Guardian Glasseko zuzendaritzaren eta langileen arteko pultsua arduradunen alde jarri da. Beharginak saiatu ziren aurrena epaitegien bidez Laudioko (Araba) plantako labea itzaltzeko prozesua eteten, baina behin bide hori agortuta gorputzarekin eta kontzientziarekin saiatu dira. Goizeko ordu txikietatik lantegiko sarrera nagusia blokeatu dute inor ez zedin barrura sartu labea amatatzera, baina azkenean gauzatu da mehatxua. Langile batzordeak eta Jaurlaritzako Industria Sailak jakinarazi dutenez, prozesua 11:00etan hasi da.
Itzaltze kontrolatua izaten ari da, Jaurlaritzako iturrien arabera, eta Osalaneko eta gobernuko teknikarien ikuskaritzapean egiten ari dira. Enpresak eta erakundeek modu horretara egitea adostu zuten atzo, labeari ahalik eta kalte gutxiena eragiteko. Jaurlaritzaren asmoa labea erabilgarri mantentzea da, inbertitzaile bat erakarri ahal izateko. Industria Sailak onartu du badaudela interesa agertu duten inbertitzaile batzuk, eta aurreratu du Eusko Jaurlaritzak hitz egingo duela haiekin.
Sindikatuek, ordea, bileraren ostean kazetariei esan diete enpresa atarian labea ez dela erabilgarri egongo hemendik aurrera. Iker Olazabal ELAko ordezkariak eta Maddalen Muguruza LABekoak azpimarratu dute Guardianen asmoen araberako itzaltzearen alde egin dutela. «Jaurlaritzak eta Osalanek ez dute oposiziorik egin, zituzten zalantzak argitu besterik ez». Langileen ikuspegitik, erabakirik txarrena da bizkor itzaltzea, labea hustu gabe egiten delako eta, behin kristala solidotutakoan, erabilgarri izateari uzten diolako. «Atzera-bueltarik gabeko erabakia da».
Langileek oso haserre hartu dute erabakia. Jaurlaritzak engainatu egin dituela esan dute, eta Guardianeko arduradunen aurka gogor hitz egin. Planifikatutako jokaldia izan dela diote: labea «izorratzen» utzi dutela, orain «aitzakia» modura erabili ahal izateko; gainera, sinetsita daude enpresa errentagarria denez negozioa beste norabait eramango dutela, eta labea betirako deuseztatu nahi dutela diote, konpetentziarik ez izateko. BERRIAk elkarrizketatutako langileek ez dute izen-abizenik eman nahi izan.
Guardianeko Labea itzaltzeko hiru moduak
Ez itzaltzea; alegia, bero mantentzea. Langileek hori nahiko lukete. Ekoizpenarekin orain arte bezala jarraitzea bermatuko luke, eta laster egin ahal izatea hori.
Itzaltze kontrolatua. Guardianek hori adostu du Jaurlaritzarekin. Prozesu motelagoa da, eta ez dio kalte handirik eragiten labeari. Hilabete irauten du. Hori bai, berriz martxan jartzea garestiagoa litzateke horrela, bero mantenduta baino.
Itzaltze bizkorra. Labea kolpetik itzaltzea da. Teknikariek azaldu dutenez, barruan dagoen materiala atera gabe itzaltzea da. Hala eginez gero, barruko lehengaia gogortu egiten da, eta labea erabilezin uzten du. Guardianeko jarduna betirako amaitzea eragingo luke, eta berri bat eraikitzea 40 eta 50 milioi euro artean kostatuko litzateke.
Goizalde oso nahasia izan da Laudion, tentsioz, zurrumurruz eta informazio kontrajarriz beterikoa. Itzaltze prozesuaren nondik norakoen inguruko hainbat bertsio zabaldu dira ordu gutxitan. Hasieran, langile batzordeak zabaldu du Guardianeko zuzendaritza 08:00etan hasi dela labea itzaltzen Jaurlaritzaren kontrolik gabe, baina gero gezurtatu egin dute hori, aurrelanak baino ez zirelako. Gero, hiru aldeek bilera tekniko bat egin dute itzaltze kontrolatua 11:00etan hasteko. Bien bitartean, langileak protesta egiten aritu dira bi ate nagusietan. Haien alboan 300 bat lagun elkartu dira babesa ematera.
Guardianen planta inguruko mugimendua 04:00etan hasi da, lantegikoak ez ziren langile talde bat sartu denean. Langile batzordeak azaldu duenez, zuzendaritzak kanpoko teknikariak kontratatu ditu labea itzaltzeko. Izan ere, Guardianeko langileek esana zuten ez zutela parte hartuko prozesuan. Lan hori egiteari uko egin dion igeltsero batek azaldu du enpresak ekarritako langileak atzerritarrak zirela. Alemanez mintzo zirela iruditu zaio. Itzaltze motela prozesu tekniko konplexua da, eta lehenbizi labea hustu beharra dago. Baliteke hilabetez luzatzea.
Jaurlaritzak eta Guardian Glassek asteartean izandako bilera telematiko batean adostu zuten labea nola itzali. Ainize Gastaka alkatea (EH Bildu) ere bilera horren lekuko izan zen, eta, hark azaldu duenez, bada planta erosteko «interesa» duen atzerriko enpresaren bat. Jaurlaritzak informazio hori baieztatu du, eta inbertitzaile bat baino gehiago direla zehaztu. Hemendik aurrerako hartu-emanak Jaurlaritzak berak kudeatuko ditu. Itzaltze motela egitea ezinbesteko baldintza zen inbertitzaile horiek erakartzeko. Kolpetik itzali izan balute, erosleak berria eraiki beharko luke, eta 40 edo 50 milioi euroko inbertsioa egin.
Hori bai, Jaurlaritzak berretsi duenez, itzaltze bizkorra baztertu badu ere, Guardianek itxi egingo du lantegia, eta langileak kaleratuko ditu. Imanol Pradales lehendakariak zehaztu du orain «lehentasuna» beste bazkide industrial bat lortzea dela, azpiegiturari «beste bizialdi bat emateko», eta bitartean langileak babestuko dituela.
Sindikatuen arabera, «zentzugabekeria hutsa» da aurrena labea itzaltzea eta ondoren langileen kaleratzeak negoziatzea
Sindikatuen arabera, «zentzugabekeria hutsa» da aurrena labea itzaltzea eta ondoren langileen kaleratzeak negoziatzea, baldintzatua izango delako. «Eskubide guztiak urratzen ditu», esan du Mikel Etxebarria ELAko industria alorreko arduradunak. Zuzendaritzak dagoeneko eskatua du 171 langileen kontratuak eteteko erregulazio txostena.
Langileek, berriz, bertan behera utzi dute bihartik aurrera deitua zuten greba mugagabea. Grebaren helburua zen itzaltze prozesua oztopatzea, baina, hasia dela ikusita, ez diote zentzurik ikusi. Halere, mobilizazioak egingo dituztela iragarri dute. Besteak beste, ostiralerako manifestazio bat antolatu dute, 18:00etarako.
Guardianen itxiera baliatuta, mobilizazioei izaera aldatu eta Aiaraldeako desindustrializazioa salatuko dute. «Kolpe gogorra izango da hau eskualdearentzat», dio Marcelino Otxoak, langileei elkartasuna adieraztera gerturatu den herritar batek. Inguruko hostalari eta merkatariak ere kezkatuta mintzo dira. Komunikatu bat kaleratu dute, eta instituzioei «berehalako konponbideak» eskatu.
«Labea modu kontrolatuan itzaltzen badute, hura berriz piztea garestiagoa eta motelagoa izango da, baina bada planta hartzeko interesa erakutsi duen inbertitzaile bat»
AINIZE GASTAKALaudioko alkatea
Guardianeko lantegiari estimu berezia diote Laudion eta Aiaraldean. Villosa izenpean sortu zen, duela ia 100 urte, eta garairik oparoenetan mila langile baino gehiago zituen. Soldatak onak zirela oroitu dute langileek. Baina 2012an Ameriketako Estatu Batuetako funts batek bereganatu zuen enpresa, eta erroetatik aldendu zen.
Eraikuntzarako beira ekoizten dute Guardianen, eta zuzendaritzak esan du labeko pareta batean izandako kalte larriengatik itxiko duela planta. Langileen arabera, baina, ez da horrelako kalteak izan dituen lehen aldia, eta iritzi diote konpon daitezkeela.