Greba amaitu dute Onkologikoko garbitzaileek, %24ko soldata igoera lortuta

32 egun eman dituzte greba mugagabean. Gipuzkoako kale garbitzaileen soldata bera lortu dute akordioarekin.

inaut matauko rada
2023ko martxoaren 2a
13:14
Entzun

ELA sindikatua eta azpikontratatutako Ilunion enpresa akordio batera iritsi dira Gipuzkoako Onkologikoko garbitzaileen hitzarmena berritzeko. Urtarrilaren 30etik greban egon dira zentroko hemezortzi garbitzaileak, baina lortu dute hasieratik eskatzen zutena: haien soldata Gipuzkoako kale garbitzaileenarekin parekatzea. 2025erako %24 handituko diete soldata.

2023 eta 2025 artean igoko diete soldata; lehen urtean %10eko igoera izango dute, eta datozen bietan KPIaren adina igoko diete soldata, beti ere gutxieneko %7ko lurzoruarekin. Beraz, 2025erako gutxienez %24 handituko diete soldata. Bestalde, ordaindutako sei eguneko lizentzia ere lortu dute bertako langileek; ELAk adierazi du lan baldintzak hobetzen lagunduko duela akordioak, bai soldata igoeragatik, baita lizentziagatik ere.

ELAk eta grebalariek hasieratik salatu dute Onkologikoko garbitzaileen lana debaluatua zegoela; sektore feminizatua izanda, lanaren banaketa sexualari eta emakumeen lanari ematen zaion balio txikiagoa jo zituzten egoeraren erantzule, eta Gipuzkoako kale garbitzaileen hitzarmenarekin alderatu zuten. Izan ere, kale garbitzaileek —sektore maskulinizatua— %25 gehiago irabazten zutela adierazi zuten, urtean 5.000 euro inguruko aldea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.