Guardianen sartzeko prest dago Jaurlaritza, inbertsiogile sendo bat aurkituz gero

Aste honetan enpresa batzuekin bilduko da Jaurlaritza, Laudioko fabrikarako zer proiektu dituzten jakiteko.

Guardian ixtearen aurkako manifestazioa, Laudion. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Guardian ixtearen aurkako manifestazioa, Laudion. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Iker Aranburu.
2025eko martxoaren 25a
15:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Eusko Jaurlaritzak ez du amore eman Guardianekin. Mikel Jauregi Industria sailburuak jakinarazi du aste honetan bilduko direla Laudioko beiragintza enpresa (Araba) erosteko interesa izan dezaketenekin, haien proiektuen berri izateko. Eta, proiektu «sendo eta etorkizunekoa» aurkituz gero, Jaurlaritza prest dago berak ere dirua inbertitzeko.

Joan den urtarrilean jakinarazi zuen Guardianek Laudioko fabrika itxiko zuela, eta egun gutxira itzali zuen beira egiteko labea, lehertzeko arriskua zegoela argudiatuta. Sindikatuek protesta egin zuten, labea itzaliz gero zailagoa izango zelako inork planta eskuratu nahi izatea. Itxi zutenean 171 langile zituen enpresak, eta aldi baterako erregulazioan daude gaur egun, baina dagoeneko hasi dira haien kaleratzeak negoziatzen.

Aiaraldearen egoera ekonomikoari buruz PPk egindako galdera bati erantzuteko azaldu da Jauregi Eusko Legebiltzarrera, eta han berretsi du duela aste batzuk esandakoa, hau da, Guardian erosteko hautagaiak egon badirela; aste honetan jakingo du gehiago haien asmoen berri. Ez du izenik eman nahi izan, eta halako egoeretan «diskrezioa» izatea oso lagungarria dela nabarmendu du.

Beiragilea salbatzeko, Jauregiri derrigorrezkoa iruditzen zaio «inbertsio pribatu garrantzitsua», baina gobernua «laguntzeko» prest dago. Gasteizko Gobernuak, Finkatuz funtsaren bitartez, 45 milioi euro jarriko ditu Sidenor altzairutegiari Talgoren kontrola hartzen laguntzeko, eta zailtasunak dituzten beste industria proiektu batzuetan sartzeko asmoa azaldu du, lantegiak eta erabakitzeko ahalmenak Euskal Herrian geratzeko.

Proiektu gutxi Aiaralderako

Guardianen itxiera posibleak haserre handia eragin du Aiaraldean, izan ere, baliteke azken urteetan porrot egin duten beste industria batzuetara gehitzea. Eskualdeak bere barne produktu gordinaren %22 galdu du azken hamarkadan, eta Arabako langabezia tasarik handiena dauka. Hilaren 15ean manifestazio bat egin zuten Gasteizen, eskualdearen desindustrializazioa salatzeko eta administrazioari irtenbideak eskatzeko.

Badira urte batzuk Aiaraldea bereziki zaindu beharreko eskualdeen artean duela Jaurlaritzak, baina Jauregik onartu du orain arteko saioek ez dutela arrakasta handirik izan. Izan ere, 9,5 milioi euroko laguntza bereziak agindu zituen gobernuak, baina 2,85 milioi baizik ez dira gauzatuko, «industria proiektuak falta direlako». Bidean geratu diren proiektuen artean dago Glass Hub izenekoa, beiragintzari lotutakoa, baina Glavistaren itxierak eta Guardianen arazoek ezinezko egin dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.