Grezian, 2011ko hirugarren greba egingo dute gaur murrizketen aurka

Europako Batasunaren eta EBZren artean desadostasunak daude bigarren erreskatearen moldeari buruz

Erredakzioa
2011ko ekainaren 15a
00:00
Entzun
Europako Batasuna Greziari dirua gehiago uzteko formula bila dabilela, greziarrak kalera aterako dira gaur Bruselako eta Atenasko agintariek beren lepo jarri nahi dituzten gastu publikoaren murrizketak salatzera. GSEE eta ADEDY sindikatu nagusiek 2011. urteko hirugarren greba egunera deitu dituzte gaur greziarrak.

Manifestazio handiak espero dituzte Greziako hirietan, sindikatuen protestari haserretuen mugimenduarena batu zaie eta. Atenasen, parlamentuaren egoitza inguratzen saiatuko dira protestariak, austeritate neurri berriak eztaibaidatu behar dituzten diputatuak ganberara sar ez daitezen. Protesta luzatzeko asmoa adierazi du Syntagma Plazako Herrien Batzarra izeneko taldeak: «Ez gara austeritate plana atzera bota arte mugituko».

Greziarren protestari jaramon handirik egin gabe, herrialde hartako gobernuak zorra pagatzeko behar duen laguntza hitzartzeko bilera bereziak egin zituzten atzo Europako Batasunean. Arratsaldean, euroguneko finantza ministroak bildu ziren, eta gauean eurotik kanpo dauden herrialdeetako ordezkariak batu zitzaizkien. Bigarren erreskate horretan inbertitzaile pribatuek zer-nolako parte hartzea izan behar duten erabakitzea da gakoetako bat. Europako Banku Zentralak, Mario Draghi hurrengo presidentearen bidez, berriro salatu du zorraren ezein berregituraketa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.