ELAk badauka Maiatzaren Lehenerako leloa: Borrokan, irabazteko. Lelo horrekin, grebaren eta borroka sindikalaren balioa aldarrikatuko dute datorren astelehenean. «Borroka sindikala eta greba lotuta daude lorpenekin; grebarik gabe, ez dago lorpenik», adierazi du Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak, gaur goizean Langileen Nazioarteko Eguna aurkezteko antolatu duten prentsaurrekoan, Bilbon. Hiri horretan eta Iruñean egingo dituzte manifestazioak. Biak 11:30ean hasiko dituzte: Bilbokoa Jesusen Bihotza plazan, eta Iruñekoa, berriz, Gurutzeko plazan.
Lakuntzak adierazi duenez, Maiatzaren Lehena «oso testuinguru zailean» helduko da. «Langile klasea %15 gehiago ordaintzen ari da jakiengatik, eta, batez beste, 3.600 euro gehiago urtean hipotekengatik». Bankuak, oligopolio energetikoak eta elikagaien banatzailerik handienak, berriz, «etekin historikoak» lortzen ari dira. Testuinguru hori azaltzeko, bi arrazoi azpimarratu ditu Lakuntzak: gobernuen ekintzarik eza eta patronalen blokeoak.
«Urkulluren eta Txibiteren gobernuek ez dute neurri esanguratsurik hartu hain testuinguru gogorrari aurre egiteko». Salatu duenez, Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren «lehentasun bakarra» abiadura handiko trena da. «Esaten dute ez dagoela dirurik etxebizitzaren arlorako eta Osakidetzarako, baina AHTa bultzatzeko badago». Are gehiago, Lakuntzak zera azaldu du: Airef kontu publikoen Espainiako agintaritzak argitaratu dunez, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak «1000 milioi euro gastatzeari» uko egin diote. «Gutxi gorabehera, bakoitzak 500 milioi euro ez gastatzea erabaki du». ELAren ustez, bi gobernuak ekonomia eta enpresaren arloko «botereen» menpe daude.
Patronalen blokeoak dira bigarren arazoa. Sektore feminizatuetako hitzarmenetan nabarmenagoa da blokeoa, Amaia Muñoa idazkari nagusiaren albokoak esan duenez. «Zahar etxeak, etxez etxeko laguntza, ostalaritza, merkataritza eta garbikuntza, besteak beste». Muñoaren arabera, sektore horietan borroka luzeak egitera behartu dituzte lan baldintzak hobetzeko. Eta lorpenak izan dituzte: «Akordio onak lortu ditugu; horren adibide dira Gipuzkoako ehungintza eta ostalaritza hitzarmenak». Era berean, gogoratu du azpikontrata publiko eta pribatuetan soldata arrakalari aurre egiteko akordioak lortu dituztela garbikuntza azpikontraten arloan. «Batzuetan, arrakala desagerrarazi dugu; beste batzuetan, berriz, mugatu».
2022ko urtekaria
2022an greben bitartez lortutako «garaipenak» urtekari batean bildu ditu ELAk. Oro har, «86 garaipen» izan zituzten iaz. «Lau egunean behin», azpimarratu du Muñoak. «Grebarena ez da bide erraza, baina, beharrezkoa den heinean, grebarako prestatzea dagokio sindikatuari». Muñoaren ustez, beharrezkoa da «greben bidez lortutako fruituak» azaleratzea. Hori dela eta, urtekaria urtero ateratzea eta egitea erabaki dute.
«ELAk erabaki du bere estrategiaren erdigunean greba jartzea», Lakuntzak zehaztu duenez. Eta gehitu du konfrontazio eredu sindikal bat dela egungo testuinguruari aurre egiteko bide bakarra. Elkarrizketa sozialaren eta sindikalismoa instituzionalizatzearen aurka agertu da ELA. «Azalpen eta iragarpen asko egin, baina erabaki gutxi hartzen dituzte». Hori dela eta, Maiatzaren Lehenean aldarrikatzera aterako dira, baina ospatzera ere bai. «Ospatu nahi dugu langile askok erabaki bat hartu dutela: prest daude borrokatzeko, antolatzeko eta lorpenak gauzatzeko». Idazkari nagusiaren arabera, grebek hitzarmen onak ekartzen dituzte, eta, beraz, «herri hobea eta justuagoa» egiten dute.