Goienerrek jakinarazi du likidezia arazoak dituela

jokin sagarzazu
2021eko urriaren 15a
00:00
Entzun
Goiener kontsumo kooperatibak gutuna bidali die bazkideei kapital zabalkuntza bat egiteko premia duela jakinarazteko, likidezia arazoengatik. Borondatezko ekarpenak eskatu dizkie, gutxienez 50 eurokoak, eta gehieneko mugarik gabe. Haren helburua da urriaren 31rako 300.000 euro lortzea eta urte bukaera bitarte milioi batera heltzea. «Azkar eta arin ibili behar dugu, eta epe horiek horren isla dira».

Goiener 2012an sortu zen, eta Euskal Herriko energia kontsumo kooperatiba handiena da: guztira 15.000 bazkide inguru ditu, eta 20.000 kontratu kudeatzen ditu. Energia merkaturatzaile bat da: ez du energia ekoizten; merkatuan erosten du argindarra, baina iturri berriztagarrietatik sortutakoa soilik, gero bazkideei saltzeko.

Horrek, halere, ez du babesten argindarraren handizkako merkatuko gorabeheretatik eta, orain bezala, prezioen igoera neurrigabeetatik. Goienerrek hiru hilean behin berrikusten ditu bere bezeroen prezioak, baina, merkaturatzaile guztiek bezala, energien merkatuak hurrengo egunerako ezarritako prezioan erosi behar du argindarra, eta horrek, egungo egoeran, desorekak eta galerak eragin ditzake.

Kooperatibak likidezia arazoak argudiatzeko eman duen arrazoietako bat da hori, baina, bereziki, beste bi azpimarratu ditu. Gogoratu du merkatu elektrikoan berme mekanismo bat dagoela ziurtatzeko merkaturatzaileek erabiliko duten energia guztia ordainduko dutela. Egungo egoera dela-eta berme hori izugarri handitu dietela azpimarratu du. Maiatzean 400.000 eurokoa zen eskudirutan jarri beharrekoa, eta egun 1,1 milioi eurokoa da, Goienerren arabera.

Ogasunarekin du beste arazoa. Ekainaz geroztik bazkide gehienen fakturetan %10eko BEZa aplikatzen ari dela dio, Espainiako Gobernuak hala ezarrita, baina energia %21eko BEZarekin erosten duela oraindik. Ogasunei BEZ hori itzultzeko eskatu dietela azpimarratu du, baina horretarako sei hilabete itxaron beharko duela.

«Gertakari hauek guztiek aparteko desorekak sortu dituzte epe laburreko diruzaintzan», azaldu du Goienerrek. Dena den, lasaitasun mezua helarazi nahi die bazkideei, eta urteko emaitzak aurreikuspenen araberakoak direla adierazi die. Azpimarratu du likidezia arazoa «koiunturala» dela, araudi aldaketagatik eta merkatuaren egoeragatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.