Guardian ixteko epea aurreratu egin da, eta hala egin dute egoera hori eragozteko saioek ere. Guardianeko langileak batzarrean eztabaidatzen ari dira ostegunetik aurrera greba mugagabe bat abiatuko ote duten. Laudioko lantegiko (Araba) sindikatu nagusiak, ELAk, auzitara jo du, labea ixteko zuzendaritzaren erabakia eragotzi nahian.
ELAren arabera, Guardianek beira egiteko labea ixtea «atzera-bueltarik gabeko» erabaki bat da, eta planta behin betiko ixtera eramango luke. Horregatik Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegiari eskatu dio premiazko agindu baten bitartez geraraz dezala labea amatatzea. Sindikatuaren ustez, «multinazionalari ez zaio utzi behar Laudioko lantegia etorkizunik gabe utziko lukeen neurri hori hartzen».
Antzeko ekintza baten aurrekaria badago, Galizian. 2020an, hango auzitegiak Alcoa aluminio egilearen Lugoko lantegiaren labeak geratzea eten zuen, CCOOk, CIG eta UGT sindikatuen eskaerari erantzunez.
Auzitegiei ez ezik, Eusko Jaurlaritzako Industria eta Lan sailei ere eskatu die Guardianeko buruen erabakia oztopatzeko. Hain zuzen ere, Industria Sailak bilera du bihar enpresako zuzendaritzarekin, eta labea ixtea ez den beste aukera batzuk aztertzeko eskatuko dio. Azterketa hori aholkularitza teknikoko enpresa baten esku utzi nahi zuen Gasteizko gobernuak.
Asteburuan, Industria Saila haserre azaldu zen, bileraren atarian, Guardianek erabaki zuelako labea lehenago itzaltzea. Hasieran, sei hilabete barru itzali behar zuen, baina gero, ostegun arratsaldean, otsailaren 3ra aurreratu zuen data, argudiatu baitzuen labeak egiturazko akatsak zituela eta ezin zela beste sei hilabetez martxan eduki.
Iragarpen horrek praktikan ezinezko egiten zuen Jaurlaritzaren asmoa, hau da, beste inbertitzaile bat bilatzea Laudioko enpresa historikoa ez ixteko. Baina asmo horiei entzungor egin, eta Guardianek are gehiago aurreratu zuen itxiera: datorren asteazkenean itzali nahi du labea.
Guardianeko enpresa batzordearen arabera —ELAk zazpi ordezkari ditu, eta LABek bi—, itxiera aurreratzeko erabakia lotuta dago langileek otsailaren 2tik aurrera iragarritako greba mugagabearekin. Enpresaren azken erabakien ondoren, greba ostegunean hastea bozkatu behar dute Guardianeko langileek. Gaur goizeko hamarretan izan da batzarra goizeko langileekin, eta greba babestea erabaki dute, aho batez. Arratsaldean beste batzar bat egin dute.
Iragarritako protestek, Eusko Jaurlaritzaren kexuek eta ELAren saiakerak ez dute lortu, oraingoz, enpresako zuzendaritzaren jarrera aldatzea. Are gehiago, langile batzordearekin bilera egin dute eta ziurtatu dute inondik inora ez dutela aldatuko fabrika ixteko erabakia. Haren arabera, labeak akats «kritiko» batzuk ditu eta horiekin ezin da segurtasunez lanik egin.
Enpresa historikoa
171 langile ditu gaur egun Guardianek, baina 1.500 ere izan zituen 1970eko hamarkadan. Delclaux familiak sortu zuen, duela 90 urte, Vidrierias de Llodio (Villosa) izenarekin.
Eraikinetarako beirak egiten ditu, baina bazuen autoetarako beirak egiteko beste adar bat, Glavista. Azken hori 2020. urtean saldu zion Suitzako Parter Capital inbertsio funtsari, baina haren eskuetan oso gutxi iraun zuen: iaz itxi zuten, 240 langile kalean utzita. Orduan, sindikatuek ohartarazi zuten bazitekeela Guardianek bide bera hartzea, zuzendaritzak ez zituelako langileak ordezkatzen eta lan batzuk taldeko beste lantegi batzuetara eramaten ari zirelako.
Laudion bertan, Guardianen parean, beste beira enpresa bat dago, Vidrala. Hura ere Delclaux familiak sortu zuen, 1965ean, eta botilak eta elikagai industriarako beirazko edukiontziak egiten ditu. Enpresa errentagarria da: iazko lehen bederatzi hilabeteetan 231 milioi euro irabazi zituen. Lantegiak ditu Herrialde Katalanetan, Espainian, Portugalen, Brasilen, Ingalaterran eta Irlandan.