Greziari egin zion kalterik handiena Europako zorraren krisiak, Espainiari baino are larriagoa. 2009tik 2019ra, NDF Nazioarteko Diru Funtsak, Europako Batasunak eta Europako Banku Zentralak hiru aldiz erreskatatu zuten Greziako errepublika. Ordainetan, egituraren moldaketa gogor bat egin behar izan zuten: murrizketak egiteko hamabost neurri sorta, funtsean. Horrek guztiak alor guztietan izan zituen ondorioak: pentsioak apaldu zituzten, funtzionarioak lanetik bota, zergak igo, eta abar. Amesgaizto bat, sekula bukatzen ez zena. Orain, berriz, ekonomia egonkortuta dago, eta greziarrak lasaiago, baina oraindik ere ordaintzen ari dira austeritatearen alde garesti hori.
Urte askoan lehenbiziko aldiz, onak dira adierazle makroekonomikoak. Alemaniak atzeraldia gertu duen honetan, Greziako ekonomia hazten ari da azken urteotan, Europako batezbestekoa baino gehiago hazi ere. Aurten %2,5 handituko dela espero dute. Horren eragileetako bat, turismo sektore oparoa: Greziak, 12 milioi biztanle izanik, 36 milioi turista hartu zituen iaz.
«Pandemian gaizki ibili ginen, baina turismoa gora doa urtez urte, eta COVIDaren aurreko mailaraino iritsi da», azaldu du Giannis-ek. Hotel bat du Delfosen, Apoloren tenplutik oso gertu, eta, bertan du, beraz, harako orakulu mitiko hura, antzinako Greziako agintariei erabakiak hartzen laguntzen zien hura. «Zergak ez, horiek ez dira finantza krisiaren aurreko zergen parekoak. Ordaindu eta ordaindu besterik ez dugu egiten», azaldu digu adineko gizon adeitsu horrek.
Baina turismoaren goraldia ez da Greziako ekonomiaren datu on bakarra. «Aurreikusita dago Greziako ekonomiak goraka segitzea. Finantzak orekatuta daude, eta merkatuek konfiantza ematen dute. Rating agentziek ez dituzte 'zabortzat' jotzen bonuak; aitzitik, 'inbertsio moduan' erosteko gomendatzen dute», Greziako Makropolis z-aren arduradun Nick Malkutzis-ek azaldu duenez.
Atenas erakargarria iruditu zaie multinazional batzuei, hala nola Pfizer-i eta Microsoft-i, eta egoitza zabaldu dute han. Hain zuzen, industriaren boom txiki bat gertatzen ari da. Nolanahi ere, zor publikoa oso-oso poliki apaltzen ari da: %160tik gorakoa da oraindik, EBko handiena.
Trikimailurik ez
2019az geroztik, Kiriakos Mitsotakis da lehen ministroa, Demokrazia Berriko burua, eskuin tradizionalekoa. Bigarren aldiz aukeratu zuten iaz, alde handiz: egonkortasuna ekarriko zuela agindu zuen, eta ez zela finantza gorabehera gehiagorik izango. «Lehen ministroarentzat, funtsezkoa da defizita kontrolatzea. Zaila izango da gastua handituko lukeen neurririk onartzea. Marra gorri bat da: kontularitzan ez da inolako trikimailurik erabili behar defizita ezkutatzeko edo luzatzeko», segurtatu du Mitsotakisen hurbileko batek.
«Finantzak orekatuta daude, eta merkatuek konfiantza ematen dute. Rating agentziek ez dituzte 'zabortzat' jotzen bonuak; aitzitik, 'inbertsio moduan' erosteko gomendatzen dute».
NICK MALKUTZISMakropolis think tank-aren arduraduna
Syriza, bost urtean murrizketak ezarri behar izan zituen alderdia, ezkerreko oposizioko indar nagusia da orain, eta ez du begi onez ikusten gobernuaren austeritate gehiegizkoa. «Gure ustez, herritarren erosahalmena handitzea lehenetsi behar da orain, eta zerbitzu publikoen mailari eustea. Osasun sistema kolapsatuta dago», esplikatu du Giannis Burnus-ek, Syrizako batzorde eragileko kideak.
Grezia gai izan zen COVIDaren lehen agerraldia ondo gobernatzeko, baina bigarrena eta hirugarrena arrunt gogorrak izan ziren, batez ere landa aldean. «Osasun publikoan egindako murrizketek guztiz hondatu zuten sistema, batez ere hiri handietatik kanpo. Atenas eta Tesalonika alde batera utzita, ez zegoen zainketa intentsiboetako instalazio nahikorik», azaldu du Malkutzisek.
Lehengo astean, parlamentuan eztabaidan aritu ziren bizitzaren kostua arintzeko neurri batzuen gainean —oinarrizko produktu batzuen BEZa jaisteaz, besteak beste—, baina gobernuan den gehiengoak baztertu egin zuen proposamena: «Gobernuak argudiatu zuen 45.000 milioi euro kostako zirela neurri horiek hurrengo lau urteetan, barne produktu gordinaren %25, eta horrek beste erreskate baten mamua piztu zuen», esan du Malkutzisek.
«Zerga sistema erreformatuko bagenu iruzurrari aurre egiteko, handitu egingo lirateke estatuaren diru sarrerak. Baina Mitsotakisek ez du halakorik egingo, lagunak ditu-eta oligarkak». GIANNIS BURNUS Syrizako batzordeko eragileko kidea
Burnusen irudiko, Atenasko gobernuak badu zerbait egitea bizitzaren kostu garestia arintzeko. «Zerga sistema erreformatuko bagenu iruzurrari aurre egiteko, ba, handitu egingo lirateke estatuaren diru sarrerak. Gainera, badaude esku hartzeko beste bitarteko batzuk: konpainia handien etekin itzelak mugatzea, prezioak kontrolatzea... Baina Mitsotakisek ez du halakorik egingo, lagunak ditu-eta oligarka horiek», biribildu du Burnusek. Iazko hauteskundeetan kolpe handia hartu zuenez, Syrizak zain geratu beharko du, eta haren proposamenak ere bai. Austeritatea dute Grezian, eta luzarorako.