Europako Batasunak azken ordurako utzitako lanak are gehiago atzeratzeko ohiturarekin jarraitzen du. Astelehenean onartu behar zuen Greziari erreskatearen azken zatia ematea, baina hori egiteko akordiorik ez dagoenez, erabakia atzeratu egingo da.
Greziako Gobernuak dirua jasotzea espero zuen astelehenean bertan, ostiralean 5.000 milioi euro itzuli behar dituelako, eta ez duelako dirurik kutxetan. Horretarako, etxeko lanak bukatzen ari da: asteazken gauean Atenasko parlamentuak onartu egin zuen gastua 13.500 milioi euro murrizteko plan bat, laugarrena azken hiru urteotan. Bihar du bozkatzekoa 2013ko aurrekontua.
Baina erreskatea emateko, aurretik troikaren txostenaren oniritzia behar dute euroguneko gobernuek, eta artean ez dute itxi,Nazioarteko Diru Funtsa eta EB lehian baitaude Greziaren zor publikoaren eramangarritasunaren inguruan. NDFk dirua emateko baldintzetako bat da zor hori eramangarria izatea, eta Greziaren kasuan hitzartu zuten 2020rako BPGaren %120 izango zela. Bigarren aldiz zorra barkatzen ez badiote,Greziak ezingo du helburu hori lortu, 2014rako %190era iristekoa delako. Greziaren hartzekodun nagusiak EBZ eta EBko kideak dira, eta ez daude zorra barkatzeko moduan.
Erreskatea ez eman arren, Greziak datorren astean porrot ez egiteko modua aurkituko dutela iragarri dute EBko iturriek.
Aurrekontuak Alemanian
Bere aurrekontuetan Greziak baino askoz marjina handiagoak izan arren, Alemaniak ere bere gerrikoa estutu nahi du. Atzo, gobernu koalizioko bi partaideek hitzartu zuten 2013ko kontuetan gastua %3,1 gutxitzea. Horrela lortu nahi dute datorren urtean defizit publikoa barne produktu gordinaren %0,34ra jaistea eta 2014rako oreka lortzea. Berez, 2016ra arte du zero defizita lortzeko, baina Berlinek etsenplua eman die EBko bazkideei.
Europako hiriburu gehienetan, ordea, nahiago lukete Alemaniak zerga diziplina arinduko balu, haren kontsumoaren beharra baitute atzeralditik ateratzeko. Alemaniako ekonomia bera hasi da nozitzen bere bazkideek produktu gutxiago erosten dizkiotela: esportazioak etaindustriaren produkzioa jaitsi egin dira.
Europako Batasunaren aurrekontuak ere negoziatzen ari dira. Bilera luzea egin zuten atzo Bruselan EBko gobernuek eta Europako Parlamentuko ordezkariek. Akordioa lortzea ezinezkoa zela ikusita, bilera utzi zuten europarlamentariek. 2013ko kontuak ez ezik, 2012ko kontuen zuzenketan ere ez dira ados jartzen. Bruselak 9.000 milioi euro eskatu dizkie estatukideei Erasmusen eta beste programa batzuetan dauden beharrak betetzeko. Alemania eta Erresuma Batua buru zituen talde batek ezezkoa eman dute.
Greziari ez diote astelehenean emango erreskatea
Atenasen zorraren eramangarritasunari buruzko desadostasunek trabatu egin dute akordioa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu