Guardianeko kaleratzeak negoziatzen hasi dira, oraindik inbertitzailerik ez dagoela

Enpresak ekoizpen arrazoiak eta merkatuaren egoera jarri ditu enpresa ixteko argudio moduan. Langileek salatu dute beira plantako labea ez zela modu kontrolatuan itzali eta asko zailduko duela inbertitzaileren bat sartzea.

Guardian ixtearen aurkako elkarretaratzea, Laudioko plantaren atearen aurrean. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Guardian ixtearen aurkako elkarretaratzea, Laudioko plantaren atearen aurrean. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2025eko martxoaren 3a
14:20
Entzun 00:00:0000:00:00

Guardian Glass Laudioko (Araba) planta ixteko prozesuaren lehen epeak betetzen hasi da. Zuzendaritzak ekoizpen arazoak eta argudio teknikoak jarri ditu mahai gainean lan erregulazio espedienteko kontsulta epeko lehen bileran. Berretsi du lantegiko labeak duen matxura handiak jardunarekin jarraitzea eragozten diola. Langile batzordeak —ELAk zazpi ordezkari ditu, eta LABek bi—, berriz, esan du arrazoi horiek ez direla errealak, ez zela beste aukerarik ikertu, eta salaketa larria gehitu du: labea ez omen zen modu kontrolatuan itzali, eta orain beira gogortuz beteta dago.

Guardianek langile batzordearen esku utzi du planta ixteko bere argudioak azaltzen dituen dokumentazioa, eta hurrengo astelehenean hasiko dira baldintzak negoziatzen. Sindikatuen harridurarako, enpresak arrazoi ekonomikoak kendu ditu zerrendatik, bere garaian horiek ere aipatu zituen arren. Zuzendaritzaren asmoa 171 langileak kaleratzea da, eta ikusteko dago legeak ezartzen dituen baldintzak hobetuko dituen ala ez.

«Langileek ezagutzen dute hobekien labe hori; urteak daramatzate lanean, eta haiek esaten dute ez zela modu kontrolatuan itzali. Hozturiko materialez beteta dago, eta ahalegin handia beharko da berriz ere hura pizteko»

MADDALEN MUGURUZALABen industria federazioko kidea

Sindikatuak, baina, borrokarako daude. «Ez gaude ados argudioekin. Oinarri horiekin ezin da 171 langileko planta bat itxi. Beste aukerarik ez zen aztertu, eta hori oso larria da», argudiatu du Maddalen Muguruza LABen industria federazioak Aiaraldean duen arduradunak. Are gehiago, Muguruzak salatu du plantako jardunaren oinarri den labea ez zela modu egokian itzali: «Langileek ezagutzen dute hobekien labe hori; urteak daramatzate lanean, eta esaten dute ez zela modu kontrolatuan itzali, ustez Eusko Jaurlaritzak zuzendaritzarekin negoziatu zuen bezala».

Urtarrilaren 29an hasi ziren labea itzaltzeko lanak, eta hamar egunen buruan hoztu zen; azaldu du hori zela Guardianek hasieran proposatu zuen modua, eta zer ikusi txikia duela Industria Sailak aipatu zuen moduarekin: «Labearen barrena materialez beteta dago. Beira hoztua da, eta hura pikatu egin behar da. Horrek ahalegin handia eskatuko dio jabe berri posible bati, eta baliteke azpiegitura kaltetua egotea». Egun hartan langileek aipatu zuten hilabeteak beharko liratekeela labea modu kontrolatuan itzaltzeko.

«Langileok ez dakigu ezer inbertitzaileen inguruan. Aukerak aipatzen dira, baina ez dakigu esaten ari direna egia den ala ez; alegia, zerbait errealik dagoen. Bilerak eskatu ditugu hori guztia argitzeko»IKER OLAZABALELA sindikatuko ordezkaria

Inbertitzaile posiblea aipatu du Muguruzak, eta harengatik ere galdetu dute bileran, baina Guardianek ez du argibiderik eman. «Ez dugu inolako informaziorik», kritikatu du Iker Olazabal ELA sindikatuko ordezkariak. Hura ere bileran egon da: «Langileok ez dakigu ezer. Aukerak aipatzen dira, baina ez dakigu esaten ari direna egia den ala ez. Alegia, zerbait errealik dagoen. Bilerak eskatu ditugu hori guztia argitzeko». Langile batzordeko kideak aste honetan dira hitza hartzekoak Arabako Batzar Nagusietan.

Lau inbertitzaile?

Mikel Jauregi Industria sailburuak iragan astean esan zuenez, lau enpresak agertu dute plantaren kontrola hartzeko interesa. Hiru Euskal Herrikoak dira, eta bat kanpokoa, eta bakarra da beiraren sektorekoa —Guardianen eraikuntzarako beira ekoizten zuten—. Sailburuak gaineratu zuen lauretako batek ondo garaturiko proiektu bat aurkeztu duela jada. Sindikatuak, baina, ez dira fio, eta susmoa dute interesa ez dela erreala, orain arte Industria Sailarekin eginiko bileretan ez dutelako zehaztasunik jaso.

Kontsulta epeko hurrengo bilera hurrengo astelehenean izango da, 11:00etan, hura ere Laudioko plantan, eta, gaur egin bezala, langileek elkarretaratzea egingo dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.