Grebarik ez Petronorren

Langileen batzordeak adostu du aparteko orduak murrizten dituen akordioa zuzendaritzarekin. CO2 isuriak jaitsiko dit findegiak

Paulo Ostolaza.
2019ko uztailaren 13a
00:00
Entzun
Uztailerako, abuzturako eta irailerako eginak zituen greba deialdiak Petronorreko enpresa batzordeak. Atzo eguerdiko ordu bietan zen hastekoa uztaileko lanuztea —ekainean egin zuten lehena—, baina bertan behera geratu zen, batzordeak akordio bat lortu ostean zuzendaritzarekin. Irailera bitarteko deialdi guztiak ezeztatu ditu.

Langile batzordearen gehiengoak babestu zuen erabakia. Enpresa batzordea pozik agertu da, zuzendaritzak «langileen eskaerak» onartu dituelako. Akordioak «berehalako neurri batzuk eta epe ertainerako beste batzuk» biltzen ditu, murriztu daitezen «kontrolik gabe hazten ari diren ordu estrak».

Lanuzteen helburu nagusiak ziren lan taldeak egiten dituen aparteko orduak murriztea eta egiturazko postuak betetzea. 2017an Ekoizpen Zuzendaritzan 22.469 aparteko ordu egin zituzten,; 2018an, 20.586; eta 11.156, berriz, 2019ko lehen lau hilabeteetan. Horrek langileen osasunari eta segurtasunari kalte egiten diela salatu zuen batzordeak.

Beste neurri batzuen artean, adostu da 75 pertsona instalazioko operadore izateko trebatzea 2020ko urria baino lehen, baita hamar egun baino gehiagoko gaixoaldiak ordaintzea ere; bi langile gehiago jarriko dira produkzio arloko egituran, eta langileek baimenak hartu ahal izango dituzte unitateak abiatzeko eta gelditzeko sekuentzietan.

Enpresa batzordearen arabera, neurri horiek izango dira Petronorreko hurrengo lan hitzarmenaren oinarria. Gaineratu dutenez, bere horretan ez dira nahikoa «findegian gehiegizko orduen erruz familia bizitza bateragarri egiteko dagoen arazoa konpontzeko». 2020an hasiko da negoziazioa.

Emisioen murrizketa

Petronorrek P1 plataformako Packinox trukagailua aldatu du azken belaunaldiko bat jartzeko. Findegiak ohar batean adierazi duenez, urtean 5.500 tona CO2 gutxiago isuriko ditu aldaketa horri esker.

Packinox beroa leheneratzeko gaitasun handia duen bero trukagailu bat da, plaka motakoa. Gasa eta likidoa nahasteko duensistemak P1 unitatearen produktibitatea hobetuko du, energia kontsumoa murriztuz aldi berean.

Aldaketa hori Petronorren CO2 isuria murrizteko planaren barruan kokatzen da; helburuak dira findegiaren ingurumen inpaktua murriztea eta eraginkortasun energetikoa hobetzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.