UGTk eta CCOOk grebara deitu dituzte garraio enpresetako langileak, sektorean aritzen diren gidarien «egoera prekarioa» salatu eta hobekuntzak eskatzeko. Espainiaren administraziopeko herrialde guztietan egingo dute greba: Hego Euskal Herrian, 50.000 langile inguru dira.
Sei greba egunetara deitu dituzte garraiolariak: urriaren 28an, azaroaren 11n, 18an eta 29an, eta abenduaren 5ean eta 9an. Egoera konpondu ezean, abenduaren 23tik aurrera greba mugagabea egingo dute.
Garraiolarien erretiro adina da gatazkaren iturburua. Sindikatuek hilabeteak daramatzate auzi honen inguruan patronalarekin negoziatzen, eta haien eskakizun nagusia da garraiolarien jarduera «lanbide neketsu eta arriskutsu» gisa aitortzea, eta, ondorioz, koefiziente murriztaile batzuk aplikatzea, garraiolariek erretiro aurreratua hartzeko bidea izan dezaten. «Ez da zentzuzkoa 67 urte baino gehiagoko gidariek umeak eta adinekoak eraman behar izatea», azaldu dute.
Deialdiak soldatapeko langileei dagokie, baina Hego Euskal Herrian garraiolarietako asko autonomoak dira. Haien ordezkarietako batek, Hiru sindikatuak, azaldu du UGTren eta CCOOren planteamendua «oso motz» gelditzen dela. Hiruk ez du argi ikusten koefiziente murriztaileen sistema hori: «Koefiziente batzuk aplikatzea proposatzen dute, baina ez dute azaldu koefiziente horiek nolakoak izango diren, ezta pentsioak nola geratuko diren ere, bide horretatik jotzea erabakiz gero», esan du Alberto Nuñez Corral Hiruko teknikariak.
«Ez da zentzuzkoa 67 urte baino gehiagoko gidariek umeak eta adinekoak eraman behar izatea»
CCOO-UGT
Beste neurri bat ere proposatu dute UGTk eta CCOOk: lan hitzarmenetan erretiro partzialaren aukera sartzea, errelebo kontratuarekin, hau da, erretiro hori hartzen duen garraiolaria ordezkatuz gidari gazte batekin. Garraiolari autonomoen kasuan errelebo kontraturik ez dagoenez, neurriak ez luke haiengan eraginik izango, Nuñezek dioenez.
Hiru sindikatuarentzat, erretiroarena «aldarrikapen historikoa» izan da: «Beti eskatu dugu garraiolarientzako erretiro adin espezifiko bat, beste lanbide batzuetan dagoen moduan». Deialdi honetan ere, eskaera horri eusten diote, eta uste dute «zentzuzkoena» litzatekeela 60 urteak erretiroa hartzeko adin gisa ezartzea, koefizienteen sistema erabili gabe: «Garraiolari askok gutxienekoa kotizatzen dute, eta 50 urtetik aurrera hasten dira gehiago kotizatzen, pentsio duin bat lortzeko asmoz. Koefizienteen sistemak asko murriztu dezake pentsioaren zenbatekoa».
Gainera, koefiziente murriztaileen sistema lan arriskutsuen multzoan sartuta dauden lanbide guztientzat dago pentsatuta: «Aldiz, poliziek, suhiltzaileek eta beste lanbide batzuek badute erretirorako adin espezifiko bat. Guk horixe eskatzen dugu garraiolarientzat».
Adina eta arriskua
Garraiolarien erretiro adina aurreratzea ez da soilik justizia kontua, sindikatuek diotenez: segurtasuna ere badago tartean. OIT Lanaren Nazioarteko Erakundearen datuen arabera, garraioaren sektorean, 55 urte betez gero hirukoiztu egiten da lan istripu larri bat izateko arriskua, gainerako lanbideen aldean.
«Poliziek, suhiltzaileek eta beste lanbide batzuek badute erretirorako adin espezifiko bat. Guk horixe eskatzen dugu garraiolarientzat»
ALBERTO NUÑEZ CORRALHiru sindikatuko teknikaria
2024an, Euskal Herriko hamar garraiolari hil dira lan istripuan; horietatik hiru, Euskal Herritik kanpo. Kasu guztietan ez dago hildakoaren adinaren inguruko informaziorik, baina, halakorik agertzen den guztietan, istripua izandako langileak 54 eta 59 urte bitarte zituen. «Adinaren eta lan istripuen artean erlazio zuzena dago garraioaren sektorean», azaldu du Nuñezek.