Tubos Reunidos taldeak Langraiz Okan (Araba) duen lantegian —TR Premium Threads— greba mugagabea hasi dute itun propioa eskatzeko. ELAren arabera, «oihartzun zabala» izan du gaurko mobilizazioak. Guztira 73 pertsonak lan egiten dute fabrika horretan.
2023an amaitu zen aurreko enpresa itunaren indarraldia, eta urte hasieran hasi ziren negoziatzen. Gaur egun enpresa itun bat daukate, eta, horren ordez, langile batzordeak —ELAko bi ordezkari, CCOOko bi eta UGTko bat— hitzarmena kolektibo propioa eskatu du, erosteko ahalmena bermatua izateko, lanaldia murrizteko eta hainbat plus eguneratzeko, besteak beste.
Sindikatuek diotenez, ikusita zuzendaritzak ezezkoa eman diela, greba mugagabera jo dute. Aurretik ere egin dituzte lanuzteak, uztailaren 15etik abuztuaren 2ra arte, eta iragarri zuten oporren ostean greba mugagabea hasiko zutela.
Langraiz Okako fabrika 2016an zabaldu zuten. Petrolioa eta gasa erauzteko soldadurarik gabeko altzairuzko hodien loturak eta mekanizazioak fabrikatzen dituzte.
Tubos Reunidosek beste bi lantegi ditu Euskal Herrian. Bata Araban, Amurrion —taldeak han du egoitza nagusia—, eta bestea Bizkaian, Trapagaranen. Uztailera arte, enplegua aldi baterako erregulatzeko espediente batekin aritu dira bi planta horietan. Urte hasiera konpainiak uste baino kaskarragoa izan zen.
✊ #TubosReunidos-eko (Langraiz) greba mugagabearen lehen egunean jarraipen zabala egon dahttps://t.co/7IEyjy49eJpic.twitter.com/I062qX0QPt
— ELA sindikatua #AktibatuLortuZaindu (@ELAsindikatua) August 26, 2024