Langile gehien dituen enpresa da administrazioa. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako beharginen %15 langile publikoak dira: 152.000 guztira. Denetariko lanpostuak daude: irakasleak, erizainak, gizarte langileak, garbitzaileak, bulegoetakoak... Bakoitzak bere eguneroko arazo eta lan aldarrikapenak ditu. Horiek guztiak aterki berean bildu eta kalera ateratzeko deia egin dute sindikatuek biharko eta abenduaren 19rako.
MARTA MACHO
Osakidetzako langilea
«Langileon beharra da gure egoera ikusaraztea»
Biharko grebara deitutako kolektiborik handiena osasungintzakoa da. Hiru langile publikotik bat ia. Horietako bat da Marta Macho. Zortzi urte daramatza Arrasateko ospitalean (Gipuzkoa), kirurgia zerbitzuan. Sektoreko arazo nagusietako bat behin-behinekotasuna dela dio. Hamar langiletik sei inguru daude behin-behinean; bere zerbitzuan, bat ez beste denak.
Lankideak, oro har, «erreta» daudela dio, eta horrek zerbitzuaren kalitateari eragiten diola. Azpimarratu du arretak «izugarri» egin duela okerrera: pazienteak gero eta beranduago artatzen dituztela eta patologiak zaildu egiten direla, «batzuetan bizitza arriskuan jartzeraino».
Machok urteak daramatza Osakidetzako egoera salatzen, izan oposizioetako azterketan izandako irregulartasunak, izan pribatizaziorako joera. Bigarrenari buruz, esan du kanpora ateratzen diren zerbitzuak direla «prekarizatuenak eta feminizatuenak». Hala nola garbiketa eta garraioa.
Baina badaude beste batzuk ere: hala egin dute erradiologiarekin ospitale batzuetan. Kudeaketa klinikoko unitateen funtzionamendua ere salatu du. Horiek «mikroenpresa baten modura» kudeatzen direla azaldu du; diru baliabide jakin batzuk ematen zaizkiela, eta aurrezki planak aplikatzen badituzte aurreztutako dirua gero unitateko buruen artean banatzen dela. Halaber, salatu du eskaintzen zaien prestakuntza gehiena farmazia konpainien esku dagoela.
Machok azpimarratu du osasungintzaren egoera ez dela bakarrik erakundeen eta agintari politikoen erantzukizuna, eta langileek ere zerikusi handia dutela horrekin. «Badirudi inoiz ez dela mobilizatzeko garai egokia, baina arrazoi asko daude. Hau guztia ikusarazteko beharra daukagu».
Ikusi gehiago:Urkullu: «Langile guztiak ezin dira funtzionario izan»
AINARA JIMENEZ
Irakaslea
«Hezkuntza publikoa hiltzen utzi nahi dute»
Hezkuntza publikoan gaur eta bihar mobilizatuko dira. Iazko udazkenean era birritan egin zituzten lanuzteak, hezkuntza lege berriaren egitasmoaren harira. Orain, lan baldintzengatik.
Ainara Jimenezek lehen hezkuntzako Tiboli eskolan egiten du lan, Bilbon. 2006an hasi zen irakaskuntzan, eta 2018tik lanpostu finkoa du. Bere egoera ezohikoa dela dio, sektorean bitik bat behin-behinekoa edo ordezkoa baita. Nabarmendu du egunerokoan hainbat arazo eragiten dituela horrek. «Urtero lankide berriak izaten ditugu, eskolaz eskola ibiltzen baitira». Lan eskaintza publikoetan ateratzen den lanpostu kopurua «lotsagarritzat» dauka.
Jimenezen arabera, Hezkuntza Sailak «oso errespetu gutxirekin» tratatzen ditu irakasleak eta hezitzaileak. Kexarako motibo nagusietako bat lan karga dela dio. «Ikasleen ongizatea zaintzea ere bada gure ardura. Baina ikasleen behar guztiei erantzutea ez da erreza. Astean 30 minutu baino ez ditugu horretarako». Aitortu du batzuetan «logikoa» dela familiak haserretzea. «Baina irakasleok eman behar dugu aurpegia, nahiz eta Hezkuntza Sailaren utzikeria dagoen atzean».
Haren ustez, baina, eskola publikoa pribatizatzeko prozesua da «larriena». Salatu du «eskolen arteko lehia» bultzatzen dela, eta zerbitzu batzuk pribatizatzeko joera asko zabaltzen ari dela. Langileen artean normalizatzen ari dela uste du, lan kargak-eta kentzeko ontzat jotzen dutelako.
Soldatarekin konforme dago, «duina» dela uste du, baina argi du azken urteetako igoerak ez direla aski. Euskararen egoerak ere kezkatzen du. «Ezin da beste edozein hizkuntza bezala hartu, bereziki zona erdaldunetan». Haren iritzian, Hezkuntza Lege berriak «ereduak betikotuko» ditu, eta hori «porrot izugarria» da.
ESTHER LOPEZ
Egoitzetako langilea
«Zaintza sektorean utzikeria handia dago»
Esther Lopez Bizkaiko Aldundiko egoitza soziosanitarioetako (GUFE) langilea da. Elorrioko egoitzan egiten du lan, zerbitzari-garbitzaile. Zahar etxe bat zen lehen, baina orain Bizkaian ez denez halako zentro publikorik geratzen, hirugarren graduko mendekotasuna dutenak zaintzen dituzte.
Lopezek azaldu duenez, langileek susmoa dute GUFEren egoitzak ere luze gabe pribatizatuko dituztela. Hitzarmena berritzeko negoziazioetan nabari dute hori. «Ez daukate inolako borondaterik gurekin ezer adosteko».
Horrekin batera, salatu du gero eta baliabide gutxiago dituztela, adibidez gaixotasun mentalak dituzten erabiltzeak artatzeko. Osakidetzak epe luzeko egonaldietarako zerbitzua kendu zuenetik, GUFEren zentroetan egoten dira, eta ez dute haientzako profesional espezializatu nahikorik, eta lantaldea ere ez dute handitu.
Dena den, antolaketan nabari dituzte gabeziarik handienak, zuzendaritzetan. «Urte batzuetatik hona desastre hutsa izan da: lanak antolatzeko sekulako arazoak ditugu. Hori pribatizaziorako lehen urrats gisa uler daiteke». Haren ustez, egoera hori oso zabalduta dago zaintzaren sektorean: errehabilitazio zentroetan, gazteen egoitzetan, buru osasunekoetan... «Utzikeria handia dago».
FELIX IRIZAR
Udal langilea
«Negoziatzeko ahalmena lapurtu digute»
Bakoitzak bere errealitatea izan arren, zenbait arazo langile publiko guztiek pairatzen dituzte. Nagusia: erosteko ahalmenaren galera: sindikatuen arabera, oro har %20koa izan da azken hamarkadan. Horren oinarrian, baina, zerbait «larriagoa» dago: «Langileoi negoziatzeko ahalmena lapurtu digute». Hala dio Felix Irizarrek. Duela 25 bat urte hasi zen Bergarako Udalean (Gipuzkoa), obretako brigadetan.
2010ean Eudelen Udalhitz hitzarmena aplikatu zieten, baina Madrilek bertan behera utzi zituen hor jasotako soldata igoerak, eta duela bizpahiru urtera arte izoztuta izan dituzte. Irizarrek gogorarazi duenez, 2009ko krisiaren garaian egindako araudia dela-eta Espainiako Gobernuak ezartzen ditu administrazio guztietako igoerak.
Irizarren iritzian, «egoera frustragarria» da langileentzat, baita udal askorentzat ere. «Autonomia galera izugarria da». Haren ustez, «kalera irteteko garaia» da. «Espainian inbestidura negoziatzen ari dira, eta aurrekontuak laster. Alderdiei esan behar diegu aukera ezin hobea dutela lan harremanen euskal esparrua eta gure zerbitzu publikoak defendatzeko. Ezin da inbestidura bat babestu trukean ezer eskatu gabe».
Horrez gain, uste du grebako eskaerei euskal erakundeek erantzun diezaieketela, «dirua egon badagoelako». «Diputazioak inoizko gehien biltzen ari dira. Bada garaia osasun eta hezkuntza publikoa bultzatzeko, udalak indartzeko...».
Zerbitzu publikoen «pribatizazioa» amaitu beharra dagoela azpimarratu du. «Bergaran, duela gutxira arte, urak eta kale garbiketa hala zeuden, eta argi geratu da udalak bere gain hartzea askoz ere merkagoa dela eta zerbitzua hobea dela».
BELEN BERNARAS
Correoseko langilea
«Bidegurutze batean gaude»
Belen Bernarasek duela hogei urte lortu zuen finkoa izatea Correosen, Tolosan (Gipuzkoa). Biharko grebara begira, posta zerbitzuko langileek «motibo asko» dituztela dio, baina bat bereziki: «prekaritatea»: «Erosahalmenean galera handia izan dugu, gero eta langile gutxiago gara...». Azaldu duenez, duela urte batzuetatik hona ordezkapenak ez dira betetzen, erretiroa hartzen dutenen lanpostuak —«asko azken urteetan»— ez dira ordezkatzen, eta lanaldi txikiagoko kontratuak kendu dituzte, besteak beste. Horrek ondorio bat du: zerbitzuak okerrera egin du.
Langileak oso kezkatuta daude enpresaren geroarekin. 2001ean, zerbitzu publiko zena estatua jabe duen elkarte anonimo bilakatu zen, PPko presidente Alberto Nuñez Feijoo Correoseko arduradun nagusia zela. Ordutik, pribatizaziorako joera etengabea izan dela dio Bernarasek.
Dena den, oraindik zerbitzu publiko unibertsala da Correos, eskutitzengatik, eta haren aurrekontuaren zati bat gobernuak jartzen du. Datorren urtean estatus hori berritzeko negoziazioak hasiko dituzte, eta langileak beldur dira monopolio hori galduko ote duen. «Bidegurutze batean gaude. Geroz eta eskutitz gutxiago dago. Paketeak banatzen aritzeko ez dugu baliabide nahikorik, baina hori lehenesten ari dira, eta posta zerbitzuaren kalitateak okerrera egin du». Langileek uste dute pribatizazioa justifikatzeko argudio bat izan daitekeela hori.
Bernarasek «azkenengo detaile bat» nabarmendu du. Azken lan eskaintza publikoan ingelesez jakiteari puntu gehiago eman dizkiote euskaraz jakiteari baino. «Enpresa Espainiakoa dela argudiatuta».
LUDI RUEDA
Arrantza ikuskaria
«Administrazioak ez ditu betetzen osasun arauak»
Arrantzako ikuskarien artean ez dago behin-behineko langilerik; salbuespena dira horretan. Baina protestarako arrazoi ugari dituztela dio Ludi Ruedak. Badute aspaldiko eskaera bat: laneko osasuna. Ez dute ordutegi finkorik. Egun batzuetan gauez aritzen dira, beste batzuetan goizez, portuetan, itsasoan edo helikopteroetan, eta lan istripuak izateko arrisku handienetakoa haiek dute. «Estatistikek diotenez, istripua izateko probabilitatea 1,2 aldiz handiagoa da eraikuntzan baino, 2,5 aldiz handiagoa industrian baino, eta sei aldiz handiagoa zerbitzuen sektorean baino».
Ruedaren arabera, prebentzioa ezinbestekoa da. «Urteak daramatzagu borrokan, itsasoko beste langileekin batera, baina ez digute kasurik egiten». Administrazioa egin du erantzule. «Ez ditu osasun araudiak betetzen. Berak jartzen ditu eta bera da betetzen ez dituen lehena».
Gogoratu du bere lantaldean istripu larriak gertatu direla, tartean berea. «Orain dela gutxi lau metrotik erori nintzen, eta hurbileneko portua handik hiru ordura zegoen. Hirutan egin behar izan didate ebakuntza».
Ruedak badu kexarako beste motibo bat: gogoratu du arrantza ikuskari guztien soldata bera dela Bizkaian eta Gipuzkoan lan egin ala Espainian, eta EAEko administrazioko beste langileek jasotzen dutena baino «askoz apalagoa» dela. «Gure soldata ez dago hemengo bizi mailara egokituta. Horren ondorioz, jende gutxik lan egin nahi du arlo honetan».
Greba egiteko hamaika arrazoi
Sektore publiko guztia grebara deituta dago biharko, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan: 150.00 langile. Haien lan baldintzek eta ematen dituzten zerbitzuek okerrera egin dutela salatuko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu