Aukeratu nahi dituzun buletinak. Beti aurkituko duzu zerbait interesgarria irakurtzeko eta informatuta egoteko.
Jarraitu:
Ekonomia
Greziak aurretik duena
Bihar amaituko da ofizialki Greziaren hirugarren erreskate programa. Zortzi urtez euroguneko eta NDFko kredituen beharra izan du finantzatzeko, trukean erreforma eta murrizte mingarriak eginda. Irteera prest dago, baina zorpetze zama handia du.
Greziarentzako lehen erreskatea 2010eko maiatzaren 2an onartu zuten. Kreditu emaileek babestuta, 3.000 egun baino gehiago igaro ditu, bihar amaituko den amesgaiztoa.
NOIZ BUKATUKO DA
ERRESKATEEN AROA?
Ofizialki, bihar bukatzen da Greziako hirugarren eta azken erreskate programa. Etzi, bere kasa ariko da berriro gobernua.
ESKUAK ERABAT LIBRE
IZANGO DITU GREZIAK?
Egia da kreditu emaileek Greziako egoera hiru hilabetean behin ikuskatzen jarraituko dutela, eta aurrera begira bete beharreko baldintza batzuk hitzartu direla. Baina egia da, halaber, gobernuak ez duela Europako erreskate funtsetik etorriko zaion diruaren zain egon beharko. Bukatu dira finantzaketa horren truke egin beharreko erreformak eta murrizketak aski izan diren edo ez erabakitzeko prozedura luze eta gatazkatsuak. Bihartik aurrera, Greziako Gobernuaren ardura izango da bere politikak gauzatzeko dirua lortzea.
ZENBAT DIRU ESKAINI ZAIO?
Nazioarteko erakundeek 350.000 milioi baino gehiago jarri zituzten Greziako Gobernuaren eskura. Diru hori guzti hori ez da erabili, ordea. Kontuan hartu behar da artean lehen erreskate programa amaitu gabe zegoela hitzartu zela bigarrena. Bigarren programa osorik ez betetzea eragin zuten Europako erakundeen eta gobernuaren arteko desadostasunek. Hirugarrenean, berriz, laguntzaren parte esanguratsu bat erabiltzeko beharrik ez da egon.
KREDITU EMAILEEI ZENBAT
BUELTATU BEHARKO DIE?
Greziako erreskateak ordaintzeko 288.000 milioi inguru bideratu dira, herrialdeko BPGaren %162. Sektore pribatuari 2012an egindako kita finantzatzeko dirua kopuru horren barruan dago.
NORK JARRI DU DIRUA?
Diruaren %90 euroguneko bazkideek jarri dute, hainbat tresnaren bidez. Lehen erresk0atean alde biko maileguak izan ziren. Denek parte hartu zuten, Eslovakiak izan ezik. 52.900 milioi izan ziren, orotara. Bigarren erreskatea EFSF behin-behineko erreskate funtsetik jarri zuten: 141.800 milioi. Hirugarren erreskatea ESM funts iraunkorrak bideratu du, eta 61.900 milioiren kredituak eman ditu. Horrekin batera, Nazioarteko Diru Funtsak 32.100 milioi jarri zituen lehen eta bigarren erreskate programetan, baina ez du parte hartu hirugarrenean.
NOIZ ARTE JARRAITUKO DU
GREZIAK ORDAINTZEN?
2060. urteko abuztuaren 6an kitatuko du Europako erakundeekin dituen zor guztiak. Ia 42 urte beharko ditu, alegia.
42 URTE PAGATZEN, EZ OTE
DA DENBORA ASKO?
Bada. Epe horretan atzera eginez gero, 1976ko irailaren hasiera litzateke. AEBetako presidente berria izateko lehia estuan zebiltzan Jimmy Carter eta Gerald Ford. Europako Ekonomia Erkidegoa bederatzi herrialdek baino ez zuten osatzen. Euskal Herrian, preso politikoak apurka hasi zirenkalera ateratzen lehen amnistia partzialaren bidez. Hegoaldean diktadura osteko lehen hauteskundeak oraindik egin gabe zeuden. Greziako egungo populazioaren hiru laurden jaio gabe zeuden duela 42 urte.
HASI DA GREZIA DAGOENEKO
ERRESKATEAK BUELTATZEN?
Zor dion dirutik bi heren bueltatu dizkio NDFri, eta zorraren parte hori kitatuko du 2024. urterako. Gainerakotik, bigarren erreskateko 10.900 milioi kendu zituen. 255.800 bueltatu behar ditu oraindik. 2020an hasiko da lehen erreskateko maileguak itzultzen. 2033an eta 2034an ekingo dio beste bi erreskateak bueltatzeari. Greziako zorraren hiru laurden inguru dago uneotan kreditu emaile publikoen eskuetan.
JASANGARRIA DA GREZIAK
DAUKAN ZORPETZEA?
Horixe da kezka nagusia. Greziak 345.000 milioi zor ditu, zorpetzea kudeatzeko agentziaren arabera. Hirugarren erreskatea amaitu baino lehen, joan den ekainean,neurri batzuk hitzartu zituzten Eurotaldeak eta Greziak, zorpetzea bueltatzeko prozesua arintzeko eta luzatzeko. Ez zaio maileguan hartutakoaren euro bat ere barkatu, baina eramangarriagoa izan dadin egokitu da ordainketen egutegia. Horrekin jasangarria izango dela ziurtatu dute.
NORBAITEK USTE DU ZOR
DENA EZINGO DUELA ITZULI?
NDFk. Funtseko teknikariek zorpetzeari buruzko azterketa propioa egin dute, eta ez daude konbentzituta. Baikorregia iruditzen zaie iragarritako bide orria. Greziak 2022. urtera arte %3,5eko superabit primarioa eduki beharko du, eta %2,2koa horren ondoren, 2060ra arte. Nekez dago hain epe luzean halako emaitzak izan dituen herrialderik. Funtsari %1,5 helburu errealistagoa iruditu zaio. Oharra egin du NDFk, gainera: 2038. urtetik aurrera finantzaketa beharrak pilatuko zaizkio Greziari, eta orduan zorra arintzeko neurri gehiago martxan jarri beharko dira, nahitaez.
ERRESKATEAREN IRTEERA
BERMATUTA DAGO?
Greziak 24.100 milioi euroren erreserbak ditu. Diru horrekin, datozen bi urteetarako finantzaketa behar guztiak estalita lituzke, eta lau urterako dirua dago, dagoeneko kalean dituen altxorraren bonuak birfinantzatzeko arazorik ez badu. Alde horretatik, ez da aparteko ezusterik espero. Luzera begira, kreditu emaileen eta Greziaren arteko akordioakateak irekita utzi dizkio 2032an zorra arintzeko neurriak berriro aztertzeari. Inbertitzaileak lasai egoteko adina dela uste dute.
NON EGON DAITEZKE
ARAZOAK ORAIN?
Bankuen egoera kezka iturri da. Greziako finantza erakunde nagusiek gainditu dituzte EBZren azterketak, eta erreserbak hornitu dituzte. Hala ere, atzeratuta dagoen edo ustela den kreditu asko dute (%50etik hurbil dago). Bankuek kreditu hori nabarmen murrizteko konpromisoa hartu dute. Halaber, ikusteko dago hedatzen hasia den ekonomia batek behar duen mailegu berriak emateko gai izango ote diren. Bankuei, bestalde, zailagoa egingo zaie asteartetik aurrera diru merkea lortzea, EBZk bertan behera utziko baitu orain arte Greziako zorpetzea berme gisa erabiltzeko ematen zien salbuespena.
NOLA PRESTATU DU
GOBERNUAK IRTEERA?
Aurrera begirako asmoak biltzen dituen plana prestatu du gobernuak, lehiakortasuna eta produktibitatea bultzatzeko asmoarekin. Banku sektorea indartzeko neurriak aurreikusi dituzte, eta 2015. urtetik indarrean egon diren kapital kontrolak gehiago lausotuko dira. Krisian hartutako neurri batzuk berraztertuko ditu, eta hori ez zaie gehiegi gustatu kreditu emaileei. Gutxieneko soldata igo, negoziazio kolektiboa berriro indarrean jarri, eta programa sozialak berrikusi nahi ditu gobernuak, besteak beste.
GOBERNUARI MESEDE
EGINGO DIO IRTEERAK?
Gobernua osatzen duen koalizioarentzako oso garrantzitsua zen erreskateak amaitzean zorrak arintzeko neurriak hitzartuta egotea. Aurrera begirako argazki baikorrago bat irudikatzeko aukera emango dio Alexis Tsipras lehen ministroari. 2019. urteko urrirako daude aurreikusita hurrengo bozak. Oraintxe, inkesta guztiek abantaila ematen diote ND Demokrazia Berria alderdi eskuindarrari.