Arabako ostalaritza sektoreko negoziazio mahaia hurrengo astean elkartuko da, eta langileek hitzarmena hobetu nahi dute. Eskakizunak aintzat hartzeko, indar erakustaldiak egin nahi dituzte gaur eta larunbatean, eta lanera ez joateko deia egin dute sindikatu nagusiek.
Urtebete baino gehiago da lan ituna berritzeko negoziazioak trabatuta daudela. Sindikatuek hainbat eskakizun zituzten, baina, SEA Arabako enpresaburuen patronalaren ustez, gehiegizkoak ziren. Hala, ELA, UGT eta CCOO sindikatuek beste proposamen bat aurkeztu zuten urrian, aurrekoak baino puntu gutxiago zituena. Esate baterako, 2024rako epealdia du azken proposamen honek, 2025ean negoziatzen jarraitzeko.
Hiru sindikatuek esan dute planteamendu berriaren ondoren lau bilera egin dituztela, baina SEAren egoskorkeriaren erruz ez dela aurrerapenik jazo. Horregatik, grebara jotzea erabaki dute, bileraren atariko gisa. Sindikatuek exijitzen dute erosteko ahalmena berreskuratzea soldatak KPIaren arabera igoz, lanaldiak «nabarmen» murriztea, eta banatzaileentzat eta pisuko zerbitzarientzat «neurri zehatzak» hartzea. Aldi baterako ezintasunak osatzeko hitzarmenean jasotako osagarria bermatzea ere «ezinbestekoa» da haientzat.
Gaur, 18:30ean, Txoko-Araban, protesta egingo dute. Txokolate beroa ere salduko dute, eta bildutako dirua sektoreko langileei laguntzeko izango da. Mobilizazio nagusia larunbatekoa izango da. Correoseko plazan elkartuko dira, 18:30ean, manifestazioan joateko.
8.000
Zenbat langile sektorean
ELA sindikatuak emandako datuen arabera, 8.000 lagunek egiten dute lan ostalaritza sektorean Araban.
LABentzat, «oso gai garrantzitsuak» bazterrean uzten ditu gainerako sindikatuen proposamenak, eta hasieran ez zuen bat egin greba deialdiarekin. Halere, iritziz aldatu eta greba egitera deitu du, nahiz eta euren kabuz mobilizatuko diren. Abenduaren 7an, manifestazioa egingo dute Andre Maria Zuriaren plazatik (13:00).
LABek dio gainerako puntuez gain gutxieneko lanaldiak zehaztu behar dituela hitzarmen berriak, etorkizuneko kolektibitateetarako akordio baten aplikazioa aurreikusi behar dela, eta kate handi eta markak hitzarmenaren eremu funtzionalean sartu behar direla.
Autodefentsa sarea
Langileen autodefentsa sarea ere mobilizatuko da. Manifestazioa egingo dute gaur, 20:00etan, Hala Bediko kantoitik. Arrazoiak «sobran» daudela diote, eta testuingurua ere «aproposa» dela. «Borrokarako prest eta antolatuta gaudela frogatzen badugu, hobekuntzak lortu ahal izango ditugu, eta gehiegikeriekin amaitu».
Salatu dute ostalariek biktima gisa aurkezten dutela euren burua, baina langileak daudela benetan gaizki: «Beren irabaziei eusteko, are gehiago sakondu nahi dute gure prekaritatean» diote. «Kontraturik gabeko lanaldiak, atsedenak ez errespetatzea, ordaindu gabeko plusak eta ordu estrak, gure kategoriarekin bat ez datozen funtzioak, ordutegiak... Horrez gain, osasunerako dugun eskubideari ere eraso nahi diote, eta gure soldatek ia bost urte daramatzate izoztuta».