Guardian Glassek, hasiera batean, otsailaren 3an hastekoa zuen Laudioko (Araba) plantako labea itzaltzeko prozesua. Horrek lantegiko jardunaren amaiera eragingo lukeela ohartarazi dute sindikatuek —ELAk zazpi ordezkari ditu, eta LABek bi—, eta hura eragozteko grebara joateko prest daude. Astelehenean bilerak egingo dituzte, eta, langileek hala onartzen badute, lanuzteari otsailaren 2an ekitekoak ziren.
Alabaina, arratsaldean etorri da ezustea: urtarrilaren 29ra aurreratu dute labea itzaltzeko data. Enpresako langile batzordeko Aitor Peralen esanetan, «presiorako maniobra bat» bat da: «Ikusita beste aukera batzuen bila eta mobilizatzen hasi garela, enpresak eguna aldatu du, ezertarako aukerarik gabe uzteko».
Erlazionatuta
Aurretik, Iker Olazabal ELA sindikatuko ordezkariak azaldu du enpresak barneko aldea garbitu gabe itzali nahi duela beira egiteko labea. Horrek barruan duen materiala gogortzea eragingo luke, eta labeari kalte konponezinak eragingo lizkioke. Itzaltze prozesua segurtasunez egiteko, baina, langile kopuru jakin bat behar da, eta, grebaren bitartez, prozesua oztopatu nahi dute.
Guardianek asko bizkortu du lantegia ixteko prozesua. Zuzendaritzaren arabera, labeak kalte larriak ditu, eta ez du konpondu nahi. Itxiera gauzatzeko sei hilabeteko epea duen arren, aste eta erdiko epean itzali nahi du planta. «Gaia luzatzea eta lan gatazka hastea eragotzi nahi dute», iradoki du Olazabalek.
«Zuzendaritzari informazioa eskatu diogu, eta orrialde bat eman digu. 171 langileko enpresa bat ixteko argudioak orrialde batean laburbildu ditu»
IKER OLAZABALELA sindikatuko ordezkaria
171 langilek dihardute Guardianen, eta gaur goizean jakin dituzte enpresaren asmoen xehetasunak. Olazabalek haserre kritikatu du informazio eta azalpen oso gutxi jaso dituztela: «Pentsa, zuzendaritzak orrialde bakar bat eman digu. 171 langileko planta bat ixteko arrazoiak orrialde bakarrean azaldu ditu».
Enpresaren nahia beteko balitz, martxoan ekingo lioke erregulazio txosteneko baldintzak negoziatzeko prozesuari. Legez behartuta dago prozesu horri ekitera, eta hilabete inguru iraun ohi dute halakoek. Horiek horrela, apirilean egin ahalko lituzke lehen kaleratzeak.