Epaitegiek ez dute onartu Guardianeko labea itzaltzea eragozteko eskaera

ELAk amatatzeko prozesua geldiarazi nahi zuen premiazko agindu baten bitartez, baina justiziak ez du onartu. Diotenez, ez dago frogatuta atzera-bueltarik gabeko erabakia denik. Zuzendaritzak bihar itzali nahi du labea.

Guardian beira lantegia, Laudion. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Guardian beira lantegia, Laudion. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Kerman Garralda
2025eko urtarrilaren 28a
16:40
Entzun

Guardian lantegiko 171 beharginei aukera bakarra geratzen zaie labearen itzaltzea geldiarazi eta enpresaren likidazioa atzeratzeko: grebara jo eta amatatzeko prozesua egiteko nahikoa langile ez egotea. Izan ere, ELAk abiatutako adar judizialak bide laburra izan du. Gaur arratsaldean jakinarazi du Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegiak ez duela onartu sindikatuaren eskaria.

ELAk premiazko agindu baten bitartez geldiarazi nahi zuen labea itzaltzeko prozesua abiatzea. Horretarako, argudiatu zuen labea hoztea «atzera-bueltarik gabeko» erabaki bat dela eta planta behin betiko itxiaraziko lukeela. Epaileen iritziz, baina, ez dago frogatuta hala izango denik. 

Guardianeko zuzendaritzak ere etorkizunean labea berreraikitzeko aukera egongo dela zin egin du. Halere, konpainiak berretsi du ez duela asmorik konponketarik egiteko. Hozte prozesua «era kontrolatuan» egingo dela iragarri du. «Exekuzioak segurtasun neurri eta prebentzio protokolo zorrotzenak beteko ditu». 

ELAk ez du halakorik uste. Iker Olazabal sindikatuko ordezkariak azaldu du enpresak barneko aldea garbitu gabe itzali nahi duela beira egiteko labea. Horrek barruan duen materiala gogortzea eragingo luke, eta labeari kalte konponezinak eragingo lizkioke.

Erlazionatuta

Halaber, sindikatuak zuzendaritzari ezkutukerietan aritzea leporatu dio. Labeko akatsak urrian atzeman arren, orain gutxi jakin dituztela argudiatu du. Epaitegiak ez du halakorik sinistu. «Sinesgaitza» iruditu zaio hiru hilabetean langile edo teknikari bakar batek ere ez ikustea arrakalak. Hortaz, haren arabera, ezin da esan arduradunek fede txarrez jokatu dutenik. Halaber, ez du uste labearen egoera aitzakia denik kaleratze kolektibo bat ezkutatzeko.

Azken eguna

Guardian Glasseko zuzendaritzak ahalik eta azkarren itzali nahi du Laudioko lantegiko labea. Segurtasun arrazoiak aipatu ditu horretarako. Azaldu duenez, labea itzaltzen ez badute, «oso litekeena da kontrolatzeko zaila den beira ihes bat eragitea, eta egituran aurreikusi eta neurtu ezin diren kalteak gertatzea». Horrek langileentzat «arrisku handia» dakarrela dio, eta hark ezin duela halakorik onartu.

Bihar hasi nahi du labea hozteko prozesua eta, horrekin, enpresa likidatzeko bidea.

ELAko Iker Olazabalen ustez, zuzendaritzak presa dauka langileak antolatu ez daitezen. «Gaia luzatzea eta lan gatazka hastea eragotzi nahi dute». Mobilizazioak iragarri dituzte biharko, eta ostegunetik aurrera greba mugagabeari ekingo diote. Itzaltze prozesua segurtasunez egiteko langile kopuru jakin bat behar da, eta, grebaren bitartez, prozesu hori oztopatu nahi dute.

Zuzendaritzak kargu hartu die langileei: «Labea hoztea eragozteko eta labea bero mantentzera behartzeko interesa dutenek edonolako maniobrak egiten badituzte, urtarrilaren 29an lantaldea arriskuan jarriko dute, eta konpondu ezin diren kalteak eragin».

Horren harira, EAEko Auzitegi Nagusiak ohartarazi du greba «arrisku erantsi bat» dela, eta nabarmendu labeak behar duen arreta bermatu behar dela.

Enpresak ziurtatu du hozte prozesua aurrera eramateko baldintzak betetzen direla, eta Osalani eta lan ikuskaritzari horren berri eman diola. Langile batzordeak salatu zuen ez zuela halakorik egin.

ELAk ez ezik, LABek ere jo zuen auzitegietara, argudiatuta halako labe bat korrika eta presaka amatatzea arriskutsua dela langileentzat eta ingurumenarentzat, eta langileen eskubideak urratzen dituela.

Eusko Jaurlaritza ere saiatu da. Asteburuan zuzendaritzari eskatu zion ez dezala labea itzali, eta astearte honetan bildu dira bi aldeak. Atarian, zuzendaritzako kideek esan dute ulertzen dutela Jaurlaritzaren eta inplikatutako alderdi denen larritasuna, baina beren asmoei tinko eutsiko diotela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.