren ahateak lekuko laborariei saltzen dizkiegu. Bada arraza atxikitzea baino beste erronkarik: lekuko laborantza eremu oso batek kalteak jasanen ditu gure ahateak hiltzera behartuak bagara. Badira 150 bat laborari apirilerako ahateen goaietan direnak. Bada salmenta zuzenaren erronka ere: hornitzen ditugun laborariak bezeroekin harremanetan dira zuzenki; beraz, bezeroek ere pairatuko lukete galera.

Nola egiten diozue aurre egoerari?

Gure etxaldean izan zen lehen kasuaz geroztik, esperimentazio bat abiatu dugu. Ahateak haztera utzi nahi ditugu, ikusteko zer ondorio duen errealki birusak haiengan. Horrek erran nahi du erregularki azterketak egin behar ditugula, baina gure lana aitzina eramaten ahal dugula, gero sortuko diren txitei ere azterketak egin ahal izateko. Pentsatzen genuen administrazioek esperimentazioa ulertuko zutela, helburua baita ahate sanoekin aritzea. Baina ez dute bat egin gure proposamenarekin. Haiek proposatu dutena da arraza atxikitzeko protokolo bat. Ez da guk itxoiten genuena. Proposatzen digute ahateak erruten uztea, eta gero horiek hiltzea. Baina horrek erran nahi du lan urte bat edo bi galtzen ditugula arrunt. 1.200 ahate izan ordez, 500 bat ahate izanen genituzke: ez da nahikoa gure aktibitatea osoki egiten segitzeko. Hori eginez gero, administrazioak bere burua zuritzen du, erranez arraza salbatu dutela. Baina ez da guk galdetzen duguna. Guk egiazko esperimentazio bat eraman nahi dugu, azterketak eginez, garapena ikusteko.

Zer gertatu zen 2017an? Gauza bera gertatzen ari dela uste duzu?

2017an, gure ahateei azterketak egin zizkieten, eta antigorputzak bazirela ohartu ziren. Populazioen Babeserako Departamenduko Zuzendaritzak agindu zigun gure ahateak gure baitarik hiltzeko. Errefusatu genuen. Ondotik, prefeturako erabaki bat jin zitzaigun, debekua genuela gure ahateak saltzeko. Gehiago dena, gure bezeroak deitzen zituzten mehatxatzeko: erraten zieten guri ahateak erosiz gero sekulako isunak pagatu beharko zituztela. Ekonomikoki guztiz blokeatu gintuzten. Arras gaizki bizi izan dugu egoera, ez ginen ateratzen. 2020an doi-doia lortu genuen berriz abiatzea, baina berriz ere gaizki kudeatzen ari dira egoera.

Ahateen hiltzea oztopatzeko herri harresiak ere osatu zenituzten, ELB sindikatuaren babesarekin.

Momentua bera biziki desatsegina izan zen; ez genekien zer segida ukanen zuen aferak. Urte batzuk berantago, ohartzen gara borroka horrek fruituak eman dituela. Gure inguruko jendea harro zen, eta gu ere bai, badakigulako bide onetik aritu garela. Uste dut jendeak ulertu zuela egoera, eta hori inportantea zen guretzat. Bestalde, Baionako Auzitegiak ere kargugabetu gintuen, etaELBri isuna ezarri zion, gibelapenarekin.

Muturreko egoera horretara itzultzeko prest ote zarete?

Bai, prest gara berriro abiatzeko. Sekulako erronkak badira: gure etxaldea, genetika, arraza, eta sail oso bat. Gure ahateak hiltzera behartzen bagaituzte, dena galduko dugu, eta 2017ko ondorio berak pairatu beharko ditugu. Baina, beharrik, ez gara bakarrik. ELB gurekin ari da lanean, egunero, eta sekulako sostengua ekartzen digute. Sindikaturik gabe, ezinezkoa litzateke.

Negoziazioak abiatu dituzue Frantziako Laborantza Ministerioarekin. Zertan dira?

Ez dakigu zer gertatuko den; pixka bat galduak gara. Espero dugu laborarien ahotsa entzunen dutela. Espero dugu, era berean, gure esperimentazioa ezagutua izanen dela, eta gure ahateak lege barruan hazten segitzen ahalko dugula. Bihotz-bihotzetik espero dut. Biziki zaila izanen da; baditugu bilkurak astero. Baina esperimentazio hori onartzen badute, ikaragarrizko onurak ekarriko ditu, gure gisako laborarientzat segur, baina sail industrialarentzat ere bai. Beharbada ohartuko dira hazkuntza mota hori ez dela batere egokia. Ikusten badugu hazteko manerek ondorioak dituztela, horiek aldatzeko garaia izan daiteke. Ezinbestekoa da jakitea zergatik gertatzen diren epizootia horiek. Ez da nahikoa biosegurtasunean sekulako inbertsioak egitea: 2017an hala egin genuen, eta ez du ondorio izpirik izan: birusa berriz hedatu da.

Lekuko hautetsien sostengua ere lortu duzue.

Euskal Hirigune Elkargoa ados da gure esperimentazioa plantan jar dezagun. Beste hautetsiak ados dira kalte ordainak emateko. Dirua itzultzen ahal digute, noski, baina diruak ez du dena egiten: arraza, garatutako genetika, sail osoaren atxikitzea... Sostengu ekonomikoa garrantzitsua da, baina ez du dena egiten. Protokoloa onartzea: horixe nahi dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.