Bakarrizketa

Goizetan, kafearen ordez gin-tonica

kafea
Kafe aleak. GORKA RUBIO / FOKU
jokin sagarzazu
2024ko martxoaren 31
05:00
Entzun
Duela aste batzuk kakaoaren prezioa inoizko garestien zegoela kontatu zenuten, eta, orain kafearekin gauza bera gerta daitekeela. Goizetan gin-tonica edaten hastea, hori besterik ez zaigu falta.

Ez harritu baten batek hori egiten badu, kafea zenbat garestituko den ikusita, robusta barietatea bereziki. Hori kontsumitzen da gehien, eta Afrika erdialdetik eta Asia hegoaldetik ekartzen da, Vietnamdik nagusiki. %50 igo da haren prezioa aurten. Ostiralean, Londresko etorkizuneko merkatuan 3.600 liberatan zegoen robusta tona.

Baina ez da barietate bakarra.

Ez, baina bai gehien erabilitakoa, merkeagoa delako. Lehen gehiago kontsumitzen zen arabika. Gozoagoa da, eta batez ere Amerikatik ekartzen da. Kontua da, prezioak ikusita, robusta erabiltzen zuten kafe enpresa asko arabikara itzuli direla orain...

...eta horrek haren prezioa ere garestitu duela.

Hori da. %15 aurten, eta %60 iazko urritik. Mota horren munduko ekoizlerik handiena Brasilgo Cooxupe kooperatiba da, eta aurreikusten du ekoizpena %7,7 handitzea, baina hori ez da aski izango prezioei eusteko.

Eta robustaren produkzioa ezin da handitu?

Azken urteetako uztak oso txarrak izan dira, eta aurtengoa are okerragoa. Laugarren urtez jarraian defizita egon da; alegia, eskaera handiagoa izan da eskaintza baino.

Eta hori zergatik gertatzen ari da?

Eguraldiagatik, eta, zehazki, El Niño fenomeno meteorologikoak eragindako lehorteengatik. Vietnamgo eta Indonesiako kafe landaketei, eta oro har robusta ekoizten duten herrialde askori, kalte handia eragiten die. Kakaoarekin gauza bera gertatzen ari zaie. Horri Itsaso Gorriko gatazka gehitu behar zaio, handik igarotzen baita robusta kafe gehiena. Gainera, egoera ikusita, ekoizleak laborez aldatzen hasi dira: kafearen ordez, kautxua, durioa, ahuakatea edo marakuia landatzen ari dira, eta, ondorioz, kafe produkzioa murrizten.

Baina hainbeste kafe inportatzen al da Vietnamdik?

Bai. Munduko ekoizleetan bigarrena da, Brasilen atzetik eta Kolonbiaren aurretik. Produkzio guztiaren %17. Hango kafea merkeagoa zen, eta kafe espresetan eta edarietan erabiltzen da.

Gutxiago ekoitzi, garestiago saldu. Kontsumoak behera egingo du orduan.

Ez du itxurarik, kafeina egarria aseezina baita. ICO Kafearen Nazioarteko Erakundearen arabera, kontsumitzaileen kopurua egungoa halako bi izango da 2050ean. Europan igotzen ari da gehien, baina begi guztiak Txinan daude jarrita.

Tearen herrialdean kafea errege?

Hala da, bai. Kafearen kontsumoak %130 egin du gora azken hamar urteetan. Luxuzko produktua zen, baina hori aldatu da. Abendutik, Txinak kafetegi gehiago ditu AEBek baino, eta hango kateak oso azkar zabaltzen ari dira mundu osoan. 

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.