Gerra Ukrainan. Garraiolarien protesta

Grebari eutsi diote haren deitzaileek, eta Hiruk bihar erabakiko du

Garraiolariei hogei zentimo merkatuko diete erregai litroa, eta 450 milioi euroren laguntzak eman. Hiru euskal garraiolarien sindikatuak dio ez direla babestu autonomoen interesak

Euskal garraiolariek parte hartu zuten Madrilen egindako manifestazio handian, atzo. FERNANDO ALVARADO / EFE.
Xabier Martin - Iker Aranburu
2022ko martxoaren 26a
00:00
Entzun
Bigarrenean ere kale egin du Espainiako Gobernuak. Dirua mahai gainean jarri arren, ez du lortu azken bi asteetan industriaren jarduna trabatu, hainbat fabrika gerarazi eta supermerkatuetako apal asko hutsarazi dituen garraiolarien greba amaitzea. Atzoko ordu txikietan akordio bat egin zuen garraiolarien patronalekin, besteak beste, garraiolariei hogei zentimoko deskontu bat emateko gasolio litroko. Akordioa besapean zuela, Raquel Sanchez Garraio ministroak azkenean onartu egin zuen grebaren deitzaileekin biltzea, baina bilera horrek ez zuen esperotako fruiturik eman, eta Plataforma Nacional por la Defensa del Transporte por Carreterak protestarekin aurrera jarraitzea erabaki zuen. Ikusteko dago jarrera horrek zer eragin duen Hego Euskal Herrian, grebalari gehienak protestara beren kasa batutakoak baitira, besteak beste Bilboko portuko garraiolari autonomoak eta Hiru kamioilari autonomoen sindikatua.

Hiruk ezohiko batzarra egingo du bihar Altsasun (Nafarroa), eta hor erabakiko du zer egin. Dena den, Hiruko zuzendaritzak aurreratu du Madrilek egindako azken proposamena ez dela nahikoa, «patronal handiekin» egindako akordioa delako, eta horien interesak lehenesten dituelako. CNTC garraiolarien patronal handia garraiolari autonomoen «egoera prekarioaren erantzuleetako bat da». Hiruk uste du «funtsezko aldagai batzuk» ez direla jorratu akordioan, edo azaletik ukitu direla bakarrik, «azpikontratazio etengabea, esaterako».

Hiruk gogorarazi du kostuen azpitik zerbitzuak egiteko debekua ere ez dela ezarri. Hori izan da, hain zuzen ere, Manuel Hernandez plataformako ordezkariak emandako argudioa protestarekin aurrera jarraitzeko. Behin-behineko neurriak eskatu ditu kostuen azpitik lan ez egiteko, baina ez ditu nahi zituen segurtasunak eskuratu ministroaren ahotik. Hernandezen arabera, Sanchez ministroak esan dio gai horri hilabete batzuk barru helduko diotela, lege proiektu batekin, baina bitartean ezin dutela ezer egin. Plataformako ordezkariak ministroari erantzun dio asteburuan bermeak jaso ezean grebari eutsiko diotela.

Dena den, Hiruren eskaeren artean badago Hego Euskal Herriari soilik eragiten dion bat: bertako errepideetan kamioientzat bidesariak ez jartzea, eta horri buruz hitz egin nahi dute foru aldundiekin eta Nafarroako Gobernuarekin, haienak baitira errepideak. Bilera horietarako data zein den ez dute jakinarazi oraindik.

Bilboko Portua eta Tradisna

Europako beste herrialdeetan neurriak hartu eta gero, jakina zen garraiolariek deskontua izango zutela beren kamioien eta furgoneten deposituak gasolioz betetzen dituztenean, eta neurri zehatzak eskaini ditu Madrilek: 20 zentimokoa izanen da deskontua. Laguntzak ekainaren 30era arte iraungo du. Dena dela, ez dute baztertu gehiago luzatzea.

Halaber, Madrilek beste laguntza ekonomiko sorta bat jarriko du martxan. 450 milioi euro inbertituko ditu horretan. Garraio enpresei bideratuak izango dira laguntza horiek, eta ibilgailu motaren araberakoak izango dira zenbatekoak.

Plataformako kideak ministroarekin bildu aurretik, gune logistikoaren jarduna moteltzen ari direnek, Bilboko Portuko Garraiolari Autonomoen Elkartekoek, ez dute asmo handirik erakutsi lanera itzultzeko. Trapagaranen (Bizkaia) biltzekoak dira erantzun bat emateko, baina protestarekin aurrera jarraitzearen aldeko mezu garbi bat helarazi zuen haien bozeramaileak, Santi Sanchezek: «Grebak jarraitu egingo du, eta Bilboko portuak geldirik jarraituko du». Akordioa «ona baina motza» iruditu zaio Sanchezi: «Niri diru laguntza batek ez dit ezertarako balio; gaurko ogia eta biharko gosea da».

Grebarekin bat egin duen beste elkarteetako bat Nafarroako Garraiolarien Elkartea (Tradisna) da. Alberto Latorre koordinatzaileak adierazi duenez, akordioa «apur bat motz» geratzen da, «baina bada zerbait». Jakinarazi du elkarteak dituen 800 bazkideek laster erabakiko dutela grebarekin jarraitu ala ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.