Lasaitua hartuko zuen Kutxabankek, eta baita beste hainbat bankuk ere. Espainiako Auzitegi Gorenak lehen aldiz erabaki behar zuen IRPH indizearen inguruko auziei buruz, eta, oraingo aldian behintzat, bankuen alde egin du. Gorenaren arabera, interes klausula batek ez du zertan abusuzkoa izan, ezta gardentasun gabekoa ere, IRPH indizea izateagatik erreferentzia gisa.
Euskal aurrezki kutxek maiz erabili izan zuten euren IRPH indizea hipoteka maileguen interesak finkatzerakoan. Baina Gasteizko merkataritza epaitegi batek aurrena, eta Arabako Probintzia Auzitegiak gero, arrazoia eman zion Kutxabankeko bezero bati. Vital Kutxarekin 2006. urtean sinatutako hipoteka mailegu hartan interes klausula abusuzkoak zirela uste zuen bezeroak, "gardentasun faltagatik". Bi epaitegi alde izan zituen bezeroak, eta kobratutako interes guztiak itzultzera behartu zuen Kutxabank.
Baina Kutxabankek Gorenera jo zuen joan den apirilean. Eta Espainiako Auzitegi Gorenak bankuari eman dio arrazoia. Ukatu egin du gardentasun falta eta abusuzko jokaerarik dakarrela hipoteka mailegu bat IRPH indizeari erreferentziatua egoteak. Eta ondorioz, hori soilik ez da nahikoa arrazoi hipoteka mailegu baten interesak baliogabetzeko.
Espainiako Auzitegi Gorenak IRPHari buruz erabakitzen duen lehen aldia da gaurkoa, eta pisu handia du ebazpenak. Izan ere, IRPH indizeak oso erabiliak izan ziren etxebizitzen burbuilaren garaian. Euskal Herrian aurrezki kutxek erabili zuten asko, haren egonkortasuna goraipatuz, baina mailegu horiek emandako moduei buruzko zalantzak areagotzen joan ziren burbuilak hainbat egitate agerian uztean. Adibidez, IRPH erreferentziatzat erabiltzen zuten maileguen interes tasak ez zirela murrizten, inondik ere, euriborrak behera egiten zuen adina.
Kutxa mailegu emaile guztiek izenpetutako hipoteka maileguen batez besteko interes tasetatik kalkultzatzen zen Kutxen IRPH indizea. Gipuzkoako IRPH Stop taldeak salatu izan duenez, maileguak eskaintzerakoan kutxek ez zieten azaldu bezeroei entitateak berak eragiten zuela haren zenbatekoa ezartzean. IRPH Stop taldearen kalkuluen arabera, Gorenak ez balio Kutxabanki arrazoi eman, entitateak 100 milioi euro itzuli beharko zituen "bidegabeko interesengatik".
Europako aginduei jarraituz, Espainiako Gobernuak kutxen IRPHa eta bankuen IRPHa indargabetu zituen, eta 2013. urtean desagertu ziren, indize berria indarrean jartzean. Soilik erakundeen IRPHa mantendu zen.
Borrokan jarraituko dute
IRPH Stop Gipuzkoa plataformaren iritziz, "oso albiste txarra" da Gorenaren erabakia. Plataformak ez du auzitegiaren erabakiari buruzko balorazioan sakondu nahi izan idatzia hobe aztertu arte, baina babesa agertu die IRPH indizeak kaltetutakoei. Erabakia "kolpe garrantzitsua" izan arren, plataformak nabarmendu du "borrokan" jarraituko duela, "indize kriminal honen ondorioz kobraturiko diru guztiak eta desjabeturiko etxebizitzak itzuli arte".