Gonzalezek berretsi du txosnek Ticket Bai sistema ezarri beharko dutela

Hitz egiteko prest dagoela adierazi du ahaldun nagusiak. Bizkaiko Aldundiak azpimarratu du hornitzaile sarean egon daitekeen iruzurra azaleratzea duela helburu.

Gasteizko txosnak Andre Maria Zuriaren jaietan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Gasteizko txosnak Andre Maria Zuriaren jaietan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
aitor biain
2024ko uztailaren 18a
17:15
Entzun

Gasteizko Txosna Batzordearen hordagoak ez dio jarrera aldarazi Arabako Foru Aldundiari: «Legea betetzea ez da borondate kontua». Hala erantzun dio Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiak Ticket Bai sistematik salbuesteko jai herrikoien aldekoek egindako eskariari. Eta berretsi du txosnek ere sistema jarri beharko dutela iruzurrari aurre egiteko, bi aste barru hastekoak diren Andre Maria Zuriaren jaietan: «Ticket Bai guztiz bateragarria da txosnekin».

Gonzalezek adierazi du Arabako Aldundiak indarrean dagoen araudia bete beharra duela, eta, ondorioz, betearazi egin behar duela iruzurrari aurre egiteko eta jardun ekonomikoa kontrolatzeko sistemaren aplikazioa ere. Izan ere, Ticket Bai sistema arautzen duen legea 2021ean onartu zuten Arabako Batzar Nagusiek, gehiengo osoz, eta nahitaez bete beharrekoa da 2022ko urriaz geroztik.

Ahaldun nagusiak gogorarazi du, halere, legeak salbuespenak jasotzen dituela, baina zergadunari dagokiola baldintzak betetzen ote dituen egiaztatzea. «Baliteke txosnetako batzuk sistema ezartzera behartuta ez egotea. Hala bada, ogasunarekin egiaztatu behar dute». Izan ere, Gonzalezek berretsi du salbuespena zergadunari dagokiola, eta ez jarduerari.

Edozein moduz, Gonzalezek adierazi du hitz egiteko «prestasun osoa» duela: «Aldundia prest dago sistema ezartzeko modurik egokiena zein den bilatzen laguntzeko, baita betebehar horretatik salbuetsita dauden kasuak aztertzeko ere». Izan ere, Ticket Baik aplikazio erraza du haren hitzetan, eta ez da oztopo txosnentzat. Gaur egun jada erabiltzen baita «herrietako azoka ibiltarietan», eta baita jaietan ostatuetan ere, jende asko pilatu arren.

Gasteizko Txosna Batzordearen iritziz, ordea, Ticket Bai «traba» da jai herrikoientzat. Eta ohartarazi dute sistema erabiltzearen derrigortasunak «kolokan» jar dezakeela urte luzez iraun duen eta «erreferente» den eredua. Bada, negoziatzeko eta ados jartzeko eskatu die Maider Etxebarria Gasteizko alkateak bi aldeei.

Hornitzaile sarea helburu

Araban ez ezik, Bizkaian eta Gipuzkoan ere zabalik dago txosnetan Ticket Bai erabiltzeak izan dezakeen eraginaren inguruko eztabaida, nahiz eta bi lurralde horietan ika-mika nabarmen apalagoa den. Izan ere, Bizkaian, oraingoz, ez dute jarri beharko iruzurrari aurre egiteko sistemarik. Derrigortasuna bi urtez atzeratzea erabaki zuen aldundiak, egokitzeko tarte gehiago izan dezaten. 2026tik aurrera erabili beharko dute horrenbestez.

Itsaso Berrojalbiz Bizkaiko Aldundiko Ogasun diputatuak azaldu du, hain zuzen ere, helburua ez dela txosnei presio fiskal handiagoa jartzea, baizik eta txosnen hornitzaileen sarean egon litekeen iruzurra azaleratzea. Iruzur fiskalaren aurkako borroka horretan «elkarlana» eskatu die Berrojalbizek txosnei.

Gipuzkoan ere iaz jarri zen Ticket Bai sistema martxan, eta, Araban bezala, araua betetzetik salbuetsita daude irabazi asmorik gabeko elkarteak. Hala ere, Gipuzkoako Ostalarien Elkarteak eskatu du txosnen jarduera ere jarduera ekonomiko gisa hartzeko, aitorpena egin eta dagokion zerga ordain dezaten. «Biltzen ez den BEZ horrek guztiak guztiontzako onura izateko balio beharko luke; beraz, legea guztiontzat da, eta bete egin behar da», adierazi du Mikel Ubarretxena presidenteak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.