Laudioko (Araba) Guardian Glasseko langile gehienek multinazionalak proposatutakoa onartu du. Ostiral gauean bozkatu zuten, eta asteburuan jakin da emaitza: fabrikan, 67 langilek alde bozkatu zuten, eta 65ek kontra; bulegoetan, berriz, espedientearen aldeko emaitza handiagoa izan zen —30 alde eta bi kontra—. Emaitza jakinda, ez da ohiko astelehena izan Laudioko lantokian, goizetik kaleratzeak sinatzen ari baitira 171 langileak.
Guardian Glassen proposamena onartuta, lan egindako urte bakoitzeko lan eguneko kalte-ordaina jasoko dute, gehienez ere 34 hilabeteko mugarekin. ELA eta LABek osatutako langileen batzordeak eskaintza horren kontra bozkatzea aholkatu zuen, baina gehienek kontrakoa egin dute. Batzordearen arabera, 22 urte baino gehiago lan egin dutenek dirua galduko dute eskaintza horrekin.
«Guardian Glassek garaipen izugarria lortu du. Oso merke atera zaio enpresa ixtea»
AITOR PERALLAB
Berez, asteazkenean amaitu zen erregulazio espedientearen baldintzak negoziatzeko aldia, eta ez zen akordiorik egon sindikatuen eta Guardian Glasseko zuzendaritzaren artean. Akordiorik lortu gabe, ELA eta LAB auzitara jotzeko prest ziren, uste baitzuten enpresak ez zuela egiaztatu txostena aurkezteko arrazoiak. Dena den, azkenean epaitegietako bidea itxi egin da. Enpresak ekoizpen arrazoiak eman zituen, eta sindikatuek ez zuten hori ontzat eman, argudiatu baitzuten inbertsio txiki batekin konpon zitekeela.
«Presioak»
Aitor Peral LABeko ordezkariak Euskadi Irratiari esan dio Guardian Glassek «garaipen izugarria» lortu duela. «Oso merke atera zaio, eta azken errematea izan da 171 langileak kaleratzea». Behin kalte-ordainak onartuta, asteotako mobilizazioak eta greba bertan behera utziko dituzte.
«Bozketaren emaitza multinazionalak lantaldeari egindako presioaren ondorio ere bada»
ELA
ELAk, berriz, «biziki deitoratu» du emaitza, eta neurri batean «multinazionalak lantaldeari egindako presioen ondorio» dela azpimarratu du. Horrekin batera, Laudioko planta ixteko prozesuan erakundeek izan duten jarrera salatu du. «Multinazionalak euskal erakundeen babesa izan du lantegia ixteko, eta bereziki Eusko Jaurlaritzarena, labearen itxiera irregularra baliozkotu baitzuen».
Guardian Glassek urtarrilaren 21ean iragarri zuen lantokia ixteko eta langileak kaleratzeko asmoa. Handik astebetera, labea itzaltzeari ekin zion. Otsailaren erdialdetik, Eusko Jaurlaritza inbertitzaile baten bila ibili da, eta ez du baztertu Guardian Glassen sartzea, betiere industria bazkide bat topatuz gero. Alta, oraingoz bilaketak ez du emaitzarik eman. Industria Sailak ez du baztertzen oraindik ere aukera, baldin eta proiektu berri bati heltzeko aukera sortuz gero.