Gripearen mamua itzuli da

Maiatzean berriz ere gogor jo du hegazti gripeak Aturri ibarrean. Frantziak neurriak jarri ditu, ekoizpen modu industriala ezinbestean atxikitzeko. Alta, ELBren arabera, ekoizpen moduak berak areagotzen du gaitza.

Irisarrin, kanpoko hazkuntzan, ahateak. GUILLAUME FAUVEAU.
Garazi Aduriz Zuñeda.
2023ko ekainaren 9a
00:00
Entzun
Martxoan hegazti gripe kasuen beherakadak hegazti hazleak lasaitu zituela ematen bazuen ere, maiatzaren 3tik aurrera berriro ere zarta egin dute kasuek. Gers eta Landetan (Okzitania) abiatu da epizootia, baina fite hedatu da Lot eta Garona eta Biarnora (Okzitania). ELBren arabera, maiatzean gaixotasunak eduki duen hedapen abiadura «ez da sekula ikusi»: «900.000 hegazti hil dituzte hilabete baino gutxiagoan».

Hegazti gripe kasuen beherakada ikusirik, Frantziako agintariek lurraldeko egoera «arrisku handitik arrisku moderatura» pasatu zuten apirilean. «Hegazti migratzaileen pasaia bukatutzat eman zuten, besteak beste», azaldu du Patrick Dagorret ahate hazle eta ELBko kideak, «baina ustekabean berriz piztu da eritasuna». ELBk argi du arrisku egoera batetik bestera pasatzean «alorrak bere ohitura zaharrak» berreskuratu dituela, hala nola dentsitate handiak, abereen eta langileen garraio etengabeak, material trukeak... «Sorpresarik gabe, kausa berberek ondorio berberak ekarri dituzte, enegarren krisi honen erantzukizuna ez da frogatzekoa».

Maiatzaren hasieratik 26ra arte, 81 birus abiagune identifikatu dituzte Aturri ibarrean: 54 Gersen, 24 Landetan eta hiru Biarnon. Ipar Euskal Herrian oraino ez da abiagunerik identifikatu, eta ezein herritan ere ez da neurririk behar izan.

Izan ere, hegazti gripearen hedapena galarazteko neurriak jarri ditu Frantziak. Patrick Dagorretek azaltzen duenez, «guneak zehaztu» egiten dituzte. Hau da, birusaren abiaguneak identifikatzen dituzte, eta, hamar kilometroko biran hegazti guztiak hiltzen dituzte. 20 kilometroko biran, berriz, hegaztiak mugitzea debekatzen dute salbuespen baimenik ezean. Horrez gain, abere tropetan hegazti berriak sartzea debekatzen da, eta erregularki jarraipen birologikoa egitea eskatzen da. Horrela, maiatzaren 30ean, Biarnoko 269 herri jarri zituen Pirinio Atlantikoetako prefeturak neurriak ezarriak dituzten guneetan.

«Hazkuntza eredu industrialarentzat eginak dira neurri horiek», deitoratu du Dagorretek. Hain zuzen, azaldu du ezin daitezkeela erkatu «etxalde industrialak eta etxalde txikiak». Industrialak 30.000 hegaztiko etxaldeak izan daitezke. Horrek beste kudeaketa bat eskatzen du. Hau da, etxalde handietako laborariek ezin izaten dute dena haiek berek egin. Beraz, hegaztiak alde batetik bestera mugiarazten ditu horrek. «Adibidez, etxalde batean jaiotzak kudeatzen dituzte; ondoren, hegaztiak beste etxalde batera eramaten dituzte egun bat dutenetik hiru hilabete egin arte; ondoren, galkatzera eramaten dituzte, oraino beste etxalde bat arduratuko da hortaz; eta, azkenik, hiltzeko mugituko dituzte», azaldu du hegaztizainak.

Hegaztien etengabeko mugimenduaz gain, laborariek kanpoko enpresak deitzen dituzte hegaztiei zaintza batzuk ekartzeko, hala nola hegaztiak alde baterik bestera mugitzeko. Enpresa horiek hainbat etxalderekin batera ibiltzen dira lanean, eta Dagorretek uste du horrek ere birusa barreia dezakeela.

«Etxalde txikietan berriz, modu autarkikoan ari garela diogu». Alegia, autosufizientzia da hazle horien helburua. Gehienez ere 900 hegazti dituzten «tropa txikiak» ez ezik, etxean sortu eta hiltzen diren hegaztiak ere izaten dituzte. «Ez dira mugitzen, eta, ahate anitz ez direnez, laborari bakar batek egin dezake lan guztia».

Horrela, hazleak azpimarratu du gaur-gaurkoz Frantziako Estatuak jartzen dituen neurriak zentzugabeak direla etxalde txikiei dagokienez: «Gure etxaldeek ez dute arras arriskurik, eta, gure abereek hegazti gripea ukaiten ahal badute ere, ez dugu zabaltzerik egiten». Hegazti gripeak «gogor jotzen» duela azaldu du Dagorretek, eta hunkitua den etxaldeko hegaztiak hil egin behar izaten dituztela, baina hamar kilometroko birakoentzat «ELB jada agertu da ahate hiltzeen aurka. Laborantza Ministerioarekin mintzatzen ari gara neurriak etxaldeen arabera egokituak izan daitezen; momentuko ez dute sobera ulertu nahi». Frantziak hegaztiak hiltzean hazleei kalte ordainak ematen badizkie ere, Dagorretek nabarmendu du «aski izaten ez» dela; are gehiago, denbora aurrera doan heinean «gero eta eskasagoa» dela ordaina.

Bide beretik, ELBko kideak uste du azken hilabeteetan zehazten ari diren hegazti gripearen aurkako txertaketa estrategia hazkuntza eredu industrialari egokitua zaiola. Hegaztiak gaixotu ez daitezen biosegurtasun neurri batzuk eskatzen ditu Frantziak; besteak beste, materiala esterilizatzea, langileek higiene neurri zorrotzak betetzea, eta hegaztiak barnealdean atxikitzea. «Argi dago ez dela martxan, eta orain txertoa dute azken xantza». Dagorretek uste du eritasunei ihardukitzeko azkarragoak egiten dituela hegaztiei bizi baldintza onak emateak, adibidez, tropa txikitan eta kanpoan haziz.

«Hazkuntza eredu industrialak bere mugak erakusten» ditu, haren aburuz, eta txertoa eredu hori «mantendu» ahal izateko garatzen ari dela. «Frantziako Estatuak erantzukizuna bere gain hartu beharko luke, eta eredu hau eraldatu beharko luke». Hain zuzen, ekoizpen eredua jotzen baitu gaitzaren garapenaren erantzuletzat.

Ikusi gehiago:Hegazti gripearen aurkako txertoak prest egon behar luke udazkenerako

 
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.