Goikoetxeak ziurtatu du erabaki ahalmena izango duela Gizarte Kontseiluak

Nafarroako Ekonomia kontseilariak esan du lanbide heziketarako laguntzen gaineko kontrola egiten duela Enplegu Zerbitzuak

Goikoetxea, parlamentuko batzordean, artxiboko irudi batean. VILLAR LOPEZ / EFE.
joxerra senar
Iruñea
2014ko azaroaren 20a
00:00
Entzun
Azalpenak eskatu dizkiote, baina azalpen gutxi eman ditu Lourdes Goikoetxea Ekonomia kontseilariak parlamentuan. Nafarroako Gobernuak, CEN enpresaburuen elkarteak eta CCOO eta UGT sindikatuek plan bat hitzartu zuten urriaren 3an. Egitasmoak 41 neurri jasotzen ditu; 2015etik 2017ra 545 milioi euroko aurrekontua izango du, eta Gizarte Elkarrizketaren Kontseilua sortzea proposatzen da. Handik hilabetera, bide azkarretik, kontseilu hori sortzeko foru legea onartu zuten UPNk eta PSNk. Hain azkar egin zuten, atzean CCOO, UGT eta CENi dirua emateko asmoa ikusi dute askok. Legeak hitzaurrean dio, gainera, botere betearazlea izango duela kontseiluak, eta, horri buruz galdetuta, Goikoetxeak baieztatu zuen erabakiak hartzeko ahalmena izango duela.

Planari buruzko agerraldia egin zuen atzo parlamentuko ekonomia batzordean, baina zalantza gutxi argitu zituen. Izan ere, Geroa Baiko Manu Aierdik galdetu zion Goikoetxeari urriaren 3an ezagutarazitako akordio horretatik kanpo gobernuak sinatu al duen beste agiririk CEN, CCOO eta UGTrekin. Aierdiri deigarria egiten zaio akordioan ez dela agertzen zifratan ez helbururik ez adierazle ekonomikorik. ELAk bere garaian salatu zuen CCOOk akordioan aipatzen ez zuen informazioa aurreratu zuela barne aldizkari batean. Alta, Goikoetxeak ez zuen horri buruz ezer esan, eta plan «dinamikoa» izango dela nabarmendu zuen.

2000. urteaz geroztik, sinatzaile berberek guztira 1.600 milioi euroko lau enplegu plan izenpetu dituzte. Nafarroako Kontuen Ganberak plan horietako bateko 2008tik 2010erako lanbide heziketako laguntzak aztertu zituen, eta ondorioztatu zuen CENek, CCOOk eta UGTk 61 milioi euro jaso zituztela. Gobernuari kontrol handiagoa ezartzeko aholkua eman zion, eta esan zuen hiru erakundeok ezin zutela Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren kontseiluan egon eta laguntzen onuradun izan.

Gomendio horiek aintzat hartu al diren galdetu zioten Goikoetxeari, eta esan zuen kontrol gehigarriak barneratu dituztela, baina besterik zehaztu gabe. Azaldu zuen, ordea, Nafarroako Enplegu Zerbitzuak zer kontrol neurri ezartzen dituen hala berdintasuneko zerbitzuen laguntzetan nola prestakuntzako laguntzetan. Prestakuntza ikastaroen kasuan, lanbide ziurtagiria behar duten ikastaro guztien ikuskaritza egiten da, eta gainerakoen kasuan, herenena gutxi gorabehera. Aurten, adibidez, egindako 1.050 ikastaroetatik 380 ikuskatu dira. Laguntzen onuradunek betebeharrak betetzen ez badituzte edo behar bezala arrazoitzen ez badute, espedienteak irekitzen dira: Iaz 346 espediente ireki ziren; aurten, berriz, 219 espediente ireki dira, eta 3,4 milioi euro itzuli.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.