Gogo gutxiko bidaidea

Letonia euroguneko hemezortzigarren kidea bilakatu da urte berriarekin; herritarrak prezio igoeraren beldur diraGobernuak nabarmendu du Errusia auzo liskartsutik babesteko modu bat izango dela

Gogo gutxiko bidaidea.
Iker Aranburu.
2014ko urtarrilaren 2a
00:00
Entzun
2013. urtearen lezioetako bat izan da eurogunea ez dela hautsiko batzuek espero zuten bezain erraz. Euroaren taldea jada ez dago duela urtebete bezain ahul, eta lehen lerrotik desagertu da haren hausturari buruzko kezka. Baina Grezia, Zipre, Portugal eta besteen egoera ikusita, gaur-gaurkoz ez da oso proiektu erakargarria barruan daudenentzat, ezta sartzera behartuta daudenentzat ere. Azken horien artean dago Letonia, atzodanik euroaren eremuko hemezortzigarren bidaidea. Herritarrek, oro har, mesfidantzaz ikusten dute euroa; agintariek, berriz, Europan gehiago txertatzeko eta Errusia auzo liskartsutik urruntzeko tresna gisa saldu dute.

Bide laburra izan du Letoniaren diruak, lat izenekoak. Bi epetan izan da indarrean: 1922tik 1940ra, errusiarren inperio zaharretik askatu eta errusiarren inperio sobietar berrian indarrez sartu zituzten bitartean; eta Sobietar Batasunetik behin betiko askatuta, Letoniak independentzia berreskuratu zuenetik astearte honetaraino (1992-2013). Hurrengo bi asteotan ere indarrean izango da, euroarekin batera, baina dendariek euro txanpon eta billeteak soilik itzuliko dituzte. Herritarrek sei hilabete izango dituzte beren dirua edozein bankutan trukatzeko.

Duela hiru urte Estonian ez bezala, Letonian ez diote ongietorri handirik egin diru bakarrari. Herritarrak beldur dira prezioak asko garestituko ote diren, buruan baitute euroa diru gisa onartu duten beste herrialde askotan gertatu dena. Duela urtebete, letoniarren %13k baizik ez zuten euroa diru gisa onartu nahi. Azken hilabeteotan gora egin du diru bakarraren onarpenak —abenduan %53k ontzat jo zutela esan du Eurostaten inkesta batek—, gobernuak haren alde egindako kanpainari batu baitzaio egoera ekonomikoaren hobekuntza.

Edonola ere, gobernuak badaki euroarekiko atxikimendua oso ahula dela, eta, arriskurik nahi ez zuenez, baztertu egin du diru bakarraren gaia erreferendumera eramateko oposizioak egindako deia.

Proiektu interesgarria baino gehiago, beharra da euroa letoniar gehienentzat. «Ez genuen beste erremediorik. Eurora lotuta gaude», aitortu du Andris Berzins presidenteak. Hala da, 2004an EBn sartu zenean hitzeman baitzuen Rigako gobernuak diru bakarrean sartuko zela. Berez, EBko kide guztiak daude behartuta euroa onartzera; Erresuma Batua eta Danimarka dira salbuespena, hori negoziatu zutelako.

Atzeraldi bortitza 2009an

Berez, lat dirua euroari lotuta egon da 2005az geroztik. Horrek ondorio kaltegarriak izan zituen krisiaren hasieran, Rigako gobernuak ezin izan baitzion bere diruari balioa kendu lehiakortasuna irabazteko. Krisiak inon baino gogorrago jo zuen Letonian, higiezin sektorean puztutako burbuilaren leherketa eragin zuelako: 2009an, barne produktu gordinak %17,7 egin zuen behera, eta langabezia ia hirukoiztu zen: %6,1 zeuden lanik gabe 2007an, eta %19,6, berriz, 2010ean.

Orduz gero, egoerak hobera egin du, eta Letoniak du EBren barruan hazkunde tasarik handiena: %5etik gora hazi zen 2011n eta 2012n, eta aurten %4ren bueltan amaituko du urtea. Baina oraindik Letonia ez da krisiaren aurreko mailara heldu, eta herritarrek sakrifizio handiak egin behar izan dituzte. Erretiroaren adina 59 urtetik 62ra igo zuten, eta orain abian dago 65era atzeratzeko prozesua. Zergak asko igo dira, eta kontrako bidea hartu dute soldata publikoek —%40 txikitu dira— eta gizarte zerbitzuek. Letonia EBo herrialde pobreenetakoa da: batez besteko soldata 664 eurokoa da, pentsio gehienak 300 eurotik beherakoak dira, eta biztanleko BPGa ez da iristen Euskal Herrikoaren erdira.

Austeritate politika Nazioarteko Diru Funtsak eta Europako Banku Zentralak inposatu zuten,2009an herrialdea porrotetik salbatzeko eman zioten 7.500 milioi euroren maileguaren truke. Egoera makroekonomikoak hobera egin duenez, eta langabezia bera ere beheranzko bidean doanez—ia %20ra igo zen, baina %11,9an dago jada—, Letoniaren berregituraketa arrakasta gisa saltzeko baliatu dute EBko zein NDFko agintariek. «Letonia euroan sartzea lortu du bere agintarien eta herriaren ahalegin eskergari esker», txalotu zuen atzo Jose Manuel Durao Barroso Europako Batzordeko presidenteak.

Errusiarekiko lotura

Euroak ekar ditzakeen ondorioen artean dago Errusiarekiko lotura gutxitzea. Letonia da, Baltikoko hirukoaren barruan, Moskurekin harreman estuenak dituena, besteak beste gutxiengo errusiar oso handia duelako: etnikoki letoniarrak %62 dira, eta %30 osatzen dute errusiarrek eta bielorrusiarrek.

Lotura horrek erakarri ditu errusiarren kapital handiak Letoniara —haienak dira aktiboen %40—, eta hori kezka iturria da Europako Banku Zentralarentzat. FKTK finantza zerbitzuen arautzaileak, baina, garrantzia kendu nahi izan dio menpekotasun horri, eta nabarmendu du bankuek Ziprekoek baino aktibo arriskutsu gutxiago dituztela eta, batez ere, Mediterraneoko uhartean baino pisu gutxiago dutela bankuek Letonian.

Errusiarekiko mesfidantza handia dute Letoniako agintariek, eta, horregatik, kutsu politiko handia eman diote euroa diru gisa onartzeari. «Arazoak badaude, babestuago eta barneratuago egongo gara [euroarekin]. Ikusi zer ari den gertatzen Ukrainarekin. Errusia ez da aldatuko; ezagutzen dugu bizilaguna», adierazi du Andris Vilks Finantza ministroak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.