Grebaren garrantzia aldarrikatuko du ELAk Maiatzaren Lehenean

Sindikatuak adierazi du greba beharrezkoa dela gobernuen ekintzarik ezari aurre egiteko. Bilbon eta Iruñean egingo dituzte manifestazioak

Mitxel Lakuntza eta Amaia Muñoa Maiatzaren Lehena aurkezten, atzo, ELAren Bilboko egoitzan. ELA.
Olatz Silva Rodrigo.
Bilbo
2023ko apirilaren 25a
00:00
Entzun
ELAk badauka Maiatzaren Lehenerako leloa: Borrokan, irabazteko. Lelo horrekin, grebaren eta borroka sindikalaren balioa aldarrikatuko dute datorren astelehenean. «Borroka sindikala eta greba lotuta daude lorpenekin; grebarik gabe, ez dago lorpenik», adierazi zuen Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak atzo, Langileen Nazioarteko Eguna aurkezteko antolatu zuten prentsaurrekoan, Bilbon. Hiri horretan eta Iruñean egingo dituzte manifestazioak. Biak 11:30ean hasiko dituzte: Bilbokoa Jesusen Bihotza plazan, eta Iruñekoa, berriz, Gazteluko plazan.

Lakuntzak adierazi duenez, Maiatzaren Lehena «testuinguru zailean» helduko da. «Langile klasea %15 gehiago ordaintzen ari da jakiengatik, eta, batez beste, 3.600 euro gehiago urtean hipotekengatik». Bankuak, oligopolio energetikoak eta elikagaien banatzailerik handienak, berriz, «etekin historikoak» lortzen ari dira. Testuinguru hori azaltzeko, bi arrazoi aipatu ditu Lakuntzak: gobernuen ekintzarik eza eta patronalen blokeoak.

«Urkulluren eta Txibiteren gobernuek ez dute neurri esanguratsurik hartu hain testuinguru gogorrari aurre egiteko». Salatu duenez, Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren «lehentasun bakarra» abiadura handiko trena da. «Esaten dute ez dagoela dirurik Osakidetzarako edo etxebizitzaren arlorako, baina AHTa bultzatzeko badago». Are gehiago, Lakuntzak zera azaldu du: Airef kontu publikoen Espainiako agintaritzak argitaratu duenez, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak «1.000 milioi euro gastatzeari» uko egin diote. «Gutxi gorabehera, bakoitzak 500 milioi euro ez gastatzea erabaki du». ELAren ustez, bi gobernuak ekonomia eta enpresaren arloko «botereen» menpe daude.

Patronalen blokeoak dira bigarren arazoa. Sektore feminizatuetako hitzarmenetan nabarmenagoa da blokeoa, Amaia Muñoa idazkari nagusiaren albokoak esan duenez. «Zahar etxeak, etxez etxeko laguntza eta garbiketa zerbitzuak, besteak beste». Muñoaren arabera, sektore horietan borroka luzeak egitera behartu dituzte lan baldintzak hobetzeko. Eta lorpenak izan dituzte: «Akordio onak lortu ditugu; horren adibide dira Gipuzkoako ehungintza eta ostalaritza hitzarmenak». Gogoratu du azpikontrata publiko eta pribatuetan soldata arrakalari aurre egiteko akordioak lortu dituztela garbiketa sektoreko azpikontraten arloan. «Batzuetan, arrakala desagerrarazi dugu; beste batzuetan, berriz, mugatu».

2022ko urtekaria

2022an greben bitartez lortutako «garaipenak» urtekari batean bildu ditu ELAk; «86 garaipen» izan zituzten iaz. «Lau egunean behin», azpimarratu du Muñoak. «Grebarena ez da bide erraza, baina, beharrezkoa den heinean, grebarako prestatzea dagokio sindikatuari». Muñoaren ustez, beharrezkoa da «greben bidez lortutako fruituak» azaleratzea. Horregatik, urtekaria urtero argitaratzea erabaki dute.

Lakuntzaren arabera, grebek hitzarmen onak ekartzen dituzte, eta, beraz, «herri hobea eta justuagoa» egiten dute. Horregatik, «ELAk erabaki du bere estrategiaren erdigunean greba jartzea». Eta gehitu du konfrontazio eredu sindikal bat dela egungo testuinguruari aurre egiteko bide bakarra. Elkarrizketa sozialaren eta sindikalismoa instituzionalizatzearen aurka agertu da ELA. «Azalpen eta iragarpen asko egin, baina erabaki gutxi hartzen dituzte».

Maiatzaren Lehenean aldarrikatzera aterako dira, baina ospatzera ere bai. «Ospatu nahi dugu langile asko prest daudela borrokatzeko, antolatzeko eta lorpenak gauzatzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.