Ekonomiaren egoera. Lan merkatua

Grebak ugaritu dira, eta negoziazio kolektiboa ez da oraindik normalizatu

Enpleguaren kalitatean gertatu den murrizketa egiaztatu du LHK-k. Araban sektoreko negoziazioa hobetu dela uste du Arrietak, eta UGTk eta CCOOk herrialdean duten presentziarekin lotu du

Tomas Arrieta Heras LHK-ko presidentea, atzo, Bilbon. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Ivan Santamaria.
Bilbo
2017ko uztailaren 20a
00:00
Entzun
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ekonomiak gaur egun dituen argilunak ongi biltzen ditu LHK Lan Harremanen Kontseiluak argitaratu duen azken txostenak. Lau ondorio nagusi atera litezke: susperraldia egonkortu da, enpleguaren kalitatea murriztu egin da, negoziazio kolektiboak erritmoa hartu gabe segitzen du, eta lan gatazkak ugaritzen ari dira, bereziki 2017. urtea hasi zenetik.

Azken datu hori adierazgarria da. Urteko lehen bost hilabeteetan 90 greba egon dira, iaz baino 25 gehiago. Bestalde, lanuzteetan aurreko urtean baino lau aldiz langile gehiagok parte hartu dute —25.000—, eta ia hiru aldiz lan jardunaldi gehiago galdu dira. Langileen ezinegona areagotzen ari da, eta kontuan hartu behar da zenbaketa horretan ez daudela oraindik islatuta hainbat enpresatan azken asteotan sortu diren krisiak.

«Negoziazio kolektiboa ez da oraindik normalizatu», adierazi zuen Tomas Arrieta LHK-ko presidenteak, txostenaren aurkezpenean. Salbuespen bat jarri zuen, hala ere: «Araban egoera hobea da». Azkenaldian, eraikuntzan, ardo merkataritzan eta salgai garraioan itunak sinatu dira. Ez zituen propio aipatu, baina Arrietak iradoki zuen, hain zuzen, aldaketa hori CCOOk eta UGTk herrialdean duten ordezkaritza zabalagoari lotuta dagoela. Ardo merkataritzan eta salgai garraioan, edonola ere, sindikatu guztiek sinatu dituzte hitzarmen berriak, baita ELAk eta LABek ere.

Joan den urtarrilean Confebask patronalak eta lau sindikatu nagusiek akordio orokorra sinatu zuten, EAEn sinatutako akordioen defentsa egiteko. Ituna sinatu izanak ez dio aparteko bultzadarik eman elkarrizketari, oraingoz behintzat. Baikor izan nahi du Arrietak, ordea. «Negoziatzen ari da. Mahaiak irekita daude, geu prozesu horren lekuko zuzenak gara». Prozesuak luzatzen ari dira, ordea. Oraintxe, 526 egun behar dituzte, batez beste, sindikatuek eta patronalak lan itun bat sinatu aurretik. Azken bost urteetako kopururik txikiena da, baina krisiaren aurretik zeuden batez besteko negoziazio epeen halako bi da oraindik.

Beste ertz bat ere badu egoerak. Espainian CCOOk, UGTk eta sektoreko patronalak EAEko ostalaritzako akordio orokorraren aurka jo dute. Arrietaren ustez, urtarrileko itunak «balio juridiko osoa» dauka, eta EAEn sinatutako edukiak estatukoen gainetik jartzea dakar. UGTk eta CCOOk EAEn ideia horrekin «konprometituta» segitzen dutela uste du, inpugnazioen bidea estatuan sindikatu horiek abian jarri duten arren.

2012. urtean PPk ezarri zuen lan erreformaren ondorioak islatzen dira negoziazio kolektiboaren argazkian. Ultraaktibitatearen amaierak Espainiako akordioetako baldintzen menpe jarri zituen 20.000 langile baino gehiago, eta egoera horri ez zaio bueltarik eman. EAEn negoziatutako edukien hedapena nabarmen mugatu du erreforma horren eraginak. 2013. urtean langileen %78k zituzten EAEn negoziatutako eta adostutako itunak. 2016. urtean %55 baino ez dira. Gainera, ia 100.000 langilek jarraitzen dute erreferentziazko itunik gabe, eurenak iraungi ondoren. Negoziazio kolektiboaren estaldura, bestalde, hamar puntu txikiagoa da emakume langileen kasuan.

Beste aldaketa bati buruz ere mintzatu zen Arrieta. Krisiaren eta lan erreformaren karietara, enpresa mailako itunak handitu ziren. Haatik, joan den urtean 56 enpresako itun berri sinatu ziren, azken lau urteetako kopururik txikiena. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan soilik enpresen %3k dituzte 50 langile baino gehiago, eta hamar baino gutxiago dituzte enpresen %83k. «Sektore mailako lan hitzarmenetan sortu den zuloa ezin da konpondu enpresako akordioen bidez», ziurtatu zuen LHK-ko buruak.

Kalitatea ez da hobetu

Enpleguaren bilakaerari ere zabal erreparatu dio kontseiluak. Lanpostuen egonkortasuna, lanaldia eta baldintzak —soldatak, batez ere— aztertu ditu, eta argi du Arrietak: «Enpleguaren kalitateak erorketa esanguratsua izan ditu hiru alorretan».

Aldi baterako kontratazioa nagusi dela jakina da, baina datu horietan sakondu du LHK-k. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan sinatu diren aldi baterako kontratuen erdiek hilabete baino gutxiago irauten dute. Errotazio tasak ere krisiaren aurretik zegoena gainditzen du. Langile bakoitzeko hiru kontratu baino gehiago sinatzen dira urtean.

Lanaldi partzialen erabilerari buruz ere oharra egin du LHK-k. Gehienak gogoz kontra sinatzen dira, baina gaur egun hamar kontratutik lauk ez dute lanaldi osorik. Emakumeei bereziki eragiten die arazo horrek. Lanaldi partziala duten lanpostuetatik bi heren baino gehiago betetzen dituzte emakumeek.

Soldatei dagokienez, zertzelada batzuk jasotzen ditu txostenak. Lan kostuak murriztu direla azpimarratu du. «Horrek islatzen du kontratu berrietako lan ordainak txikiagoak direla, aurretik lan merkatuan zeudenekin alderatuz», Arrietaren hitzetan.

Iaz %1.01 izan zen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan sinatu ziren lan itunetan ezarritako soldata igoera, batez beste. Inflazioa zeroren pare egon zen. Aurtengo lehen hilabeteetan egoera hori aldatu da. Handitu da ordainen batez besteko igoera (%1,34), baina batez besteko inflazioaren azpitik geratu da (%2,56), nabarmen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.